Artisau azoka

Ekoizle txikien azoka ibiltaria, Lazkaon

Dinagu kolektiboaren Nomadak Gaitun azoka ibiltariak Lazkaoko Biziolan egingo du geldialdia asteburu honetan.

(ID_13423687) (/EZEZAGUNA) (;)
Dinagu kolektiboaren Nomadak Gaitun azoka ibiltaria, aurtengo ekainean, Durangon. HITZA
Kerman Garralda Zubimendi.
Lazkao
2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Leire Aiartzaguena duela pare bat urte jabetu zen sortzaileen artean gehiengo handi bat emakumezkoa dela. «Ez da kasualitatea», dio. Izan ere, haren ustez, zaintza, etxeko ardurak eta bestelako zereginak kontziliatzeko moduko lana da ekoizleena. «Ikusirik beste esparru batzuetako emakumeak biltzen direla, pentsatu genuen emakume sortzaileok ere elkartu gintezkeela, saretu». Hala sortu zuten Dinagu kolektiboa Aiartzaguenak eta beste zenbait ekoizlek. «Emakume sortzaileok biltzeko, saretzeko eta indartzeko sortu genuen Dinagu».

Emakume ekoizleen elkarlan horretatik, nork bere produktuak eskaintzeko azoka ibiltari bat sortu zuten gerora: Nomadak gaitun. Nomaden eta sortzaileen bizimoduei antzekotasunak bilatuz jarri zioten azokari izena. Orain bi urte abiatu zuten, eta Azpeitia izan zuten lehen plaza. Euskal Herriko hainbat txokotan izan dira harrezkero: Gernika-Lumom (Bizkaia), Donostian, Laudion (Araba), Iruñean eta Saran (Lapurdi), besteak beste. Lazkaoko Biziolan egingo dute hurrengo geldialdia, bihar eta etzi. 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara izango dira bihar, eta igandean, berriz, 11:00etatik 15:00ak bitarte.

Amalur markako ekoizleetako bat da Aiartzaguena, eta, zehaztu duenez, Euskal Herri osoko askotariko diziplinetako 61 emakume ekoizle egongo dira asteburuan Lazkaon. Larunbatean, 31 ekoizlek jarriko dituzte euren produktuak salgai, eta igandean, 30ek. Bertan izango da Aiartzaguena ere, Ainhoa Gangoitia bere kidearekin batera. Gangoitiak esan du ekoizle txikientzat «garrantzi handia» izaten dutela gisa horretako azokek: «Ikusgarritasun handia ematen digute sortzaileoi. Ni bizkaitarra naiz, eta kolektiboak aukera eman dit Gipuzkoan ere erakusleiho bat izateko». Aiartzaguenak azaldu du, halaber, jendea kontzientziatuta eta kontsumitzeko asmoz joaten dela azoketara, «eta ez ikustera bakarrik». Bat dator harekin Gangoitia. «Lauzpabost azoketan hartu dut parte, hasieratik, eta oso ondo atera dira denak». Biek diotenez, «jende asko» batzen dituen azokak izan dira orain artekoak, eta Lazkaon ere hala izatea dute desio.

«Ikusirik beste esparru batzuetako emakumeak biltzen direla, pentsatu genuen emakume sortzaileok ere elkartu gintezkeela».LEIRE AIARTZAGUENA Dinagu kolektiboko kidea

Baikor dira biak. Izan ere, Goierriko liburu eta disko azoka ere izango da Lazkaon asteburu honetan, eta horrek ere jendea erakarriko dutela uste dute. Gainera, Gabonak salerosketarako garai «ona» direla diote. Horregatik, hain zuzen ere, asteburuko azokarako propio sortutako alkandorak, jertseak eta osagarriak eramango dituztela jakinarazi dute: «Neurrira eta eskuz egindako jantziak egiten ditugunez, normalean, stock txikia izaten dugu. Baina azoketarako askotariko neurrietako bi edo hiru jantzi gehiago sortzen ditut».

Elkarlana

Salerosketaren balio bera ematen dioten beste hainbat faktore hartzen dituzte aitzat Dinagu kolektiboko kideek: hala nola eskuz egindakoa eta bertakoa den materiala, hondakinen trataera jasangarria, hizkuntza eta feminismoa. «Euskara, adibidez, erdigunean jartzen dugu», adierazi du Gangoitiak. «Euskaraz ez dakien norbaitek ere parte har dezake, baina ezinbestekoa da sentsibilizazio pixka bat izatea. Euskal Herrian egonda, kontsumitzaileak euskaraz kontsumitzeko aukera izan behar duela sinetsita gaude, eta horri garrantzia berezia ematen diogu».

Balio horiekin bat egiten duen gunea da, hain justu, Lazkaoko Biziola, eta horrexegatik erabaki dute elkarrekin lan egitea. «Beti bilatu izan dugu gure balioekin bat datozen proiektuekin elkarlana», esan du Aiartzaguenak. Horren adibide gisara jarri du Azpeitian egin zuten lehen azokan Elikaguneko kideekin eta bertako ekoizle txikiekin egindako elkarlana. Biziola irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba bat da, Goierri eskualdeko kontsumo ereduak aldatzeko helburuarekin sortu zena 2022an. Horretarako, goierritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretu nahi dituzte, «Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago bat lortzeko bidean». proiektu zehatzak abiatzeko.

«Ekoizle txikiontzat garrantzi handia dute halako azokek, ikusgarritasun handia ematen digutelako».AINHOA GANGOITIA Dinagu kolektiboko kidea

Lazkaoko azokan Biziolako dendan euren produktuak saldu ohi dituzten ekoizleei ere tokia egin diete azokan. Astigoxo markari, adibidez. Zaldibiko Eider Garmendia eta Beasaingo Susanne Klemm dira Astigoxoko kideak, eta Biziolan bertan dute gozogintzako tailerra. Bikoteak Dinagu kolektiboaren balioekin bat egiten duenez, azokaren parte izango dira.

Hazte prozesua

Azoketan parte hartzea librea izaten dela jakinarazi dute Aiartzaguenak eta Gangoitiak. Ekoizleen lan kargaren, prestasunaren eta gogoaren arabera aldatzen dira salmahaiak. «Gure sare sozialen bidez jakinarazten ditugu aurrera begirako azokak, eta izena emateko aukera ere ematen dugu». Salmahaietan parte hartzeko izena ematen duenak «asko» direla dio Gangoitiak, denbora tarte laburrean «garapen handia» izan baitute. Nolanahi ere, Dinaguko talde eragilean «nahi baino gutxiago» direla azaldu dute, eta gonbita egin diete inguruko sortzaileei ardura postuetara jauzi egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.