Eguneroko mirariak ikusezin bilakatu ohi dira denboraren poderioz. Altxorraren ondotik igarotzen den bidea egunero egiten bada, haren distira apaltzen da, eta ibiltari ezjakinek ez dute handik metro gutxira ezkutatzen den aberastasunaren berririk. Betidanik hor egon diren altxor ahaztuen kategorian sartzen da Gasteizko Foru plaza: Eduardo Txillida eskultoreak eta Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinaturiko plazak 50 urte egin ditu aurten, baina efemeride esanguratsu horrek ez du zalaparta handirik sortu. Ez da antolatu erakundeen omenaldirik, ezta oroimen ekitaldirik ere.
Isiltasun horren erdian, ordea, gomutaren deiadar bakan bat aditzen da. Ez da erakundeena, ordea, hiru herritarren egitasmoa baizik. Arrazoi bat edo bestea dela medio, Txillidaren eta Peña Gantxegiren artelanaren miresleak dira Angel Cordero, Montx Alkorta eta Patricia Alvarez de Arkaia. Foruen plaza eguneroko ahanzturatik atera nahian eta 50. urteurrena aitzakia hartuta, liburu bat argitaratu dute enparantza ezagun baina sarri bazter utzitako horren oroimenari dagokion lekua emateko.

Liburua bakarrik ez: egitasmo sorta zabala ere prestatu dute plazaren memoria berreskuratzeko eta Gasteizko herritarren artean haren garrantzia ezagutarazteko. «Gurutzada honetan ez dugu erakundeen sostengurik izan; ez da ezer egiten harribitxi hori balioesteko, eta tristea da», esan du, kexu, Alkortak, liburuaren editore lanak egin dituenak. Ahanztura amaiarazte aldera, dokumental bat ekoitzi dute, eta hitzaldi sorta bat eta erakusketa bat atondu Arabako hiriburuko Ignacio Aldekoa kultur etxean. Han da zain Cordero, liburuaren eta plazaren nondik norakoak azaltzeko.
Ikusezina eta ikusiezina
«Hauxe da Gasteizko hornidura azoka zaharra, Foru plaza eraiki baino lehen leku hartan zegoen eraikina», azaldu du Corderok, erakusketako zuri-beltzeko argazkietako bat seinalatuz. Pasioz eta konbentzimenduz beterik doa pieza batetik bestera, askotan kontaturiko istorioak beste behin ere kontatzeko prest. «1976an, Gasteizko Udalak azoka eraistea erabaki zuen, hura zegoen lekuan lorategi bat jartzeko. Lorategiaren ideia laster baztertu zuten, eta orduan proposatu zen foruen oroimenezko monumenturen bat egitea, foruak deuseztatu zireneko ehungarren urteurrena zenez gero». Bada, Txillida eta Peña Gantxegiri enkargatu zitzaien monumentuak hortxe aurkitu zuen lekua, hasieran hartarako pentsaturik ez zegoen esparru batean.

Bi artista horiek zer ospe zuten kontuan hartuta, pentsa daiteke Gasteizko hiriak besoak zabalik hartu zuela egitasmoa, baina ez zen horrela izan. «Frankismoaren garaiak ziren, Franco hil berria zen, eta egoera soziopolitikoa oso bero zegoen Gasteizen. Urte hartan izan zen martxoaren 3ko sarraskia, errepresioa... Testuinguru hartan, uste baino zailagoa suertatu zen foruen eta euskal izaeraren aldeko plaza bat egitea», azaldu du Corderok, plazaren aldeko eta aurkako garai hartako tituluak biltzen dituen panel bati begira. «Demokrazia urrunegi joan al da?», galdetzen du plazaren aurkako albiste baten goiburuak.
«Koalizio bitxi bat sortu zen plazaren aurka. Batetik, tokiko merkatariak zeuden. Plaza egiteak ingurua oinezkoentzako soilik izatea zekarren, eta dendariek uste zuten autorik ez igarotzeak kalte egingo ziela negozioei. Bertan egoitza zuten bi aurrezki kutxak ere aurka zeuden, monumentuak beren egoitzen fatxada estaliko zuelakoan», oroitu du Alkortak.
«Gizarte moduan zer garen azaltzen duen sinbolo bat da Foru plaza, eta uste dut behar den moduan aldarrikatu beharko genukeela hori»
PATRICIA ALVAREZ DE ARKAIA Dendaria eta liburuaren bultzatzailea
Horiek, ordea, ez ziren arerio bakarrak. «Ekologistak ere kontra zeuden, nahiago baitzuten hasieran proposaturiko lorategiko belarra, harria baino. Baina garaiko fatxak eta atzerakoiak ere aurka zeuden, ez baitzuten foruak edo autonomia goraipatzeko monumenturik nahi». Hasieran, beraz, bazirudien gerora ikusezin izango zen plazaren aurkako ikusiezina gailenduko zela, eta eraiki ere ez zutela egingo azkenean.
Nortasuna eta aldarria
Horiek horrela, egitasmoaren aldeko gasteiztarrak mobilizatu egin ziren. «Foru Plaza Bai izeneko plataforma sortu zen, Jose Patricio Alvarez de Arkaia, Mosel dendaren jabea, buru zuela. Sinadura bilketa antolatu zuten, eta 7.000 eta 10.000 sinadura artean bildu», oroitu du Corderok.
Patricia Alvarez de Arkaiari, hortaz, senditik datorkio Foru plazarekiko lotura, Mosel dendaren jabea aita baitzuen. «Ni neu kalean ibili nintzen, jada gurekin ez dagoen adiskide batekin, Alicia Unzueta Barrenetxearekin, sinadurak biltzen», kontatu du. Poztu zen egitasmoak aurrea egin zuela ikusita, baina triste agertu da, uste baitu gasteiztarrek ez dutela plaza behar bezala balioesten. «Esango nuke kontzertuekin-eta egunerokoaren parte bihurtu denez gasteiztarrok ahaztu egin dugula haren balioa. Ez balio estetiko eta artistikoa soilik, baita balio sinbolikoa ere», deitoratu du.

