El castillo ez da prostituzioaren eta emakumeen salerosketaren munduari buruzko beste telesail bat. Hasteko, proposamen narratiboagatik nabarmentzen da: hainbat pertsonaia ditu ardatz, eta, haien bidez, geruza eta ikuspegi desberdinak eransten dizkio istorioari. Proposamen formalak ere badu berezitasunik, erromantizaziotik eta sexualizaziotik urrun dagoen begirada baten alde egiten baitu. Horri guztiari mezu gogor, lehor eta zuzen bat gehitzen zaio, kontzesiorik gabea, baina moralismora edo dena gehiegi azpimarratzera jo gabe.
Isabel Peñak, Eduardo Villanuevak, Elena Martinek eta Sandra Romerok zortzi eskutara sortutako telesailean, prostituzioaren eta emakumeen salerosketaren mundu ilun eta gogorrean murgilduko da ikuslea, hasieratik bertatik.
1999 eta 2004 artean girotuta dago istorioa. Liesak (Omar Ayuso), polizia inspektore gazte hasiberriak, eta haren lankide Osesek (Laia Marull) sumatu dute zerbait aldatzen ari dela Espainiako burdeletan. El Suizo ezizenez esaten dioten gizonezkoak (Raul Arevalo) eta haren kideek errepide bazterreko hainbat klub kudeatzen dituzte, eta emakumeak sexu esplotazioaren mende dituzte bertan. Emakume horietako bat Claudia da (Valentina Vidal): 18 urte besterik ez du, eta seme txiki bat utzi du Kolonbian; Espainiara bizimodu hobe baten bila etorri den arren, guztiz bestelako errealitate bat aurkituko du.
Pertsonaiak bikain idatzita daude, eta haiei eusten dieten antzezpenak maila handikoak dira. Bereziki nabarmentzekoak dira Valentina Vidal eta Raul Arevalo. Azken horrek karikaturara jo gabe eratzen du bere pertsonaia: proxeneta mehatxatzaile, hotz eta aldi berean hurbila da, eta horrek are deserosoago egiten du haren presentzia. Vidalek, berriz, telesailaren dimentsio emozionalari eusten dio. Haren pertsonaiaren bidez, ikusleak ez du urrunetik behatzen salerosketaren fenomenoa: harekin batera egingo du bidaia.
Proposamen formala eredugarria da, guztiz bat egiten baitu kontatu nahi den istorioarekin eta, batez ere, hizkuntza zinematografikoaren bidez ikusleari helarazi nahi zaionarekin. Narrazioa eliptikoa, lehorra eta gordina da, baina, aldi berean, oso sotila. Horren adibide argietako bat da sexua nola filmatzen den: emakumea planotik kanpo uzten da beti, haren gorputza ikuslearen begiradarako objektu bihurtu gabe. Lehen planoaren erabilerak ere badu bere funtzioa, zenbait testuingurutan pertsonaien beldurra eta ezinegona areagotzeko. Ez da formaren eta edukiaren arteko bereizketarik egiten; plano bakoitzak eta erabaki estetiko bakoitzak istorioaren barruan duen esanahia indartzen du.
Horri guztiari telesailak sortzen duen atmosfera itogarria gehitzen zaio. Giroa, espazioen itxura, argiztapena eta soinuaren erabilera direla medio, ikusleak ia fisikoki senti dezake istorioaren zikinkeria eta usteltasuna, ia usaintzeraino.
Eta, azkenik, mezua dago. Ertz politiko eta ekonomikoz betetako gidoi konplexu baten bidez, telesailak prostituzioaren inguruan historikoki eraiki diren botere harremanak eta interesak aztertzen ditu, eta gaur egun ere bizirik dirauten mekanismoen hainbat ertz erakusten ditu. Poliziatik eta epaitegietatik banketxeetara eta osasun publikora, prostituzioaren inguruko negozioak ehuntzen duen sare zabalaren hainbat pieza jartzen ditu mahai gainean.
Gaiaz film eta telesail ugarik hitz egin badute ere, El castillo urrundu egiten da gaiaren inguruan hainbestetan osatutako iruditeria oker, estereotipatu eta azaleko horretatik. Bikaina.
'EL CASTILLO'
- Sortzaileak. Isabel Peña, Eduardo Villanueva, Elena Martin eta Sandra Romero.
- Herrialdea. Espainia.
- Urtea. 2026.
- Aktoreak. Raul Arevalo, Valentina Vidal, Omar Ayuso eta Laia Marull.
- Non ikusi. Movistar+.
- Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
- Generoa. Drama, thrillerra.