Emakume manikiak biluzik dituen erakusleiho bat, «dena erdi prezioan» dioena. Horrela irudikatu du Camilak prostituzioa: «Niretzat, prostituzioa denda handi bat bezalakoa da, gizonak traje bat aukeratu eta erosten duen denda handi bat balitz bezala. Gure lana itxarotea da, erosteko zain dauden trajeek egiten duten bezala». Prostituzioan aritu diren hamar emakumeren gisa horretako testigantzak daude irakurgai Munduko Medikuak GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako PosicionArte erakusketan. Donostian dago ikusgai, EHUren Carlos Santamaria zentroko Txillardegi aretoan, hilaren 27ra arte.
Camilaren istorioak erakusten du prostituzioa «matxismo hegemonikoaren adierazpen nagusia» dela, paneletako batean irakurri daitekeenez. Hori salatzea da erakusketaren helburua, GKEak Gaztela-Mantxan (Espainia) duen esku hartzeen teknikari Yailyn Alvaradok azaldu duenez: «Prostituzioa genero indarkeriaren beste adierazpide bat dela nabarmentzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko erreminta bat sortu nahi genuen».
Izan ere, erakunde horrek Gaztela-Mantxan egindako proiektu batean oinarrituta dago erakusketa. Bertan, prostituzioan ari diren edo aritu diren hamar emakumeren bizitza istorioak biltzeko lanketa bat egin zuten, eta argazki erakusketan islatu dituzte gero. Nork bere erara irudikatu du prostituzioa: Martarentzat, prostituzioa antzerki edo ikuskizun baten modukoa da, «non zu zeu izateari utzi eta zure izena, janzkera eta jokabidea aldatzen dituzun». Leonorrek, berriz, armiarma sare batean harrapatuta dagoela sentitzen du, prostituzioaren sarean. Rebecak etxean izara zuriak erabiltzeari utzi dio, prostituzio etxeetan halakoak izaten dituztelako. Elementu horien argazkiek lagunduta ageri dira haien testigantzak.
«Erakundeok eskatzen dugu prostituzioa genero indarkeriatzat hartua izan dadila»
Yailyn Alvarado Munduko Medikuak GKEko kidea
Baina, Gaztela-Mantxakoa izanik ere, istorio horiek Euskal Herrira ekarri daitezkeela nabarmendu du Cristina Gonzalezek, Munduko Medikuak GKEko Arabako teknikariak. «Horregatik erabaki genuen Euskal Herrira ekartzea. Euskal Herrian prostituzioan ari diren emakumeenen oso parekoak dira errealitate horiek, antzeko ondorioak pairatzen baitituzte».
Maila askotako ondorioak ekartzen baitizkie prostituzioak emakume horiei. Askotan, zaurgarritasun egoeran bizi direlako iristen dira horra, eta, behin prostituzioan hasita, okerrera egiten du kontuak: «Ondorio ugari izaten dituzte: sexu bidez kutsaturiko gaixotasunak, infekzioak, nahi gabeko haurdunaldiak, abortuak... Ondorio psikologikoak ere bai, ezkutuen geratzen direnak: bakartzea, erruduntasuna, trauma osteko estresa, antsietatea, depresioa...».
Eskaria arazo
Arazoaren jatorria argi dute erakundeko kideek: gizonezkoen eskaririk gabe, ez legoke prostituziorik. «Emakumeen gorputza erabiltzea eskubidetzat hartzen duen maskulinitate hori desagerrarazi ahal izango bagenu, ez litzateke sexu esplotaziorik eta salerosketarik izango», esan du Alvaradok.
Bat dator Gonzalez ere: «Orain arte proxenetak jartzen ziren jomugan, eta haien aurka egin behar da, noski. Baina kontsumitzaileek, putazaleek ere badute erantzukizuna. Nik uste dut gizarte gisa hausnarketa hori egitea falta zaigula, dauzkagun arazorik handienetako bat normalizazioa baita». Horregatik guztiagatik uste dute prostituzio guneak «sexu esplotaziorako ingurunetzat» hartu behar direla. Konponbidea, berriz, hezkuntza afektibo-sexualaren bidetik bilatu behar dela uste dute, ume-umetatik.
Alde horretatik, erakundeek duten erantzukizuna ere nabarmendu dute. «Erakunde sozialek zera eskatzen dugu, prostituzioa eta sexu esplotazioa genero indarkeriatzat hartuak izan daitezela, biktimek modua izan dezaten indarkeria horiek pairatzen dituztenei aitortu dizkieten eskubideak izateko. Izan ere, egoera horretatik ateratzeko, formakuntza, lan alternatibak, bizitegi aukerak eta abar behar dituzte».
Prozesua aberasgarria izan dela azaldu dute, askotan emakume horiek ez dutelako esperientzia horietaz aritzeko tokirik izaten, izan familiek ez dutelako horren berri, izan estigmatizazioaren beldur direlako. «Artearen bidez, haien bizitzaren parte den esperientzia hori transmititu ahal izan dute, normalean ezkutuan geratzen baita», nabarmendu du Alvaradok.
Amaitzeko, mezu bat zabaldu dute, erakusketara doazen guztiak interpelatzeko modukoa: «Prostituzioak zer ezkutatzen duen ikusi duzunez, egoera hau aldatzeko konpromisoa hartzeko aukera duzu». Posizionatzeko gonbidapena.