«Liburugintzaren abiadak herri baten kultur kondizioak, beharkizunak eta premiak adierazi ohi ditu. Bai, herri baten aurpegia liburutan ere ikus daiteke», idatziz hasi zuen Joan Mari Torrealdaik Euskal liburugintza 1976an artikulua Jakin aldizkariaren lehen alean, 1977an. «Herri baten aurpegia liburutan ere ikus daiteke», eta herri horrek zauritua eta zartatua zuen aurpegia 1976an. Franco hil berritan, frankismoak segitzen zuen oraindik Hegoaldean; Gasteizen martxoaren 3an egindako sarraskia da adibide latz bat. Bor-bor ari zen lapiko bat zen Euskal Herria, eta su txikian zein bizian loratzen ari ziren haren askatasunaren aldeko denetariko borrokak, alor guztietan. Donostiako Belodromoan egindako 24 orduak euskaraz ekitaldi jendetsua izan zen horren erakustaldi bat.
Eta zertan zen euskarazko liburugintza urte hartan? «1976ko liburugintzari begira, harritzen ez gaituen datu bat agertzen da nabarmen: euskaraz erabili gabeko gai asko gelditzen direla», idatzi zuen Torrealdaik. «Zeintzu falta zaizkigun? Betikoak, guti edo asko. Hitz gutitan, bizitza publikoari, administralgoari, bizitza ofizialari dagozkien gaiak oro falta dira euskaraz. Gehien erabili den saila literatura da, %23. Literatur sorketako lanik gehienak Kriseluk atera ditu aurten ere; horien artean, Arestirenak, 100 metro eta Ziutateaz». Euskal liburugintzako berrikuntza nabarmen gisa, zera aipatu zuen: «Irakaskuntzarako, haur eta gaztetxoen irakurketarako, euskara ikasteko pentsaturiko liburuak direla benetan nagusi». Ikastolak eta gau eskolak herriz herri hedatzen ari ziren garaia zen.
«Herri baten aurpegia liburutan ere ikus daiteke», eta izan behar du haiek non eskuratu. «Animatu ginen liburu denda bat ireki eta bertan euskaraz egon zitekeen material gehiena sasi-klandestinitatetik atera eta erdiko plazara kaleratzera. Geure kezkekin, urduritasunekin, baina kristoren ilusioarekin ireki genuen, eta zorioneko: asmatu genuen», kontatu du Jon Jakak, Donostiako Bilintx liburu dendaren sortzaileetako batek; haren anaia Joseba eta Goio Jaka eta Maria Jesus Lizarazu izan ziren gainerako sortzaileak. 1976ko abuztuaren 13an inauguratu zuten Donostiako Fermin Calbeton kaleko 30.eneko liburu denda hark 50 urte ditu aurten; kale bereko 21.ean dago, eta Elkar izena du orain. Hain zuzen, gaur ekitaldi berezi bat egingo dute bertan, 50 urteok ospatzeko.

«1976ko abuztuaren 13an ireki zen Bilintx, baina ez zen kontu inprobisatu bat izan», aurreratu du Jakak. Batetik, hasieran Joseba Jakak eta gero harekin batera haren anaia Goio eta Jonek denbora zeramaten ikastolekin eta gau eskolekin harremanetan, euskaraz zegoen materiala haietara banatzen, izan liburuak, izan apunteak. «Behar bati erantzuten genion». Halaber, artean euskararen kontrako jazarpena eta zentsura bizirik zeudela, batean zein bestean ibili behar izaten zuten euskaldunek beren hizkuntzan idatzitako liburuak eskuratzen, sasi-klandestinitatean. Asko izan ziren Baionako Zabal liburu dendara joaten zirenak euskarazko liburuak erostera. Hain zuzen, Iparraldeko hogei gaztek 1972an Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria sortu zuten —Elkar, alegia—, eta handik bi urtera Hegoaldeko beste hogei kide batu zitzaizkien; tartean, Jaka anaiak eta Jokin Apalategi. Bada, Joseba Jakak eta Jokin Apalategik sortu zuten Zabal liburu denda, 1974an.
«Joseba zenak bizpahiru urte zeramatzan hura kudeatzen; hortaz, bazekien liburu denda bat nola eraman behar zen», kontatu du haren anaia Jonek. Beraz, Jaka anaiek banaketan egiten zuten lanaren eta Josebak Zabalen jasotako esperientziaren emaitza izan zen Donostiako Fermin Calbeton kaleko 21.ean Bilintx zabaltzea. «Bilintx liburu dendan, saiatu ginen egon zitekeen euskal produktu zabalena biltzen, bai liburu, bai disko, bai kartel. Euskal gaitegi ahalik eta zabalena eduki nahi genuen, ezagutzen genuen dena. Aldi berean, beste atal batean liburu ekonomiko, politiko eta filosofikoak genituen, erdaraz. Erdi eta erdi izango zen. Oso liburu denda txikia zen arren, ez zegoen euskarazko produktuekin bakarrik betetzerik», azaldu du Jakak.
