Sanferminak Iruñean. Sanfer-minak

Sanfer... min dut

joxerra senar
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Amaitu dira sanferminak, amaitu da dena. Aldez aurretik ohartarazita geunden, bai. Uztailaren 6a lehertzen den era berean, azkenean iritsi egiten delako uztailaren 14a ere. Baina festak aurrera egin ahala, egunek zentzua galtzen dute, denbora luzatu egiten da eta dejà vu sentsazioak errepikatu egiten dira. Egutegiaz ahaztu ere egin zaitezke, eta erabateko ustekabea inoiz ez bada ere, ezin izan dugu saihestu gure barrenetan zerbait sentitzea zezen plazako kailejoian Aldaz Anaiak enpresako hainbat zurgin ikusi ditugunean. Ohi baino gehiago. Entzierroa ikustera joan gara zezen plazara, eta zurginok ikusteak lehen abisua eman digu: lasterketa amaituta, hesiak kentzera doaz!

Determinismo horrekin dena desberdin ikusi ahal izan dugu bederen. Azken entzierroa, azken zezenak, azken lasterkariak, azken ergelak —denetarik baitago korrikalarien artean—. Zezen plazatik atera eta txokolatea txurroekin gosaltzera joan garenean, bigarren abisua jaso dugu: jendea zerbitzatzen ari diren tabernariei, nekatuta bada ere, helmugara ailegatzear denaren irrika nabari zaie. Handik atera, eta ezinbestekoa ikusi dugu: hesiak kentzen ari dira. Adiskideak ez du ikusi nahi izan, eta nik zeharka baino ez.

Ordu gutxi batzuk geratzen dira, bederen. Azken hondarrak. Erraldoien konpartsaren azken agurra, azken bermuta Zaldi Zurian, peñen azken irteera zezen plazatik, azken larrain dantza Gazteluko plazan...Honez gero, iruindarrak baino ez gara geratzen hirian, eta bakoitzak izan duen festaren araberako bestondoak gorputzean eragindako mina handiagoa edo txikiagoa bada ere, antzeko mina dugu guztiok ariman... Sanfer-mina.

Zortzi egun eta erdiko Arkadia Zoriontsu hau amaitu zaigu haur eta heldu, peñakide, txarangakide, unai, dantzari eta gainontzeko sanferminzale guztioi. Errealitate gordina zain dugu. Bart azkenak ematen ari den hiri batean lokartu ginen, eta gaur hiri mortu batean esnatuko gara... Barkatu, baina zenbat falta da sanferminetarako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.