«Ez zenuke autorik lapurtuko. Ez zenuke diru zorrorik lapurtuko. Ez zenuke sakelakorik lapurtuko. Ez zenuke filmik lapurtuko. Internetetik pelikulak hartzea lapurreta da. Lapurreta ilegala da. Pirateria krimen bat da». Halaxe zioen 2000ko hamarkadan film bat hasi aurretik jartzen zuten iragarkiak. Pirateria digitala jabetza intelektualaren arloko erronka nagusietako bat izan da azken hamarkadetan: 2000ko hamarkadan hartu zuten ospea legez kanpoko deskargek, eta ordutik gaur egun arte, sakon aldatu da eskaintza kulturala kontsumitzeko modua, besteak beste IPTV zerbitzuak eta legez kanpoko streaming guneak agertu baitira. Denboraren poderioz eta streaming plataformen gorakadaren eraginez, legezko edukiaren kontsumoak gora egin du, baina pirateria ez da desagertu: garatu besterik ez da egin.
Pirateria terminoak egile eskubideak edo patenteek babestutako materiala baimenik gabe erabiltzeari edo erreproduzitzeari egiten dio erreferentzia. Definizio hori urrun dago hitzaren etimologiatik; izan ere, pirateria hitza sustrai indoeuropar urrun batetik dator, eta abentura bat hasten duen pertsona izendatzeko erabiltzen zen berez. Adrian Johnsek bere Piracy: The Intellectual Property Wars from Gutenberg to Gates (Pirateria: jabetza intelektualeko gerrak Gutenbergetik Gateseraino) liburuan agerian utzi zuen kontraesana: «Historiaren ironia bat da iragan urrunean sormenarekin oso lotuta zegoen zerbait izatea eta gaur egun horren kontrakoa balitz bezala hartzea».
Piraten banderak 2000ko hamarkadan jaso zituzten batez ere. Carlos San Julian Iruñeko Golem Baiona zinemako programazio arduradunak gogoan du garai hura: «Internetetik zinemako edukiak deskargatzea eta haiek erabiltzea normal-normala zen denentzat». Pirateriaren ur nahasietan ez hondoratzea «zaila» izan zen San Julianentzat, baita kultur arloko beste eragile askorentzat ere; pirateriaren kontrako kanpainak egin zituzten, edukia deskargatzeko erabiltzen ziren webgune horietako batzuk itxi zitzaten. Hala ere, Joe Karaganis ikerlariak, bere Media Piracy in Emerging Economies liburuan, eduki kulturalak kontsumitzeko oztopoekin lotzen du pirateria: «Ziur asko, pirateria hobeto deskribatuko da prezio globalen arazo gisa. Produktu mediatikoen prezio garestiak, diru sarrera txikiak eta teknologia digital merkeak dira munduko pirateria mediatikoaren osagai nagusiak».
Ateak irekiz
Beñat Uribe-Etxebarria zinemagile eta Gâteau basque podcasteko esatariak pelikulak gomendatzen eta komentatzen ditu astero podcast horretan bertan, Danel Pascualekin batera. Saioa argitaratu baino lehen, mezu bat zabaltzen du sare sozialetan: aste horretan komentatuko duten ikus-entzunezko lana deskargatzeko esteka. «Ikusita ez ditugula pelikularik komertzialenak edo plataformarik ospetsuetan aurkitu ahal direnak komentatzen, badugu zerbait gure entzuleekin nolabait adostua: analizatu ditzagun nahi ditugun pelikulak, baina, ez direnez inguruan aurkitzeko moduko lanak, gutxienez eman ditzagun erraztasunak norberak pelikula horiek aurkitzeko», adierazi du esatariak.
