Gaur izango da Pertseidak ikusteko gaurik onena, ilargi beteak eta lainoek eragozten ez badute

Izar uxoak ikusteko elkarretaratzeak antolatu dituzte, besteak beste, Lerinen eta Aian. Abuztuaren 23ra bitarte izango da Pertseidez gozatzeko aukera.

Pertseiden artxiboko argazki bat. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
Pertseiden artxiboko argazki bat. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
2025eko abuztuaren 12a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten Pertseidak ikusi nahi izanez gero, gaur izango da izar uxo gehien igaroko den gaua. Astronomoek azaldu dute ikustaldiaz gozatzeko unerik egokiena 22:00ak eta 23:00ak bitartean izango dela, ilargia baxu dagoenean, eta gomendatu dute satelitearen aurkako noranzkoan begiratzea, argiak ez itsutzeko eta izarrak ibilbide luzeagoa egiten ikusteko.

Dena den, ikusteko dago eguraldiak horretarako modua emango duen: abuztuaren 9an ilargi betea izan zenez, haren argiak ez du utziko hainbat izar ikusten. Gainera, adituen arabera, aurtengoa ez da urterik egokiena Pertseidak ikusteko: beste batzuetan orduko 50 edo 100 izar ikusi ahal izan dira, baina gaurkoan orduko 25 baino gutxiago ikusiko dira.

Ilargia ez da izar uxoak ikusteko oztopo bakarra. Zerua ilun dagoen lekuak dira egokienak, hau da, argi kutsaduratik urrunen daudenak, eta ez da komeni oztoporik egotea begiaren eta izarren artean. Beraz, hobe da zerua oskarbi badago. Dena den, gaur iluntzean baliteke hodei trumoitsuak izatea Euskal Herrian, eta lainoek ez uztea zerua ikusten.

Astronomoek zenbait argibide eman dituzte Pertseidak ahalik eta ondoen ikusteko: prismatikoek eta teleskopioek lagungarriak diruditen arren, traba egiten dute. Pazientzia baino ez da behar, ikusmena ohitzeko ordu erdi inguru behar baita. Gainera, ez da minutuero meteoro kopuru bera igarotzen; gerta daiteke denbora batez ez igarotzea, eta gero oso denbora gutxian izar jario handia egotea. Era berean, neurri ezberdinetakoak izaten dira, eta, horregatik, izar uxo batzuek beste batzuek baino argiagoak eta luzeagoak dirudite.

Izen anitzeko ikuskizuna

Gaur, zeruan, nonahi izango dira izar uxoak, baina Perseus konstelazioaren alboan ageriko dira gehienak, zeruaren ipar-ekialdean; hortik dator izena. Done Laurendiren malkoak izenez ere ezagunak dira, urtero ikusi ahal izaten baitira aipatutako santua ospatzen den egunaren inguruan —abuztuaren 10ean—. Gainera, ikuskizuna ez da gau batez soilik gertatzen: uztailaren 17tik abuztuaren 23ra izango dira aurten. Horregatik, zeru ilunagoa nahi duenak abuztuaren 16tik aurrerako gauak probestu ditzake, ilargiaren argia apalagoa izango baita orduan.

Astronomia zaleak Euskal Herriko hainbat txokotan bilduko dira asteon, ikuskizunaren lekuko izateko. Pertseidak behatzeko hitzordua jarri dute gaur Leringo futbol zelai zaharrean (Nafarroa), eta abuztuaren 15ean, berriz, Pagoetako natur parkean (Aia, Gipuzkoa) Astronomia gaua antolatu dute, Jesus Arregi adituak gidatuta.

Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen duenean ikus daitezke Pertseidak, kometak hauts partikulak askatzen baititu. Horiek atmosferan sartzen dira abiadura handian —segundoko 50 kilometroko abiaduran baino azkarrago joan daitezke—, eta marruskadurak partikulak berotzen ditu, lurrundu arte. Done Laurendiren malkoak, beraz, ez dira izarrak. Ea gaur behar bezala ikusteko aukerarik baden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.