atzekoz aurrera

Mikel Erramuzpe: «Perkainen eta pilotaren bidez Aldude bailarako historia kontatzen dugu»

Aldudarrak elkarteko kideak lau dokumentaleko sorta bat ari dira osatzen Perkain pilotari famatuaren jardunari segika. Bihar bertan aurkeztuko dute bigarrena, Aldudeko Sanoki gelan: ‘Perkainen haritik’.

Mikel Erramuzpe, atzo arratsaldean, Baionan. NAHIA GARAT
Mikel Erramuzpe, atzo arratsaldean, Baionan. NAHIA GARAT
enekoitz telleria sarriegi
2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbat hari behar izaten den pilota bat egiteko, baina zenbat bide irekitzen diren hari horiek askatzean. Mikel Erramuzpe (Aldude, Nafarroa Beherea, 1956) eta Aldudarrak elkarteko kideak ari dira hari horiei tiraka eta segika. Noren atzetik? Juan Martin Inda Perkain ospetsuaren atzetik (Aurizperri, 1754-Aldude, 1834). Konta liteke herri baten historia pilotaren bidez (ere).

Non habila, Perkain? galdetzen duzue lehen dokumentalean. Non ibili zen, eta nor izan zen?

Alduden badugu Aldudarrak izeneko elkarte bat, eta gure egitekoa da, besteak beste, gure historiaren biltzea. Horretan hasi ginen lanean: pilotak historiaz kontatzen ziguna biltzen. Atera zen lehen gauza: Perkain hori nor ote zen. Frantziako Iraultzaren denborakoa da. Sekulako ipuinak eta legendak badira hedatuak hari buruz.

Txikia eta sendoa ei zen. Edo garaia eta meharra. Perkaini buruzko zer mito edo pasarte duzu gustuko?

Batzuk mitoak dira; besteak, egiaztatu ahal izan ditugun datuak. Eta datu horietako batek zera dio: ez zuela onartzen Frantziako Iraultza. Ez zituela onartzen iraultza haren legeak. Iraultza denboran, pilota partida baterako desafioa egin zioten Alduden. Jokatzen ari zela, soldaduak joan ziren haren arrastatzera. Ipuinak dio pilota bat hartu eta bota ziola soldadu bati, jo zuela, hil zuela, eta eskapu egin zuela. Gure lana izan da historiak benetan zer zioen ikertzea.

Eta zer zioen? 

Ipuinak dioen hori ez zuela ziurrenik partida horretan egin, baina beste datu bat berreskuratu dugu. Iraultzaren ikurra garai hartan bandera zen. Badakizu: liberté, égalité eta fraternité. Herri bakoitzean behar zen halako bat plantatu, zuhaitz batean. Iraultzaren ideiak eta izpiritua barneratzeko. Eta dokumentatu duguna da Perkainek zuhaitz horietako bat moztu egin zuela, eta eskapu egin zuela Baztan aldera, hamabi soldadu gibeletik zituela. Beraz, egia da bazela norbait gure pilotari hori. 

«Perkain eta haren familia garrantzitsuak izan ziren aldudarrak eta ingurukoak Frantziaren kontra jartzeko»

MIKEL ERRAMUZPEAldudarrak elkarteko kidea
Ez zela pilotari bat soilik.

Perkain eta haren familia garrantzitsuak izan ziren aldudarrak eta ingurukoak Frantziaren kontra jartzeko. Batailoi bat ere sortu zuten: Perkain konpainia. Aldiz, baigorriarrek alderantziz egin zuten: Harizpe konpainia sortu zuten, frantsesekin. Hori da gure egia, hori da gure historia.

Perkainen bueltan hori guztia.

Perkain aitzakia bat da Aldude bailarari buruz hitz egiteko, eta gure ondarearen eta historiaren berri emateko. Konturatu ginen Perkainen inguruan hori guztia kontatzen ahal genuela. Izan ere, hemengo jendeak ez dakizki istorio horiek, eta horretan sartu ginen, zinez. Perkaini eta pilotari esker kontatzen dugu nola sortu zen Aldude, Urepele... Nola jarri ziren une batez baigorriarren kontra... Hori guztia.

Perkain pilotariari buruzko lehen aipamenak Gipuzkoako Tolosan topatu zenituzten?

Eusko Ikaskuntzak jadanik bazuen publikatuta dokumentu bat Tolosako historiari buruz. Momentu batez, pilota aipatzen dute. Eta kontatzen dute 1795ean izan zen partida handi bat. Perkainek kontratu bat sinatu zuen partida horretarako; konpromiso bat. Dokumentu zoragarri bat da: Perkainen izena agertzen da, eta kontrario izan zituen pilotariena ere bai.

Konta liteke herri baten historia pilotaren bidez, beraz? 

Erabat.

Dokumentala osatu duzue, baina atal ezberdinetan? 

Joan den urtean atera genuen Non habila, Perkain?: Frantziako Iraultzaren garaia kontatzen dugu bertan. Aurten Perkainen haritik atera dugu: XIX. mendea kontatzen dugu bertan. Hainbat dokumenturen berri ematen dugu, eta pilota soroetan-eta jokatzen ziren partidei buruzkoak azaldu. Heldu den urtean, XX. mendea kontatuko dugu. Eta laugarrenean kontatuko dugu nola eman gaurko gazteen artean pilotarekiko amodioa eta gustua.

Eta bide horretan altxorrak ere topatu dituzue. Nor izan zen Daniel Martiren?

Gordeta neukan istorio hori, eta bi lerrotan idatzita ere bai: bankar batek zuela asmatu paleta pilota jokoko tresna, Argentinan zelarik. Jarri ginen harremanetan argentinarrekin. Gordeak dituzte dokumentu guztiak. Bankan, berean, nehork ez zuen ezagutzen istorio hori. Martirenen oinordekoetako bat kantaria da, Cuarteto Kare taldean abesten du, eta Argentinan oso ezaguna d talde hori. Bankara ekarri genituen, eta Martiren omenezko egun bat antolatu genuen joan den irailean. Bankarrek orain badakite badutela norbait ospetsua. Horrelako altxorrak biltzen ditugu, eta zoragarria da gure historia horrela biltzea.

Perkainen garaian laxoa «jaun eta errege» zela diozue. Nola dago modalitatea gaur egun?

Lehen Mundu Gerlatik landa, Laxoa desagertu egin da Aldude bailaratik. Uroski, Baztanen segitzen dute jokatzen. Eta laxoari buruz ditugun artxibo fidagarrienak Baztanen ditugu: Tiburtzio Arraztoak lanketa handia du horretan egina. Maleruski, laxoa desagertu da, baina pilota ez da desagertu. Pleka, esku huska oraindik jokatzen da, eta hori hirugarren dokumentalean agertuko da: gertatutako loraldi zoragarri bat. Pilota kirola baita, baina kirola bezainbat da kultura, mintzaira, eta giroa.

LOTSaBAKO

Gustuko pilotari bat?
Mathieu Ospital urepeldarra, herritarra delakotz.

Frontoi berezi bat?
Aldudeko ezker pareta. Hango oroitzapenetan dira herriko bestak, dantzaldiak... Esnausu auzoko plaza ere ederra da.

Aldudeko paisaia bat?
Ene sorlekua denez, ez naiz batere objektiboa. Ahadi mendia biziki maite dut. Iparralde eta Hegoalde guztia ikusten da handik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.