Pop doinuak, akustikoan

Keu Agirretxea kantariak kontzertua emango du gaur arratsaldean Arrasateko Kulturate aretoan

Keu Agirretxea musikaria. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Irailerako hainbat kontzertu akustiko antolatu ditu Arrasateko Udalak Kulturate aretoan. Horien artean, gaur Keu Agirretxea kantariaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.

Agirretxea letra larriz idatzitako gitarra-jotzailea da, baina, horrez gain, poparen melodia borobilak dagoeneko berezkoak ditu, eta ahotsarekin lanketa sakona egin du. Ez da harritzekoa, hortaz, kantu txiki-handi ederrak sortu izana. Are gehiago, hurbileko melodia horietako batzuk folk eta jazzaren arteko etxe giro goxoan egokitu ditu. Baina badira pop-rock xuxurlatuan sortutako doinuak; baita Rio Grandeko mugaldean zein Mississipi ertzeko arrainak harrapatzen idatzitakoak ere.

Luzaroan gitarra jotzaile gisa soilik ezagutua izan bada ere, aspaldi hasi zen konposatzen eta hori guztia jendaurrean erakusten. Hasi, eta ezin gelditu: Uek izenpean lan instrumentalak lehenengo, eta, talde izaera emanda, rocka geroago. Hori gutxi balitz, Keu Agirretxea izen biluziagoa erabilita, formato akustikoan ere aritzen da; eta estraineko Une akustikoak-en ostean, Denbora vs. Kantuak CD-DVDa argitaratu du aurten.

Kantariaren abestien artean Jantzi urdina da nabarmenetako bat, Interneten entzun daitekeena. Patxadaz entzuteko doinu lasaia da, beste asko bezala.

KEU AGIRRETXEA

Non. Arrasateko Kulturate aretoan (Gipuzkoa).

Noiz. Gaur, 20:00etan. Doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.