«Uste dut orain, bat-batean, plataforma guztietan harpidetza egitera behartzen baldin bagaituzte berriro hasiko garela plataformak alde batera uzten eta pirateria sistemara jotzen»
BEÑAT URIBE-ETXEBARRIA Gâteau basque podcasteko esataria
Gomendatzen dituen «altxor» horietako batzuk nerabezaroan aurkitu zituen Uribe-Etxebarriak, pirateriari esker, eta bere nortasuna eta sorkuntza artistikoa garatzeko «ezinbestekoak» izan zirela uste du: «Ni hainbeste markatu nauten sortzaileak, John Waters, Derek Jarman, Jennie Livingston eta Gregg Arakki, besteak beste, pirateriari esker deskubritu nituen». Pirateria hitzak konnotazio negatiboa du batzuentzat; beste batzuentzat, berriz, ildo komertzialetik kanpoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukera bat da. La piratería: el gran democratizador cultural (Pirateria: demokratizatzaile kultural handia) artikuluan horrela azaltzen dute: «Prentsako tituluek pirateria gaitz absolutu baten eta deabru baten pare aurkezten zuten bitartean, langile klaseko milioika lagunek lehen aldiz eduki zuten aukera ezagutzaren, artearen eta entretenimenduaren liburutegi infinituan murgiltzeko».
Baina, berez, badago pirateriaz bestelako esparru bat ikus-entzunezko lanez doan disfrutatzeko aukera ematen duena: liburutegiak. DVDak etxera eramateko aukera dago, behin ikusi eta gero itzultzekotan. Gainera, Primeran plataformak egindako lana azpimarratu du esatariak: «Eskerrak existitzen dela. Primeran plataformaz gain, inguruan ditugun kultur etxeetan eta gaztetxeetan zinema ekitaldiak antolatzen dituzte, eta halakoek ere errazten dute ordaindu gabe pelikulak ikustea».
San Julianek azaldu du etxean pelikulak eta telesailak ikusteko «erraztasuna» are nabarmenago bihurtu zela COVID-19aren pandemiaren harira: «Orduan konturatu ginen etxean film asko ikusteko aukera dugula. Beraz, badirudi orain pirateria ez dela hain arazo larria». Uribe-Etxebarriak gaineratu du, halere, garai hartan plataformetara harpidetzeko beharra sentiarazi ziotela; hasieran, merkeak ziren, eta, askok egin zuten bezala, lagunekin partekatzen zituen harpidetzak Uribe-Etxebarriak ere: «Erosotasunagatik, sinetsarazi ziguten klase ertainaren luxu berria zela plataformetara harpidetuta egotea». Hala ere, urteek aurrera egin ahala, prezioak igo egin dituzte poliki-poliki, eta erabiltzaile batek baino gehiagok kontu bera erabiltzeko oztopoak jarri. «Uste dut orain, bat-batean, plataforma guztietan harpidetza izatera behartzen baldin bagaituzte berriro hasiko garela plataformak alde batera uzten eta pirateria sistemara jotzen. Arrazoi ekonomikoengatik, ezingo genituzke hainbeste pelikula ikusi, eta aukeratu egin beharko genuke», azaldu du Gâteau basque podcasteko esatariak.
San Julianentzat ere «zaila» da zehaztea pirateriak zenbateko kaltea eragin duen ikus-entzunezkoen industrian: «Jende asko kultura zinematografikoaren mende bizi da, eta, beraz, film baten eskubideak ordaindu gabe ikusteak kalte ikaragarria egiten dio ehun profesional horri». Horregatik, ikuspuntu kritikoa garatzeko beharra azpimarratu du Uribe-Etxebarriak: «Ez da gauza bera Disneyk egindako pelikula bat edo Maspalomas pirateatzea. Disneyk, agian, euro bat gutxiago lortuko du; eta zer da hori lortuko dituen milioi guztiekin alderatuta? Erabaki moral eta soziolinguistiko bat hartu behar dugu bertako lanak ikusteko».
