Pink Gorillas talde aktibistako sortzailea da Ixiar Garcia (Errenteria, Gipuzkoa, 1980). Ekintzailea izena «handiegia» dela iruditzen zaion arren, urteak daramatza pertsona askoren arteko loturak sortzen. Egunerokotasuna aldatzea du helburu, beti sormenetik abiatuta. Gaur, Bilboko Modesto tabernan izango da, Txokolatea eta Bizkotxoak ekitaldiaren harira.
Zertan datza da Pink Gorillas?
Desio bat da, eta oraindik bidean gaude. Nire beharretatik sortu zen, sare berezi bat sortzen hasi nahi nuelako. Egunerokotasuna mugiarazten genuen, eta sortzailea bilakatu egin nahi genuen. Esparru sozialeko eta egunerokotasuneko gauzak aldatzea dugu buruan une oro, eta beti sormenetik. Segun eta proiektua zein den, pertsona desberdinak bilatzen ditugu. Horixe da helburua: talde txiki bat ez izatea, baizik eta beti irekiz joatea. Bizipen anitzeko taldea gara, egunerokotasuna aldatzeko desira duena.
Txokolatea eta Bizkotxoak ekitaldiko gonbidatua izango zara. Pink Gorillasen antzeko eskema jarraitzen du ekitaldiak, ezta?
Bai. Izugarri gustatzen zait interes komun eta osagarriak ditugun pertsonak elkartzea. Esperientzia honen bitartez, inspiratu egiten gara, eta alboan duguna ere inspiratu egiten dugu. Energia transfusio horiek sortzea asko gustatzen zait. Gainera, horrelako topaketen falta sumatzen dut. Bat-batekotasun horretan elkartu, partekatu, eta une berezi bat bizi nahi dugu. Horren atzetik jarduten dugu gure lanetan.
Soft izeneko proiektu berriaren oinarrian, adibidez, antzeko zerbait egin duzue.
Bai, ikerketa zirikatzaile bat egin nahi genuen, ez ikerketa huts bat. Gai bat aukeratu dugu: sormen artistikoa zaintzeko zer behar dugun, eta sormen horretan sakontzeko zer egin dezakegun. Karabana bat utzi digute, eta karabana horrekin leku batetik bestera joan gara jendea elkarrizketatuz. Arriskatu egin nahi dugu gure proposamenarekin. Beste saretxo bat sortu dugu, eta elkartu garen jende horrekin lanean jarraitu nahi dugu; baita gehiagorekin ere.
Saiora biltzen direnekin hartu-eman oso zuzenak izango dituzu. Horiek ere ba al dute zer irakatsi?
Pilo bat. Nik ere Soften, aurretik hausnarketa batzuk egin nituen, baina ez ditut horiek planteatu nahi izaten. Batzuetan, akaso, abiapuntu gisa jarri izan ditut, baina aurrerapausoak ematen lagunduko diguten esaldiak denon artean amaitzea nahi izaten dut.Zirikatzea eta probokatzea izango da nire ekarpena. Hausnarketa batzuk planteatu, eta parte hartzaileen artean formak ematea. Plastilina izango balitz bezala, denon artean. Hori gustatzen zait niri; zerbait elkarrekin osatzea, ahalik eta parte hartzaileena izatea. Dinamika eta ohiturak hautsi egin behar ditugu, eta ezustekotasunetik ekin.
Ekitaldiarekin, sortzailearen alderdi ezkutuan edo ez hain agerikoan sakondu nahi dute. Zein Ixiar ezagutuko du jendeak?
Lotsatia. Jardunean nagoenean guztiz eraldatu egiten naiz, baina, ondoren, 'zeinen lotsatia zaren!' esaten didate askok. Horiei, 'bai, lotsatia ere banaiz' erantzuten diet. Oraintxe, baita Soft-en eraginari esker ere, dudan lan egiteko modua aldatzen ari naiz. Horren ondorioz, sentsibilitatearen alde ezkutuena etaartistikoena agerian geratzen ari zait.
Ixiar Garcia. Ekintzailea
«Planteamenduei denok eman behar diegu forma, plastilina izango balitz bezala»
'Txokolatea eta Bizkotxoak' ekitaldiko laugarren saioa egingo dute gaur (19:30), Bilboko Modesto tabernan. Ixiar Garcia ekintzailea izango da gonbidatua, eta ikus-entzuleekin hartu-emanetan ariko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu