Pilatutako literatura dorreak

Irakurtzeko asmoarekin erositako liburuak pilatzea deskribatzeko, japonierazko hitz bat erabiltzen da: 'tsundoku'. Ohikoa da errudun sentitzea aurretik erositako lanak ez irakurtzeagatik, eta aditu batzuek esaten dute kontsumismoa dagoela liburu gehiago erosi nahiaren atzean.

CC0.
itsaso jauregi 2
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Virginia Woolf idazle britainiarrak 4.000 liburu omen zituen etxeko liburutegian. Aitarengandik jaso zituen liburuei esker hazi zen dorrea. Aitaren bilduma miatu zuen idazleak, eta irakurri nahi zituen liburuak eskuratzeko aukera eman zion aitak, bi baldintzarekin: berak erabaki behar zuen zer irakurri nahi zuen, gainerakoen iritziak kontuan hartu gabe, eta dena bi aldiz irakurri behar zuen. Umberto Eco idazle italiarrak 30.000 liburu inguru zituen apaletan pilatuta, eta bere liburutegia bisitatzen zutenak bi kategoriatan sailkatzen zituen: «A ze liburutegia! Liburu horietako zenbat irakurri dituzu?» esaten zutenak, eta gainerakoak, ulertzen zutenak bere liburutegia ez zela handia hainbeste irakurri zuelako, baizik eta are gehiago irakurri nahi zuelako.

Irakurtzeko gogo horrek liburuen pilaketa du ondorio gisa, gelako apalategietan pilatzen den ezagutza dorrea. Irakurtzeko asmoarekin liburu asko pilatzen badira, japonierazko hitz bat erabiltzen da egoera hori deskribatzeko: tsundoku. Ezagun egin zenetik japonierak bazuela beste hizkuntzetan falta zen hitz hori, tsundoku hitza izen, adjektibo eta aditz gisa agertu da: liburuei erreferentzia eginez, liburuak pilatzen dituztenak deskribatzeko erabiltzen da hitz hori, baita irakurri gabeko literatura ugari edukitzea deskribatzeko ere.

Paula Lopezek Asiako hizkuntzak ikasi eta ikertu ditu, batez ere japoniera eta koreera, eta tsundoku hitzaren itzulpen literala «liburu pila» izango litzatekeela esan du: «Japonieraz idazteko hiru sistema daude: hiragana, katakana eta kanjia. Tsundoku hitza kanji sisteman idatzita dago, bi sinbolorekin, eta liburu multzoa izango litzateke itzulpen zuzena».

Terminoa bere jatorrizko hizkuntzan erabiltzen duenean, «tsundoku asko izatea» esan ohi da; tsundoku-a bera liburu multzoa balitz bezala. Hala ere, Lopezek azaldu du ez dagoela gaizki pertsona bat deskribatzeko edo liburuen pilaketari erreferentzia egiteko erabiltzea, bi elementu elkartzen direlako tsundoku hitzaren sorreran: «Japonieraz hitz bat hartzen dute, eta esanahi desberdina duen beste sinbolo batekin elkartzen dute. Tsundoku-n, gorde hitza da lehendabiziko sinboloa, eta irakurri bigarrena. Bi hitzek berri bat sortzen dute».

Apalategietan itxoiten

Hitzaren jatorria Meiji aroan dagoela uste dute ikerlari askok (1868-1912), eta 1879an inprimatuta agertu zen lehendabiziko aldiz. Tsundoku sensei esaldia Mori Senzo idazlearen 1879ko testu batean agertu zen lehendabiziko aldiz; idazleak irakurri gabe zituen liburu pila bat, apalategian baztertuta, eta hori deskribatzeko erabili zuen hitza.

Apalategi artean lan egiten du Yolanda Mendiola ETB1eko Artefaktua programako zuzendariak. Hainbat diziplina uztartzen ditu Artefaktua literatur saioak: idazleei egindako elkarrizketak, nobedadeak, eta irakurle eta liburu saltzaileen gomendioak, besteak beste. Liburutegiak bisitatzen dituzte askotan, eta bi astean behin idazle bat elkarrizketatzen dute bere etxeko liburu santutegian. Mendiolak ez zuen tsundoku hitzaren berri, baina esanahia oso ezaguna egiten zaio: «Neure burua ikusi dut hitz horretan; oso barneratua dudan gauza bat da liburuak pilatzearena, egunerokoan hala egiten dut eta».

Aspaldian irakurri nahi zuen liburua, itzuli berri duten beste bat, eta maite duen idazle baten esaldiarekin hasten den lana. Liburu dendetan horiek ikusi, eta berehala erosten ditu Mendiolak, nahiz eta jakin ez dituela berehala irakurriko: «Lasaitasuna ematen dit horrek. Batzuetan, denbora gehiago dugu irakurtzeko; eta besteetan, gutxiago; lotura du egunerokotasunarekin. Baina irakurtzeko multzoan utzitako liburuek lasaitasuna ematen didate gero».

Lasaitasun sentimendu horrekin bat egin du Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak, irakurri gabeko liburuak antolatuta ikusten dituenean. Txukun-txukun pilatu ditu itxaron gelan dauden berrogei lan: bere etxeko apalategietan, edota lurrean pilatuta. Nolabaiteko ordena dago liburu horien artean, eta hierarkia existitzen da apalategietan ere. Mendiolak azaldu du: «Ohe ondoan liburu bat dut; ordenagailu ondoan, bost edo sei liburu; eta apalategian baditut multzo batzuk. Horiek lehen mailatik bigarrenera igaro dira».

Irakurri gabeko liburuak pilatzen diren heinean, hierarkia horren arabera sailkatzen ditu Razkinek: lehentasuna dutenak lehenik, eta itxoin beharko dutenak gero. Nahiz eta liburuak txukun eta modu ordenatuan izan, ezinegona sentitzen du hasieran editoreak: «Liburuak pilatuta ikusterakoan, frustrazioa sentitzen dut, ezintasuna: 'Ez dut hori guztia irakurriko nire bizitza osoan'». Material berri bat hartzerakoan, baztertuta geratzen diren liburuen presentzia nabaritzen du, iraganean bildutako guztia landu ez dela jakinda.

Nassim Nicholas Taleb estatistikariaren arabera, liburutegiak ezezaguna den guztia izan beharko luke, baliabide ekonomikoek uzten dutenaren arabera, noski. Zahartu ahala gero eta jakintza eta liburu gehiago bilduko dela argudiatu du; apaletan irakurri gabe dauden liburuen mehatxua sentitzea saihetsezina da: «Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta handiagoak dira irakurri gabeko liburuen ilarak». Irakurri gabeko liburuek osatutako bildumak antiliburutegi izendatu zituen.

Esku ezkutua

Antiliburutegi bat izan du Razkinek txikia zenetik, tsundoku-a zer zen jakin baino lehen: «Liburu bat irakurtzen dudanean, badakit zein hartuko dudan ondoren, eta, hori oso argi izateko, dorre bat egiten nuen ordena zein zen jakiteko». Beti liburu berrien bila, nobedadeak, lagunek aipatzen dituzten liburuak apuntatuz. «Niretzat etxean altxorrak izatea bezala da. Liburua, objektua —neurriari dagokionez perfektua da— gustuko dut; esperientzia ia mistikoa da niretzat: ukitu, usaindu egiten dut, eta horrek asebetetzen nau. Horrez gain, barruan istorio bat dago, laster ezagutuko dudana», esan du Razkinek. Mendiolak uste du «altxor» horiek pilatzearen atzean ezkutuko esku bihurri bat dagoela, kontsumismo esaten zaiona: «Liburu asko argitaratzen dira, eta zaila da gauzak baztertzea. Ezinezkoa da kontsumismotik ateratzea».

Jakin-mina eta kontsumismoa eskutik doaz Mendiolaren ustez, irakurri nahi diren liburu guztiak ezin direlako erosi, baina horiek izateko beharra helarazten da. Gainera, askok beren apalategiak apaintzeko erabiltzen dituztela kontatu du, pertsona azkarraren itxurak egiteko asmoz. Hori ez litzateke tsundoku-a izango, ez dagoelako liburu horiek irakurtzeko intentziorik. «Kontsumismoak bultzatzen zaitu horretara, baina, aldi berean, logika kapitalista hori bera da denbora kentzen dizuna irakurri ahal izateko; tranpa bat da», esan du Razkinek.

«Tranpa» horri esker indartzen dira tsundoku-aren oinarri pisutsuak. Kontsumismoari aurre egiteko, liburutegira gehiago joatea proposatzen du Erein argitaletxeko editoreak: «Liburutegietara jo izan dut liburu asko ez erosteko. Autokontrol handiagoa daukat liburutegi batean liburu denda batean baino. Horrek lagundu izan dit». Kontsumitzeko modu arduratsua ere proposatu du Mendiolak; bakarrik berehala irakurri nahi diren liburuak erostea, eta besteak aurreragorako uztea, horietan murgiltzeko denbora eta gogoa dagoela ziurtatzerakoan.

Irakurri gabeko liburuen zerrenda luzatuz doa, baina irakurtzeko denbora nahikorik ez dago. Hori ez zen garrantzitsua A. Edward Newton idazlearentzat; izan ere, 10.000 lan bildu zituen bere liburutegian. Irakurri gabe geratuko diren liburuak erosteko nahia infinituraino zabaltzeko desioarekin alderatzen zuen bildumagileak. Hala ere, etxe gehienetan liburu dorre infinituak egiteko lekurik ez dagoenez, «neurrizko» bildumak sortzea gomendatzen du Mendiolak, irakurtzeko jakin-mina galdu gabe: «Ikusten dudanean kalean jartzen diren kutxak liburuak hartzeko, beti begiratzen dut; ea badagoen harribitxiren bat. Une magikoaren bila, beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.