Bakoitzak nahi duen doinu eta neurrian goza ditzake sanferminak eta bota ditzake bertsoak; betiere, gai jartzaileak zehaztapenik egin ez badu. Ainhoa Larretxea (Bera, Nafarroa, 1996) oholtzan delarik, haren aginduei men egin behar. Hala ariko dira bihar Andoni Egaña, Bittori Elizalde, Julio Soto eta Onintza Enbeita. Sarasate pasealekuan izanen da, 19:00etan, Larretxea gidari.
Zer tarterekin hasten zara bertso saioak prestatzen?
Gustatzen zait bizpahiru aste lehenago hastea, baina aitortuko dut normalean bezperako arratsaldea izaten dela produktiboena.
Biharkoarekin noiz hasi zinen?
Hasi... orain dela bizpahiru aste. Iazko saioak ikusi nituen. Halere, baliteke berriz ere bezperan egitea lan gehien [irriak].
Zein da lehenbiziko urratsa?
Egitura zehazten dut; bertsolari bakoitzak zenbatetan eta zeinekin abestuko duen. Gero, ariketa bakoitzaren tonua erabakitzen dut, nolakoa nahi nukeen izatea.
Zer gai dira jartzen zailagoak, umorezkoak ala serioak?
Nire ustez, umorezkoak. Gizarte serio batean bizi gara, eta niri horiek kostatzen zaizkit gehien, eta erranen nuke gai jartzaileen arteko konbertsazioetan ideia hori askotan ateratzen dela: zer zaila den.
Saioak txapelketa batekoak edo jai girokoak izan, zer neurritan aldatzen da zure lana?
Txapelketa batean, azken batean, irakurri egiten duzu. Gehiago zara gidari bat, taldean eginikoa jendaurrean aurkezten duena. Jaietako saioetan, zurea da ardura osoa. Ongi atera, edo gaizki atera.
Bakarrik bilatzen dituzu gaiak, ala eskatzen duzu laguntza?
Normalean, bakarrik egiten dut. Halere, behin saioa osatuta, konfiantzazko kideren bati erakutsi ohi diot. Eta, hori bai, sanferminei buruzkoak direnean, Iruñeko lagunei galdetzen diet gaiei buruz.
Zer gairi erreparatzen diezu?
Gustatzen zait ahalik eta erreferentzia gehien sartzea Iruñeari buruz. Uste dut horrek funtzionatzen duela, bertsozalea ere sanferminetan dagoelako. Sanferminen ekosisteman murgiltzen saiatzen naiz.
Aski da egunkarietako lerroburuak irakurtzearekin?
Ez. Nik uste dut Iruñeko sanferminetako saioak prestatzeko Iruñean egon behar duzula, edo, behintzat, gutxieneko ezagutza bat izan, azalean ez gelditzeko.
Zer ariketa mota ezin da faltatu?
Ez nuke errango badenik ariketa jakin bat. Gustatzen zait seriotik hasi eta umore tonuan bukatzea. Kopla batzuk beti sartzen dira ongi.
Bertsolari batek eskatzen badizu gaiak aurrez erakusteko, zer erantzuten duzu zuk?
Egia erran, oraindik ez zait inoiz gertatu, baina ezetz erranen nioke. Gertatu izan zait galdetzea ea bakarkakoa jarriko diodan-edo, eta horrelakoei bai, erantzuten diet. Gaiei buruzkoei, inoiz ez.
Haserretu zaizkizu inoiz?
Jai giroetakoetan ez, baina bertso jaialdi normalen batean bai.
Gai bat proposatzen duzunean, imajinatu ohi duzu zuk zer bertso botako zenukeen?
Bai, eta nik uste dut gai jartzaile bezala inportantea dela jakitea gai batek zer ibilbide izan dezakeen eta aurreikustea zein diren ibilbide posible horiek, badirelako ibilbide batzuk igual nik hauspotu nahi ez ditudanak. Ni bai, saiatzen naiz imajinatzen. Gero, noski, bertsolariak gu baino aski hobeak dira, eta beti hartzen ditugu sorpresak.
Diozunez, bertsolariak zuek baino aski hobeak dira. Askotan aditu dituzu horri buruzko zirikak?
Beti esaten dute gai jartzaileak bertsolari frustratuak garela [irriak]. Ez dakit egia edo gezurra den; nik ez dut inoiz plazetan kantatu. Hortxe utziko dugu.
Urtero zoaz sanferminetara?
Beratarra izanda, urte anitzetan Lesakan izan naiz, baina Iruñea deskubritu nuenetik, saiatzen naiz egun batez edo bitan etortzen.
Zer egun duzu maiteen?
Ez nuke jakingo egun bakarra aukeratzen, baina txupinazoarena probatzeko dut oraindik ere.
Udaletxe plazara sartu nahi duzu?
Seguru itoko naizela, baina bai. Gustatuko litzaidake gaiteroak ateratzen diren unean hor egotea.
ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Larretxea. Gai jartzailea
«Sanferminen ekosisteman murgiltzen saiatzen naiz»
Askotariko bertso jaialdiak gidatutakoa da Ainhoa Larretxea, eta, dioenez, sanferminetakoak franko maite ditu. Gai jartzaile gisa, ezinbestekotzat dauzka bai festei buruzko ezagutza, bai umorea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu