Frontoitik pantailara jauzi egin du pilotak. Izan ere, sakelakoan pilotan jokatzeko, Pilotakada aplikazioa sortu du Aralar Erdozain Olallak (Tafalla, Nafarroa, 1989). Hortaz, frontoian ikasitakoa, sakelako telefonoan praktikan jarri ahalko dute pilotazaleek. Eta alderantziz: bideojokoarekin ikasitakoa frontoira eraman.
Pilotaria edo bideojokoen programatzailea. Bietako zerbait al zara?
Ezta bat bera ere. Irakaslea naiz. Ez daukat harreman berezirik pilotaren munduarekin. Besterik gabe, gaztea nintzenean pilotan jokatzen nuen lagunekin.
Nolatan erabaki zenuen Pilotakada sortzea?
Nire denbora librean hasi nintzen proiektu hau egiten, programatzea gustuko baitut. Pixkanaka, forma ematen hasi nintzen, eta hala igaro ditut lau urte.
Bideojokoen programazioan ikasketak dituzu?
Matematikako Gradua ikasi nuen Bilbon, EHUn, eta master bat egin nuen Matematika Aplikatuan. Gero, Frantzian, Pauen, matematikako doktoretza bat egin nuen. Nire ibilbide guztia matematikari lotuta egin dut, alegia. Ez daukat formakuntzarik bideojokoen programazioan, baina Matematikako Graduan programazio pixka bat ikasten da, eta masterrean eta doktoretzan ere zer edo zer egitea tokatu zitzaidan. Programatzaile gisa ere lan egin dut, ez zehazki bideojokoetan, baina bai beste esparru batzuetan. Betidanik gustatu izan zait programatzea, eta neure kontura ere asko ikasi dut.
Noiz hasi zinen bideojokoa programatzen?
Pandemia garaian hasi zen dena. Orduan jada ez nintzen programatzailea, baina falta sumatzen nuen. Hortaz, bideojokoak nola programatu ikastea erabaki nuen, neure kabuz. Etxetik atera ahal izan genuenean, baina, alde batera utzi nuen. Dena den, gerora berriz heldu nion.
«Betidanik gustatu izan zait programatzea, eta neure kontura ere asko ikasi dut»
Zein izan da prozesua?
Bideojoko bat egiteko hiru alderdi nagusi daude. Alde batetik, bide diseinua dago, hau da, menuak eta irudiak diseinatzea. Bestetik, 3D diseinua: pertsonaiak, frontoiak eta horrelakoak diseinatzea. Azkenik, bi alderdi horiek dituzunean, dena batzen duzu bideojokoa diseinatzen den programan. Mugimendua, kolpeak eta horrelako gauzak programatu behar dira orduan.
Zein izan da prozesuko zatirik zailena?
Zati bakoitzak bere erronkak ditu. Hasieran, jokoa pertsona bakarrak jokatzeko pentsatuta zegoen, hau da, pertsona bat makinaren aurka. Baina, gerora, pertsona batek beste batekin jokatzeko aukera sartu nuen. Zati hori bereziki zaila izan da; izan ere, bi sakelako sartzen dira jokoan, eta saiatu behar zara bi partidak sinkronizatuta egon daitezen. Jauzi hori ematea izan da erronkarik handiena.
Zer eskaintzen du jokoak?
Esku pilotako partidak jokatzeko bideojoko bat da, baina ez da hori bakarrik. Zortzi pertsonaia daude, zortzi jokalari, baina jokoa deskargatzen duzunean bi jokalari soilik dauzkazu desblokeatuta. Partidak jokatuta, euskoak lortzen dituzu, jokoaren txanpon birtuala, alegia. Eta lortzen dituzun euskoen bidez, pertsonaia eta pilota berriak eros ditzakezu. Horrez gain, eusko gehiago lortzeko eginkizunak daude.
Izenik ba al dute pertsonaia horiek?
Pilotari profesionalen izenak dituzte, baina moldatu egin ditut. Bost gizonezko daude: Peloki, Orujo, Altuno, Golaizola eta Tilin. Eta hiru emakumezko: Larramen, Saldai eta Espina. Nire lagunei eskertu behar diet ideia hori; izan ere, hasieran beste izen batzuk jarri nituen, baina lagunei erakutsi nienean ideia hori eman zidaten.
«Gure kulturaren parte den kirol bat da, eta jendeak asko disfrutatzen du, bai jolastuz, baita frontoian ikusiz ere»
Zer helbururekin sortu zenuen jokoa?
Hasieran ez nuen helburu zehatzik, besterik gabe, programatzea gustuko nuen. Baina gerora jabetu nintzen esku artean produktu nahiko txukun bat nuela, eta publikatzea erabaki nuen. Egiten hasten zarenean baduzu buruan noizbait publikatuko dela, baina bidaia luzea da, eta inoiz ez zaude ziur fase hori helduko den edo bidean nekatu egingo zaren. Bestalde, jendeak jokoaz disfrutatzea nahi nuen. Azken finean, gure kulturaren parte den kirol bat da, eta jendeak asko disfrutatzen du, bai jolastuz, baita frontoian ikusiz ere. Beraz, pilotaz disfrutatzeko beste modu bat eskaini nahi nion jendeari.
Horrelako proiektu bat zuk bakarrik eginda, nola ezagutarazi duzu?
Zaila izan da. Lehenengo aldia da horrelako zerbait egiten dudana. Ez nau inork ezagutzen. Estudio famatu batek bideojoko berri bat egiten duenean publikatu eta segituan milioika lagun ditu atzetik. Baina lehenengo aldiz egiten duzunean zaila da jendearengana iristea. Nire bikotekideak, Valentinak, lagundu dit; berak hartu zuen lan hori bere gain. Sareetan mugitu gara, bideoak eta argitalpenak eginez, eta komunikabideetan egindako elkarrizketek ere asko lagundu digute.
Erabiltzaileen iritziak jasota, aldaketarik egin al diozu bideojokoari?
Harrera oso ona izan du, eta sareetan jendeak proposamen asko egin dizkit. Uztailean Android sistemarako argitaratu nuen, eta eskatu ziguten lehen gauza izan zen iPhonetarako ere ateratzea. Hori izan zen egindako lehenengo aldaketa. Horrez gain, pertsonaiak pertsonalizatzeko ere eskatu didate, bai estetikoki, baita ezaugarri aldetik ere. Hau da, abiadura, indarra eta punteria moldatzea. Ligak sartzeko ere eskatu didate. Bestalde, etorkizuneko erronka gisa, ordenagailurako egitea gustatuko litzaidake.
LOTSABAKO
Pilota ala bideojokoak?
Pilota.Pilotari bat?
Juan Martinez de Irujo.