«Nire ustez, Arabako eta Euskal Herriko nortasun bereziaren sinbolo oso egokia da Foru plaza. Hartan tokia dute gure herri kirolek, baina baita foruek ere, eta gure historiaren eta nortasunaren parte garrantzitsua dira. Gizarte moduan zer garen azaltzen duen sinbolo bat da Foru plaza, eta uste dut behar den moduan aldarrikatu beharko genukeela hori», azaldu du Alvarez de Arkaiak bere ikuspuntua.
Erakundeen interes falta
Bat datoz hiru egileak plazak garrantzi sinbolikoa eta artistikoa duela, baina bat datoz erakundeen interes falta salatzekoa dela ere. «Erakundeek ez dute bultzatzen monumentu hori. Gasteizen sinbolo izan liteke, baina abandonaturik dago, ez diote arretarik jartzen», deitoratu du Alkortak.
«Erakundeek ez dute bultzatzen monumentu hori. Gasteizen sinbolo izan liteke, baina abandonaturik dago, ez diote arretarik jartzen»
MONTX ALKORTALiburuaren editorea
Antzeko sentimendua plazaratu du Corderok: «Erakundeek hor ezkutaturik dugun harribitxi hori preziatu beharko lukete, hobeto garbitu, hobeto argiztatu. Argiztapenarena adibide ona da: gauetan hortik pasatzeak beldurra ematen du ia, ez dauka monumentu batek beharko lukeen argiztapenik». Beste horrenbeste Alvarez de Arkaiak: «Ez da inolako zabalkunderik egiten jendeak Foru plaza bisitatu dezan. Ez dago inolako kartelik azaltzen duenik monumentuaren beheko partean Txillidaren eskultura bat dagoela».
Eguneroko altxor ikusezinaren paradoxa hori ekarri du berriz hizpidera Alkortak: «Gasteizeko senide batzuek ez zekiten Foru plazan Txillidaren eskultura bat zegoenik. Donostian Haizearen orrazia dute, eta guztiak erotzen dira horrekin, sekulako propaganda egiten diote eta. Guk ere badaukagu Txillidaren artelan bat, baina ahaztuta, zulo batean», deitoratu du.
Polemikatik aldentzeko
Izan ere, Foru plazaren historia polemikak inguratu du hasieratik. Hasierako etsaitasunak gaindituta, 1981ean, eraikuntza lanak artean abian zirela, ume bat plazako sakonunera erori zen, eta horrek iskanbila sortu zuen hedabideetan. 1985ean, udalak erabaki zuen sakonunea egurrarekin estaltzea, eta horrek gatazka handia pitzarazi zuen artistekin. Jatorrizko planoen bigarren aldaketa nabarmena zen hura: aurretik, Txillidaren estatua gordeko zuen labirintoa lurraren mailatik gorantz egitea zen asmoa, eta maila horren azpitik uztea erabaki zen azkenean, merkatarien eta aurrezki kutxen kexen harira, etxeetako fatxaden ikuspegia oztopa ez zezan.
«Bada plazaren izena polemikatik aldentzeko ordua», defendatu du Alkortak. «Historia konplikatua izan badu ere, ez da ahaztu behar garai hartan Arabako Foru Aldundian zeuden indar guztien adostasunarekin eraiki zela plaza. Gasteiztar eta arabar guztion arteko adostasunaren sinbolo eta topaketa gune izan daiteke plaza hori, eta bada garaia horixe bera bilakatu dadin», gehitu du Alvarez de Arkaiak.

Xede horrekin abiatu zuten hiru lagunek liburua argitaratzeko lana, Alkorta editore. Txillidaren eta Peña Gantxegiren familien laguntza izan zuten hasieratik, eta haiei esker argitaratu dituzte orain arte ezezagunak ziren zirriborro, argazki eta artelanak, baina erakundeen laguntzarik ez dute izan. Plazaren garrantzia behingoz plazaratzeko eta erakundeek hura behar den bezala zaindu dezaten lortzeko, egitasmo sorta bat antolatu dute liburua argitaratzearekin batera.
Horietako azkena, Foru plaza: ARTEA eta espazioa izeneko hitzaldia, Ignacio Aldekoa kultur etxean izango da, azaroaren 2an. Aipaturiko erakusketa, berriz, azaroaren 7ra arte egongo da ikusgai. Liburua salgai dago jadanik liburu dendetan, eta Elkar argitaletxearen bitartez Durangoko Azokara eramateko asmoa dute egileek. Lan eskerga hori guztia, askorentzako ikusezina izan den plaza horren garrantzia plazaratzeko.