«Bilintx liburu dendan, saiatu ginen egon zitekeen euskal produktu zabalena biltzen, bai liburu, bai disko, bai kartel»
JON JAKA Bilintx dendaren sortzailea
«Harrera oso-oso ona» izan zuen euskaltzaleen artean. «Gogoratzen naiz ireki genuenean jende batek esaten zuela: ‘Joño, hau dena badago euskaraz?’. Eta ez zegoen hainbeste, e! Jarraian, ikastoletara haurrak bidaltzen zituzten gurasoek ikastoletan ikusten zuten material bat bazegoela, baina ez zekiten non jaso edo hartu zezaketen. Bilintx erakusleiho handi bat izan zen, jende horrek guztiak bere beharrak ase ahal izateko». Eta topagune bat ere bazen, elkargune bat. «Beharbada orain baino lasaixeago bizi ginen, eta euskaltzale jendea Bilintxera etortzen zen bilgune batera bezala: batak bestearekin elkarrizketatxo batzuk izan, iruzkinak egin... Topaleku bat zen jendearentzat», kontatu du Jakak.
Ez da ahaztu behar oraindik liburu asko debekatuta zeudela, eta horrek eragina izan zuela liburu dendan. «Orain dela 50 urte, liburu bat saltzeko amurik onena zen liburua debekatua izatea», esan du Jakak, umorez. «Eduki izan bagenu aukera Krutwigen Vasconia izateko, izugarri salduko genuen…». Ezin da galdera saihestu: Bilintx dendan debekatutako libururik saldu al zuten, ezkutuan baldin bazen ere? «Eta hori erantzun egin behar da?».
Euskara eta erdara
Bilintx ireki ostean, Zabaltzen banaketa enpresa sortu zuten, eta Elkar argitaletxeak Iparraldean 1972tik funtzionatzen zuen, baina Hegoaldean ere argitaratzeari ere ekin zioten 1978tik aurrera. «Denbora ez da alferrik pasatzen, eta liburu denda txiki gelditu zen», segitu du Jakak. Esterlines kalean —Fermin Calbetonen paraleloan— zuten Zabaltzen-en biltokia Igara auzora eraman zuten, eta lokal hartan ireki zuten Bilintxen bigarren denda. «Euskal gaia Fermin Calbetonen utzi genuen, eta erdal gaia Esterlines kalean jarri genuen», kontatu du Jakak.
Bilintx liburu dendaren aldi hartan sartu zen bertan lan egitera Rosa Granados, 1993an —duela bi urte hartu zuen erretiroa—. Bi dendetan aritzen zen, bai Fermin Calbetonekoan, bai Esterlinesekoan. «Donostian dendak txikiak ziren, eta bakoitzak bere espezialitatea zeukan: erlijio gaiak, euskal literatura, nazioarteko gaiak, unibertsitateko testuak... Hemen ja denetik zegoen, txikia zen arren. Eta dena eskuz egiten zen, eta denetik: paketeak jaso —egunero joaten ginen postara paketeen bila—, ireki, fitxatu... Eta jendearekiko harremana estuagoa zen: dendak txikiak zirenez, jendeak beti galdetu egiten zuen, eskatu... Eta oso ongi oroitzen naiz megadendaren sorreraz: 1994an hau ireki zenean, zer izan zen!».
«[Megadenda] Aldaketa izugarria izan zen: denetik saltzen genuen, eta jendeak lasaitasuna zuen gauzak ikusteko. Beren kasa ibil zitezkeen»
ROSA GRANADOSElkarreko langile erretiratua
Horra beste mugarri esanguratsu bat: 1994an, Bilintx denda historikoa beste zeregin batzuetara bideratu zuten, eta Esterlines kaleko denda hura atzealdean zegoen Fermin Calbetoneko 21.eneko lokalarekin batu zuten —gaur egun halaxe segitzen du—, eta Bilintx megadenda sortu. «Garai hartan, modan jarri ziren liburu denda handiak: orduan oso garrantzitsua zen material asko eta aukera handia edukitzea. Garai hartan, baloratu genuen liburu denda handi bat egitea, ahalik eta eskaintzarik handiena edukiko zuena», azaldu du Jakak.

Megadendak berekin ekarri zuen dena informatizatzea, batetik, eta euskarazko eta erdarazko liburuak espazio berean egotea, bestetik. Horren harira, nabarmendu du euskarazko liburuak positiboki diskriminatzen zituztela orduan, eta hala segitu dutela gaur egun arte. «[Espainiako] Estatu mailan argitaratzen diren liburuen %2-3 dira euskarazkoak, eta gure liburu dendetan saiatzen gara %20 inguru izan daitezen». Iritzi berekoa da Karlos Mintegi: «Gaur egun ere saiatzen gara euskarak presentzia izan dezan; gaztelaniazkoak adina ezinezkoa da, proportzio hori hor dagoelako, baina euskarak hemen, noski, garrantzi handia du». Ja megadenda sortua zegoela hasi zen bera Bilintxen lanean, 1996an, eta han dihardu gaur egun ere. «Ilusioz hasi nintzen, eta gaurdaino hementxe nabil».
Granadosek pozik gogoratzen du megadenda ireki zuten eguna: «Ilarak zeuden sartzeko: jendetza etorri zen. Aldaketa izugarria izan zen: denetik saltzen genuen, eta jendeak lasaitasuna zuen gauzak ikusteko. Ez zuten galdetzen ibili beharrik denda txikietan bezala; beren kasa ibil zitezkeen, eta liburuak ukitu. Eta gehiago saltzen zen. Horrelako dimentsioa izan zuen lehen liburu denda izan zen Donostian». Eta bezeroen profila ere zabaldu zen. «Aukera hori asko zabaldu zen bezero ezberdinengana, baina hasierako euskaldunek eta euskaltzaleek fidel izaten jarraitu zuten», nabarmendu du Jakak. «Denda honek ezaugarri nabarmen bat badu, hori da: euskaltzaleen fideltasuna», Mintegik.
Bilintxetik Elkarrera
«Megadenda ireki eta euskarazko liburu denda itxi zenean, akaso egon zen kezka: ‘Kitto, galdu diagu toki esanguratsu bat’. Baina ikustean euskara duintasun handiz tratatzen zela oraindik, kezka horiek galdu egin ziren, eta, nire ustez, gaur egun euskarazko liburu bat nahi duenak, beste inon ez badu aurkitzen, badaki nora jo», adierazi du Jakak. Eta kezka akaso ez, baina «pena» sentitu zuten askok Bilintx megadendak Elkar izena hartu zuenean 2005ean. «Sinergiak aprobetxatzearren» jarri zioten izen hori, Jakak azaldu duenez. Gaur egun hemezortzi Elkar denda daude Euskal Herrian, argitaletxea ere badago, eta banaketa enpresa ere bai.
Eta hor dirau, Fermin Calbeton kalean, behinola Bilintx izan zen Elkar liburu dendak. 50 urte ez dira alferrik pasatu, eta digitalizazioak ere eduki du eragina. «Garai batean, Elkar megadendan musika salmenten %20 zen, edo gehiago. Gaur egun, hutsaren hurrengoa da», esan du Jakak. «Aisialdiak beste bide batzuk hartu ditu, eta momentuan mina egiten diote paperari. Hori egia da. Halere, azken urteetako joera ere bada berriro paperera itzultzea: testugintzaren bidetik, besteek ere bide hori har dezakete. Berpiztu daiteke», azaldu du Mintegik.
«Gaur egun ere saiatzen gara euskarak presentzia izan dezan; euskarak hemen, noski, garrantzi handia du»
KARLOS MINTEGIElkarreko langilea
Beraz, badute itxaropena etorkizunean, eta, azken mende erdiaren errepasoa egitean, askotariko anekdotak oroitzeko gogoa ere bai. «Betiko bezeroak badaude», esan du Mintegik; «ezagutzen ditugu, eta, sartzen direnean, jakin ohi dugu zer eskatuko diguten edo zer begiratuko duten», segitu du Granadosek, irribarrez. «Eta etorri izan zaigu jendea esanez: ‘Ez dut oroitzen liburuaren izena, baina azal horia du, txori bat azaltzen da…’. Eta bagenekien zein zen. Orain, erretiroa hartuta, ni ari naiz hori egiten!», esan du, barrez.
Eta idazleak ere sartu izan dira dendan... «Idazle batzuk oso jatorrak dira, eta beren liburuak leku onean jartzea nahi dute. Normala da. Baina beste batzuk etortzen dira…», iradoki du Granadosek, eta Mintegik hartu dio segida: «Berea baino egongo ez balitz bezala!». Hori bai: «Durangoko Azokaren aurreko aldi honetan euskal produkzioak goia jotzen du, eta guk ez dugu agian lekurik argitaratu den guztiari behar duen tokia eta denbora emateko. Ez dugu guztiekin asmatuko, hori ere horrela da, baina saiatzen gara».