Asteburuko proposamenak

Plazak bereganatuz

Larunbatean aratusteei agur esango diete Lekeitioko plazan, eta, han bertan, baina igandean, Emakume Sortzaile eta Ekintzaileen IX. Azoka egingo dute.

Dinagu kolektiboaren Nomadak Gaitun artisau azoka ibiltaria, 2023an, Durangon. HITZA
Dinagu kolektiboaren Nomadak Gaitun artisau azoka ibiltaria, 2023an, Durangon. HITZA
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Espazioak irabazi beharra» izan da Emakundek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek Emakumeen Nazioarteko Egunerako ondu duten kanpainaren aldarri nagusia. Bada, horixe bera egingo dute zenbait emakumek igandean, Lekeition (Bizkaia), bederatzigarren aldiz.

Euskal Herrian laurehun nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza azokatik gora egiten dira urtean. Bakoitzak bere berezitasunak eta ohiturak ditu. Lehen bi motetakoen jatorria baserrietako lanetan datza. Eta baserriak eta jendaurreko tratua gizonen lantzat hartu izan dira historikoki. 

Halere, artisau azoketan artisau gehienak emakumeak izatea ez da kasualitatea. Duela hiru urte, Dinagu kolektiboak Nomadak Gaitun azoka ibiltaria egin zuen Lazkaon, eta horri buruzko kronika argitaratu zuen BERRIAk. Kronika horretan, Leire Aiartzaguena sortzaileak aipatu zuen ekoizleen lana zaintza, etxeko ardurak eta bestelako zereginak kontziliatzeko modukoa dela.

Bada, haiek egiten duten lana ikusarazte aldera, zenbait udalerritan emakume ekintzaileen azokak antolatzen dituzte: Ugaon, Zornotzan (Bizkaia), Zarautzen eta Iruran (Gipuzkoa), besteak beste. Lekeitio ere zerrenda horretan dago, duela bederatzi urtetik azoka bat egiten baitute emakume sortzaile eta ekintzaileek beren lekua izan dezaten. 

Bertakoa zabaldu

Lekeitioko azokak badu beste bitxikeria bat. Gainerakoak bezala, emakumeek egiten duten lana aintzatestea, lan hori ikusaraztea eta indartzea da egitasmoaren helburua, eta bereziki Lekeitioko eta inguruko emakumeei ematen diete leku hori. Aurtengo aldian, 22 postu ipintzeko deialdia zabaldu zuten, eta guztiak bete dira. Antolatzaileek azaldu dute zenbait artisau itxaron zerrendan geratu direla.

Sortzaileen jatorriari dagokionez, iragarri dute igande honetan proiektuak eta lanak erakusten eta saltzen arituko diren ekintzaile guztiak Bizkaitik joango direla. Lurralde berekoak izanagatik ere, haien sorkuntzak askotarikoak izango dira. Barazkien merkatuetan aniztasuna egoten bada, zer esanik ez artisau merkatuetan. 

Antolatzaileek aurreratu dute bertaratzen direnek denetarik aurkituko dutela: produktu gastronomikoen artean, baserriko ogia eta gozogintzako jakiak egongo dira, eta eskulanei dagokienez, bitxigintza, poltsak, osagarriak eta jostailuak, esate baterako.

Aurten azokak bederatzigarren aldia izango du, eta aurrekoetan izan duen arrakastaren seinaletzat jo dute hori antolatzaileek. Bai herritarrek azokari egindako harreragatik, baita sortzaileen erantzunagatik ere. Adierazi dutenez, herritarrek beti «eskertzen» dituzte halako ekitaldiak. Sortzaileek, berriz, urtez urte ekartzen dituzte beren sorkuntzak Lekeitioko plazara, eta hori azokaren arrakastaren seinale da, antolatzaileen ustez.

Aurrekoen arrakasta ikusita, aurtengoak berritasunen bat izango du: ordu erdiz luzatu dute erakusketa eta salmentarako ordutegia: 11:00etatik 14:30era izango da. Herriko plazan jarriko dute azoka, baina, eguraldi txarra eginez gero, topagunea Andra Mari Zuriaren Zeruratzearen elizpean egokituko dute.

Agurra aratusteei

Igandeko azokarako beroketa moduan, larunbatean ere izango da zer ospatu Lekeitioko kaleetan. Duela hilabete hasi zuten aratusteen egitaraua, eta larunbat honetan emango diote amaiera. Etorkizuna dantza taldeko kideek, Aittitta Makurra txarangaren laguntzaz, inudeen eta artzainen kalejira egingo dute, 12:30ean, Trinkete Etxetik hasita, plazaraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA