Andre Maria Zuriaren plaza jendez gainezka zegoela, Zeledonek jaiei hasiera eman zien atzo, txupinazoan, ohiko emozioak eta konplizitatea tarteko zirela. Bigarren urtez jarraian, Iñaki Kerejazuk (Gasteiz, 1995) egin zuen Zalduondoko (Araba) pertsonaia mitikoarena, eta «festez libre eta seguru» gozatzeko deia egin zuen, plazako txupinazoaren zarataren artean. Jaiei dien maitasuna ez da kasualitatea: haren familian oso errotua dago, eta festak txikitatik bizi izan ditu barrutik. Ez da esajerazioa: zazpi hilabete baino ez zituela jantzi zuen lehen aldiz blusa, Hegotarrak kuadrillako kide gisa. Egun hauetan, Gasteizko pertsonarik maitatuenetakoa da Kerejazu, eta harrera beroa jaso du berriz ere jaiei hasiera emateko ohorea izatean. Bigarren urtez jarraian, haren presentziak ilusioa piztu du hiriko kaleetan.
Gasteiztarren artean harrera ona izan duzu. Espero zenuen?
Espero nuen maitasuna jasotzea. Oso pertsonaia ezaguna da Zeledon, eta, alde horretatik, jendeak zu maitatzea ez da zaila. Hala ere, ez nuen espero hainbesterako izatea. Oso eskertuta nago etortzen zaizkidan haur, gazte, heldu eta adineko horiekin guztiekin. Eman didaten babesarengatik eta eman didaten indarrarengatik.
Bai DJ moduan eta bai Zeledon moduan, aditua zara jaietan giroa jartzen.
Gauza asko izan ditut esku artean betidanik, eta horretan jarraitzen dut. Egia da aurten patxadaz hartu dudala DJ izatearena; irakaslea ere banaiz eta. Esaten den bezala, asko egin nahi, gutxi egin bai.
Aurretik ezaguna zinen Gasteizen, baina Zeledon izateak are ezagunago egin zaitu. Nola daramazu hori?
Asko eskertzen dut aukera hori, baina emozioak kudeatzea kostatu egiten zait batzuetan. Bat-batean, jende guztiak egon nahi du zurekin. Denek zuregana gerturatu nahi dute, eta batzuetan itogarria da. Beti dago norbait zuri begira, baina polita ere bada.
Ezagun izateak ardura ere badakar.
Hala da, bai. Gauzak ongi egin nahi ditut. Neure buruari exijitzen diot iaz egindakoari eustea, eta zerbait gehiago ematea ere bai. Pertsonaiari nire kutsua ematen diot, uste baitut badaukadala zer eman.
Zer espero duzu aurtengo jaietarako?
Erasorik ez egotea, eta jaiak seguruak eta libreak izatea: hori benetan lortzea. Ikusten dugu gure herriko jaietan jendeak asteburuero sufritzen dituela edozein motatako erasoak. Hortaz, gustatuko litzaidake aurten jendeak jaiez libre eta seguru disfrutatzea eta ongi pasatzea.
«Espero dut erasorik ez egotea eta jaiak seguruak eta libreak izatea: hori benetan lortzea»
Balkoira gerturatu eta Andre Maria Zuriaren plaza gainezka ikustean, zer etortzen zaizu burura lehenbizi?
Plaza jendez gainezka dago, eta hori da burura datorkidana. Ondoren? Burura etortzen zait zer zoriontsu nagoen, eta pentsatzen dut zorte handia daukadala.
Betidanik egon zara Zeledonengandik gertu, eta jaietako irudi nagusia zara orain. Hori ez da kasualitatea, ezta?
Tira, hilabete gutxi nituenetik bizi izan ditut jaiak blusa moduan. Nire familia oso gasteiztarra da, peto-petoa. Esan dezaket hiriak eta ohitura honek sentimendu asko pizten dizkidatela, eta oso eroso nagoela honekin. Ez banu disfrutatuko, beste gauza batzuk planteatuko nituzke. Barru-barruko sentimenduak pizten dizkidate jaiek.
Gasteizko jaiei halako maitasuna izatea familiako kontua da. Senideek nola daramate jaietako irudi nagusia zu izatea?
Aita oso urduri jartzen da. Gainera, oso lotuta dago blusen eta nesken elkartearekin. Dena kontrolpean izatea nahi du. Ama, berriz, apalago ikusten dut alde horretatik: barruan gordetzen du ezinegona, eta beti laguntzen dit gauzak lasaiago ikusten. Neska lagunak ere asko laguntzen dit gauzak hotzago ikusten. Agian, jaiak pasioz ikusten ditudalako batez ere.
Zer da Hegotarrak kuadrilla zuretzat?
Familia txiki bat. Elkar zaintzen dugu, eta badakigu ongi disfrutatzen. Jende mota ugari elkartzen gara bertan, eta nahiko ongi moldatzen gara denon artean. Beti egoten dira tirabirak elkarbizitzan, noski. Baina egun gutxi batzuetarako jarduera guztiz hedonista eta paregabea da, gure plazererako egiten dugun zerbait.
Ttek elektrotxarangako abeslaria izandakoa, blusa, Zeledon, irakaslea, DJa... Zerbait falta zaizu egiteko?
Beti izango ditut gauzak egiteko. Oso aktiboa izan naiz betidanik; oso konprometitua nago auzoarekin, eta beste zenbait gauzarekin ere bai. Lo gutxi egiten dut, eta gauza asko. Beti egongo naiz prest proiektu berriei heltzeko.
LOTSABAKO
Erreferente bat?
Fermin Muguruza.
Festak, egunez edo gauez?
Egunez, zalantzarik gabe.
Txosnak edo tabernak?
Txosnak.