Sanferminak Iruñean. Sanfer-minak

Poltsikoko mina

joxerra senar
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Kontsumo Proba Ikaragarria dira sanferminak; hots, KPI izugarria. Ogitarteko bat nahi duzula Gazteluko plazan? Bederatzi euro. Sorbete bat? Hamabi euro. Eta zer esanik ez gaupasak kateatuz gero, edo peña bateko kidea bazara. Benetan Puzten dira Gaiak, bai, eta, jakina, inflazio hori neurtzeko, hemendik ez da bankari zentralik pasatzen. Berdin dio. Batek daki, Trichet jaunak astebete Iruñean egingo balu, agian, hobeto joango litzaiguke guztioi eta, era berean, ziurrenik zertxobait gehiago ulertuko genioke. Badakizue, in vino veritas. BPGaren hazkundea handia bada ere, Benetako Plazer Gordina dira festok.

Errealitate paraekonomiko honek nahasmenduak eragiten dizkit. Goizean esnatu eta telebista piztean Alemaniako bund-az eta arrisku primaz jardun dute hizketan. Sanferminetan bund-ak baino gehiago, giro mund-iala ezagutzen dut, eta berdin dio alemaniarra edo euskal herritarra zaren. Entzierroko dibinoen edo hankaokerren arrisku prima etorri zait ondoren gogora. Adibidez, zezen plazan adarkatu zuten australiar ergelaren arrisku prima Cesar Kructxagarena baino 500 puntu gorago kobratzen zen Santo Domingoko merkatuan.

Kontu korronte balantzeaz ez galdetu. Zuritik gorrira egin dute zifrek. Trukean, esporta bat (saski handi bat, Lizarraga Ergoienako euskaran) betea dut inporta ez duten produktuz: forma orotariko betaurrekoak, burbuilatxoak sortzen dituzten pistolak, pare bat txapel eta plastikozko eraztunak. MDP, alegia. Min Dut Poltsikoan, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.