Zerumuga espazioko sortzailea

Izaskun Marturet: «Politena da kirola airean egiterakoan jolasteko gogoa pizten dela»

Kirola, jolasa eta lasaitasuna sustatzen ditu Marturetek Zerumuga proiektuan: «Gauza errazak egiteko joera dugu, azkar egin daitekeena; pazientzia lantzea ere garrantzitsua da».

Izaskun Marturet. IDOIA ZABALETA / FOKU
IDOIA ZABALETA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2026ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izaskun Marturet (Iruñea, 1978) hegan doa sabaian zintzilik dauden koloretako oihalen artean. Besteak beste, aireko yoga, grabitatearen kontrako diziplina, aireko dantza eta soka malgua irakasten ditu berak sortutako Zerumuga espazioan. Esfortzua eta jolasa uztartu nahi ditu irakasten dituen kiroletan, eta horretarako zentroko ateak irekiko ditu abuztuan bezeroek hurrengo ikastaroko jarduerak proba ditzaten.

Kirola beti izan duzu bidelagun?

Bai. Beti izan dut zaletasun gisa, eta nire aerobikeko irakasleak aurkeztu zizkidan airean egiten diren kirolak. Hortik aurrera era bateko eta besteko formakuntzak egiten hasi nintzen. 

Zergatik murgildu zinen airean egiten diren kirolen mundu horretan?

Kasualitatez deskubritu nituen; eskola batean probatu nituen, eta asko gustatu zitzaizkidan, betidanik eskaladan aritu bainaiz eta hori ekartzen baitzidaten gogora.

Airean egotea nahiago duzu?

Bai, lurrean nahiko traketsa naiz!

Hasierako formakuntza horietan landatu zenuen Zerumugaren hazia?

Bai. Beti besteentzat lan egin dut, gimnasioetan batez ere, eta nire bikotekideak beti esaten zidan zerbait neure kabuz ireki behar nuela. Gainera, aireko kirol hauetan lanean hasi nintzenean oso zaila zen materiala edozein gimnasiotan jartzea, leku asko behar delako. Neure kabuz egiteko aukera ikusi nuen; beldurrez, hori bai. 

Nolakoak izan ziren lehen hilabeteak?

Zorte oso txarra izan nuen, 2019ko irailean ireki bainuen Zerumuga. Hortik gutxira COVID-19 pandemia etorri zen, eta itxi egin behar izan nuen. Uste dut ez dudala inoiz ere berreskuratuko hemen jarri dudan dirua, baina maite dut proiektua. Bada ziurtasun falta ere; izan ere, normalean jendeak izena ematen du, baina ez dakizu ikasturtea nola aterako den. 

Nolakoa da yoga airera eramateko prozesua?

Hamakak sabaitik zintzilikatuta daude, eta hori da dugun oinarria; teknikak ikasi behar dira, eta horiei esker irudi batzuk egin daitezke. Politena da kirola airean egiterakoan jolasteko gogoa pizten dela; kontzentrazioa behar da, noski, baina alaitasuna ere presente dago. Jolasa eta erronka elkartzen dira.

(ID_17857480274885) (/Estudio Kentaro) Zerumugako ikasleak
Zerumugako ikasleak aireko yoga egiten. ESTUDIO KENTARO
Parkeetako zabuak ekartzen dizkizu gogora?

Bai. Zabuak betidanik gustatu zaizkit; amak nire bila etorri behar izaten zuen. Zuhaitzetan ibiltzen nintzen beti, zintzilikatuta. Airean mugitzea beti gustatu zait. Praktikatzen ditugun kiroletan jolas hori dagoenez, ez zaizu inporta esfortzu hori egitera etortzea. Gauza errazak egiteko joera dugu, azkar egin daitezkeenak, eta pazientzia lantzea ere garrantzitsua da, eta kirol hauetan ere lantzen da.

Zein da egiten dituzuen formen artean arrakastatsuena?

Buruz behera jartzearena. Hamaketan esertzen gara, buelta eman, aldaka hamakekin harrapatu eta guztiz erlaxatzen gara: bizkarra guztiz luzatzen da. Lehenengo egunean ikaslea beldur bada, agian ez du hainbeste nabarituko erlaxazioa, baina poliki-poliki lortuko du.

Zer lantzen da soka malguan?

Batez ere potentzia. Arnesa sabaitik zintzilikatuta dago goma batzuen bidez, eta aldakan jartzen da. Horietatik tiratu behar duzu, eta horrela potentzia lantzen da: korrika egiten da, eta gero salto, baina goma horiek artikulazioak babesten dituzte. Oso dibertigarria da, segundo batzuetan behintzat hegan egiten duzula ematen duelako. Konturatu gabe asko nekatzen zara.

Nola sentitzen zara airean zaudenean?

Hain barneratua dudanez, ez dakit nola azaldu. Asko gustatzen zait buruz behera jartzea; nire herriko etxean hamaka bat dut, eta horretarako erabiltzen dut. Egun osoan zutik edo eserita zaude, eta borobilduz zoaz poliki-poliki, eta buruz behera jartzen zarenean justu kontrakoa gertatzen da: luzatzen zara lurrerantz.

«Hamakak sabaitik zintzilikatuta daude, eta hori da dugun oinarria; teknikak ikasi behar dira, eta horiei esker irudi batzuk egin daitezke»

Gorputza beste modu batean mugitzeko aukera ematen du?

Bai. Airean gorputz osoa mugitzen duzu, oso desberdina da mugimendu horiek airean egitea.

Kirol bakoitzak bere erritmoa du?

Bai. Kanpotik ikusita badirudi nahiko antzekoak direla, baina ez da horrela.

Zertan datza mugimendu kontzientea?

Kontzientzia presente dago klaseetan, baina ez da aipatzen. Zure gorputza beste modu batean mugitzen da kontzienteki mugitzen zarenean; gorputza zaintzeko beharrezkoa da. Agian ondokoak ariketa modu batean egiten du, baina zuk beste modu batean egin behar duzu. Gorputz bakoitzak bere historia du.

Nolakoa da ikastaroko lehen eguna?

Beti dago urduritasun puntu bat. Batzuek uste dute ezin dutela egin, eta gero ikusten dute teknika ikasi behar dutela, besterik ez. Batzuek beldurra ere izaten dute. «Ez zaitez oso urrun joan», esaten didate askok. 

Eta azkeneko eguna?

Gehien esaten didatena hauxe da: «Noiz hasiko gara berriz?» Asko etortzen dira urtero, eta talde polita sortu dugu. Ikasle gehienak emakumeak dira, eta ahizpatasun giroa sortu da denon artean.

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA