Udako proposamenak

Plaza elektroniko bat

Dantz Festival jaialdiaren kontzertu gaua eginen dute gaur eta bihar, 18:00etatik 01:00era bitarte. Miramongo Anfiteatroan izanen da, eta musika elektronikoaren erakustaldia eginen dute.

Joan den urteko Dantz Festival jaialdiko ekitaldi bat, Miramongo Anfiteatroan. BERRIA
Joan den urteko Dantz Festival jaialdiko ekitaldi bat, Miramongo Anfiteatroan. BERRIA
Iratxe Muxika
2025eko abuztuaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musika tresna teknologiko eta digitalen bidez egindako lanak tarteko, musika mota bat sortu zen mundu zabalean: musika elektronikoa. Musika elektronikoa zuzenean tekno musikarekin lotuko zuten batzuek, baina «hori baino askoz ere gehiago» dela erantzunen luke Guillermo Alejandro Ceballosek. Dantz Festival jaialdiaren komunikazio arduraduna da, eta kontzertu sortaren bederatzigarren aldia antolatzen aritu da aurten. Kontzertuak gaur eta bihar izanen dira, baina Dantzeko lantaldeak aste osorako egitaraua prestatu du, musika emanaldiez bertzelako ekitaldiz osatua. 

«Gure ardatza beti izan da musika elektronikoa», kontatu du Ceballosek, eta hori abiapuntu hartuta, makina bat emanaldi egin dituzte urteotan: Dantz Point, Dantz Club... Ezaugarri batean bat egiten dute denek: musika berezia izaten da tartean, eta toki berezi bat. «Esperientzia berri eta berezi bat bizitzeko aukera eman nahi diegu ikusleei, bai euskal herritarrei eta baita hortik kanpokoei ere», erran du. 

Hain zuzen ere, artistetako batzuk euskal herritarrak dira, baina bertze batzuk, urrunagotik iritsiak. «Tokiko artistei leku egitea gustatzen zaigu, eta guretzat ezinbestekoa da hori hala izan dadin bermatzea. Baina beste lekutxo bat uzten dugu nazioarteko musikarientzat, beti izaten baita aberasgarria kanpoko uzta jasotzea». Estimu handia dio Ceballosek musika elektronikoari, eta sinistuta dago jaialdia «oso berezia» izan daitekeela edozein ikus-entzulerentzat. «Proposatzen dugun musika eskaintza oso zabala da, eta musika elektronikoarekin lotzen dugun kontzeptu hori baino askoz gehiago da. Estilo asko hartzen ditu barnean, eta horiek ezagutzeko aukera eta leku paregabea da Dantz».

Askatasunaren irudi

Donostiako Miramongo Anfiteatroan eginen dute egitasmoa, eta, leku hori ere, musikarien gisan, ez da ausaz aukeratutakoa. «Leku irekia izatea nahi genuen, ez zedin itogarria izan eta askatasuna transmititu zezan», azaldu du Ceballosek. Baimenak eskatu eta eskuratu ondotik, aukera ezin hobea ikusi zuten eskuen artean. Dena dela, aurtengoa ez da jaialdiko ekitaldiren bat Miramonen eginen duten lehen aldia —orain lau urte egin zuten jauzi hara—, baina bai, ordea, kontzertu guztiak han emanen dituzten lehen aldia. «Iaz Illunben egin genituen kontzertu batzuk, eta Miramonen beste batzuk». 

Komunikazio arduradunaren arabera, Anfiteatroan egiteak «onura asko» ematen dizkio jaialdiari. «Batik bat, elementu asko kabitzen direlako leku bakarrean, eta guztia egongo delako eskuragarri erabili nahi duen ororentzat». Galeria artistiko bat jarri zuten ikusgai herenegun, eta hitzaldiak izan zituzten atzo. Elementu horiek proiektua ezagutarazteko tresnak dira, «jendeak hurbilago senti dezan Dantz». Eta, noski, ez dakienak jakin dezan zer den Dantz. «Akaso ezagutuko gaituzte, baina ziurrenik jaialdia antolatzen dugulako, eta ez bereziki badakitelako zer egiten dugun eta zer asmo ditugun». 

Bestalde, musika emanaldiak zaratatsuak izan arren, «bizilagunak, herritarrak eta inguruan dagoen edozer» errespetatzeko ardura hartu zuten lantaldeko kideek, eta Miramonen izateak modua ematen die hori dena errazago betetzeko. «Ez gaude hiriaren erdian, eta errazagoa da inor ez molestatzea». Gainera, 01:00erako bukatuko dituzte kontzertuak —18:00etan hasita—.

Jaialdi oro antolatzeko tenorean gertatzen den legez, Dantz jaialdia prestatu dutenek ere hainbat oztopo topatu dituzte bidean, eta batzuetan kosta egin zaie urratsak egitea. «Baimenak lortu behar ziren, logistika arazorik izan ez zedin ziurtatu, segurtasun baimenak bete, aurrekontuak eskatu, bete...». Zaila izan bada ere, lortu dute guztia txukun-txukun egitea eta jaialdia egin ahal izateko baldintza guztiak betetzea. 

«Orain jendearen zain egon besterik ez dugu egin behar», erran du Ceballosek. «Uste dut aurtengo Dantz jaialdia orain arteko onena izango dela». Jatekoa, edatekoa eta musika emanaldiez bertzelako ekintzak prestatu dituzte; «lantalde txikia gara, baina emaitza handia lortu dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.