«Jende asko kultura zinematografikoaren mende bizi da, eta, beraz, film baten eskubideak ordaindu gabe ikusteak kalte ikaragarria egiten dio ehun profesional horri»
CARLOS SAN JULIAN Iruñeko Golem Baiona zinemako programazio arduraduna
San Julianen esanetan Hollywoodek antolatu ditu pirateriaren aurkako kanpainarik handienak, haren ekoizpenak izan baitira kaltetu nagusiak. 2005az geroztik, Motion Picture Asociation of America (MPAA) erakundeak —zinema munduko sindikatu bat da— informazio kanpaina bati ekin zion Interneteko filmen pirateriari aurre egiteko, eta hainbat webgune ixtea lortu. «Kultura zenbat eta merkantilizatuagoa egon, orduan eta erantzun handiagoa izango du pirateriak», ondorioztatu du Uribe-Etxebarriak. Etorkizunean ikus-entzunezko lanak ekoitzi nahi ditu esatariak, sormen proiektuetan murgildu. Hala ere, adierazi du ez duela erasotzat hartuko bere lanak pirateatzea: «Euskal sortzailea izanda, utopikoa izango litzateke bat-batean jende pila bat ikustea nire edukia pirateatzen baina gero zinemak hutsik egotea. Uste dut ez dela posible halakorik».
Berreskuratze prozesua
Pirateria ez da Aro Garaikidean jaio: esate baterako, pirateria da irratian gustuko den abesti bat grabatzeko zinta bat erabiltzea edo liburu bat fotokopiatzea ere. Bestalde, zenbaitetan pirateriari esker berreskuratu ahal izan dira ikus-entzunezko lanak. Horren adibiderik ezagunena Nosferatu, eine Symphonie des Grauens filmarena da (Nosferatu, izu-ikarazko sinfonia, 1922). Florence Stokerrek, Bram Stoker Dracula (1897) liburuaren idazlearen alargunak, programa bat jaso zuen bere Londresko etxean: «Nosferatu filma estreinatuko dute Berlinen». Informazio horren arabera, beldurrezko lana banpiroen eleberri ezagunean oinarrituta zegoen. Obraren eskubideen zaindaria izanik ere, Stokerrek ez zuen pelikularen berri izan ordura arte.
Nahiz eta Murnauk aldaketa txiki batzuk egin, publikoak eleberrian oinarritutako lan batekin egin zuen topo estreinaldian. Horrek hasiera eman zion Florence Stokerren eta Marnauren arteko borroka legal luze bati; alargunak exijitu zuen pagatu ziezaiotela, baina zinemagilearen ekoiztetxeak ez zuen dirurik. Beraz, Stokerrek eskatu zuen beste inork ez zezala film hori ikusi, eta kopia guztiak aurkitzeko eta suntsitzeko agindua eman zuen. Horrek kalte larria egin zion zintaren ondareari, gutxienez denbora batez: nazioarteko merkatuan zabaldu ziren kopia ugari suntsitu zituzten, baina ez guztiak. Zinemazaleen lanari esker, Nosferatu-k arrakastari eutsi zion modu klandestinoan: baimendu gabeko proiekzioak egin zituzten, eta eskuz esku pasatu zituzten kopiak.

Baina zer gertatzen da eskuz esku pasatu diren kopia horiek ez daudenean edo plataformetatik desagertzen direnean? «Plataformak inolako lotsarik gabe hasi dira beren eduki propioa katalogotik ezabatzen, arrazoi ekonomikoengatik. Sekulako arriskua dakar horrek; plataformetan eduki originala ezabatzen badute eta eduki fisikorik ez badago, desagertu egingo dira lan horiek», azaldu du Uribe-Etxebarriak. Horren adibide da HBO plataformako Westworld telesaila; 2022an iragarri zuten plataformatik kenduko zutela, eta harrezkeroztik leku batetik bestera mugitu dute.
Horregatik, artxibo propio bat sortzeko beharra ikusten du esatariak, merkatu ekonomikotik kanpo dauden ikus-entzunezko liburutegiak sortzeko: «Pirateriak modua ematen du mainstream-ean ez dauden artxibo queer eta feministak eskuratzeko, gure borroketan ezinbestekoak direnak». Plataformen eta pirateriaren ur nahasi horietan nabigatzen ari dira zinema aretoak, eta, horren harira, zinema aretoetara joateko beharra azpimarratu du San Julianek: «Gaur egun, elkarrekin bizi besterik ez dago. Hala ere, zinema areto batera joateak ez du zerikusirik etxean film bat ikustearekin».