Ostiralean hasiko dira Portugaleteko (Bizkaia) zaindariaren jaiak, mendeetako tradizioa duten San Roke jaiak. Egitarau zabala izango da astelehenera arte: kontzertuak, bazkariak, baita Portugaleteko historia sustatzeko ekitaldiak ere. Mari Jose Blanco Portugaleteko alkateak horrela egin die ongietorria jaiei: «Aurten ere, ilusioz, harro eta pozik biziko ditugu San Roke jaiak. Jaiok gure identitatearen eta elkarbizitza ulertzeko moduaren parte dira».
Besta ostiral arratsaldean hasiko da ofizialki, txupinazoa jaurtitzearekin batera. Baina, suziriaren burrunba entzun aurretik, sanrokeetako esku pilotako jaialdia egingo dute 17:00etan hasita, Los Llanoseko udal frontoian. 18:00etan, berriz, Erdi Aroko azokak ateak zabalduko ditu Andre Mariaren basilikaren eta Rantxeria plazaren inguruetan: tokian tokiko produktuak salduko dituzte. Ordu berean, haurrentzako antzerki emanaldia ere izango da; zehazki, Markeliñe taldearen Artilusio ikuskizuna, San Roke plazan.
Poliki-poliki, besta giroa Portugaleteko kaleetan barna zabalduko da. Hain zuzen ere, txupineroaren jaitsiera izango da 18:30ean, Ojillo kalean. Hari bidean lagun egiteko, musika izango da, baita erraldoien kalejira ere. Kalez kale ibili ondoren, udaletxera iritsiko dira. Han, ohorezko aurreskua dantzatuko dute Josu Basagoitik eta Portugaleteko dantza taldeek, Portugaleteko Txistu Zaleak elkartearen laguntzaz.
Txinpartaren zain
Merce Puig Zuluaga Portugaleteko Merkatua kuadrillakoak jaurtiko du aurtengo txupinazoa, 20:15ean. Baina ez du bakarrik egingo: ondoan izango du txupinero txikia, Eider Aldaiturriaga Vivanco alegia, Club Portugalete futbol taldearen ordezkari gisa. Bestalde, Abel Castañares Perez de Heredia izendatuko dute jaietako pregoilari, kirolean, kulturan eta gizarte arloan egin duen ibilbidea aitortzeko.
Txupinazoarekin batera hasiko dira San Roke jaiak. Suziria jaurti eta berehala, Portugaleteko danborrada Karlos VII.a, Castaños Jenerala eta Victor Chavarri kaleetan barna ibiliko da, eta Orube plazako kioskoraino joan gero. Kioskoan, danborrada osatzen duten sei konposizioak entzun ahal izango dira.
Danborren ibilbidea amaitu bezain pronto, kontzertuak izango dira; are, hiru ordu berean hasita, 22:30ean. Hasteko, Aimarz eta Tatta artistak izango dira kuadrillen agertokian; Rialia Industria Museoaren zabalgunean Ladilla Rusa taldeak joko du; eta, amaitzeko, Luis Miguel abeslariaren omenezko ikuskizuna izango da San Roke plazan. Hiru ikuskizunen artean aukeratu beharko dute bestazaleek. Jaien lehendabiziko egunari amaiera emateko, zezensuzkoa Orube plazan ibiliko da, umeen atzetik korrika.
«Beti bezala, koadernotxoak, zaindariaren jaietako egitarauaz gain, gure hiriaren historiari eta herritarrei buruzko hainbat artikulu interesgarri ere badakartza», adierazi du Estibaliz Freije Portugaleteko Kulturako eta Jaien Arloko zinegotziak. Bide beretik, egitarauan bertan ere, musika emanaldiez bestelakoak bilduko dituzte. Hain zuzen, aurten besta bereziak izango dira Rialia Industria Museoarentzat, duela hogei urte ireki baitzituen ateak industriari eskainitako museoak, gertuko ondare industriala kontserbatu ahal izateko, eta, beraz, museoaren ibilbidea ospatzeko asmoz, erakusketa iraunkorrak antolatu dira museoko solairu bakoitzean, gaien arabera banatuta.
Hala, astelehenera arte bestan murgilduak ibiliko dira Portugaleten, eta, horren harira, alkateak hauxe azpimarratu du: «Jai inklusiboak, seguruak eta inongo indarkeria eta diskriminaziorik gabekoak eraikitzen jarraitu nahi dugu. Errespetua, berdintasuna eta bizikidetza nagusi izango diren jaiak, guztiek aske eta lasai gozatu ahal izateko».