Segura: mende erdi batez dantzarien bilgune

50 urte beteko ditu aurten Euskal Herriko Dantza Txapelketak, eta lehen aldiz antolatu zenetik hainbat aldaketa izan ditu. Txapelketa irabazi duten hiru dantzari urte hauetan guztietan izan duen bilakaeraz mintzatu dira.

Euskal Herriko Dantza Txapelketa, Segurako frontoi zaharrean. SEGURAKO UDALAK UTZITAKO
Euskal Herriko Dantza Txapelketa, Segurako frontoi zaharrean. SEGURAKO UDALAK UTZITAKO
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fandangoa eta arin-arina. Aspalditik dantzatu izan dira Euskal Herrian; plazetan zein oholtzetan, erromerietan zein txapelketetan. Egongo da oraindik horiek dantzatu ez dituen herritarrik, baina horien alboan, gehiago dira dantza egin dutenak, eta horren erakusleiho da Euskal Herriko Dantza Txapelketa. 1977an ospatu zen lehen aldiz, Seguran (Gipuzkoa), eta, orduz geroztik, bertan egin da urtero, Segurako Udalak hala eskatuta. Herriko frontoi zaharra zen hasieran agertoki nagusia, baina, gerora, Baratze pilotalekura eraman dute ikuskizuna.

Lurdes Lopetegi Arruti (Lezo, Gipuzkoa, 1960) eta Juanito Sarriegi izan ziren irabazle lehenengo urtean, bai eta bigarrengoan eta laugarrengoan ere. Ezin izan zuten, baina, trofeoa etxera eraman —hiru urtez jarraian irabazi behar da trofeoa norbere udalaren esku gelditzeko, edo urte ezberdinetan bost aldiz irabazi—. Horien ostean, 1980an, Lurdes Esnaola Legasak (Lezo, Gipuzkoa, 1961) eta Joxe Juan Ugaldek —lezoarra bera ere— parte hartu zuten txapelketan, bai eta irabazi ere, hiru urtez jarraian, gainera. Lezora eraman zuten Nestor Basterretxearen pieza. Urte horietan, Antton Mendizabal Barandiaran (Donostia, 1960) eta Amaia Illarreta ere izan ziren lehian, baina ez zuten irabazi 1989ra arte. Orduan, hiru urtez jarraian irabazi, eta, beraz, Donostiara Basterretxearen pieza. Mendizabalen etxera, hain zuzen, bertan baitu trofeoa.

(ID_17909342067705) (/SEGURAKO UDALA)
Juanito Sarriegi eta Lurdes Lopetegi Euskal Herriko Dantza Txapelketan, 1977an. SEGURAKO UDALAK UTZITAKOA

Lopetegi, Esnaola eta Mendizabal Segurako txapelketan dantzan aritutakoak dira, eta bakoitza bere bidetik heldu zen txapelketara. Lopetegi, esaterako, 6 urterekin hasi zen dantzan, eta 15 urterekin txapelketetan. Patxi Larrea izan zuen maisu, eta Sarriegi dantzako bikote. Gogoan ditu garai horiek: «Juanitok behin esan zidan: ‘Lurdes, dantzatuko zinateke nirekin?’. Nik ezezkorik esaten ez dakidanez, baietz esan nion. Hala hasi nintzen txapelketen munduan». Baina Segurako txapelketa laugarrenez irabazi ostean, ezkondu, eta dantza utzi zuen.

«Juanitok behin esan zidan: ‘Lurdes, dantzatuko zinateke nirekin?’. Nik ezezkorik esaten ez dakidanez, baietz esan nion. Hala hasi nintzen txapelketen munduan»

LURDES LOPETEGI ARRUTI Dantza txapelketaren irabazlea

Esnaola ere gazte zelarik hasi zen dantzan, bai eta txapelketetan ere. Sarriegi izan du bidelagun urte guztietan, eta txapelketa mordoa irabazi dituzte elkarrekin. Haren bikotekide izatea nola tokatu zitzaion kontatu du: «Hasieran beste bikotekide bat tokatu zitzaion Joxe Juani, baina hark ez zuen txapelketetan ibili nahi, eta ni, berriz, desiratzen nengoen. Hortaz, Patxi Larreak ni jarri ninduen Joxe Juanekin».

(ID_17908548981685) (/EZEZAGUNA)
Lurdes Esnaola eta Joxe Juan Ugalde, Carlos Garaikoetxearekin batera, 1982an. SEGURAKO UDALAK UTZITAKOA

Gustura ibiltzen ziren Lopetegi eta Esnaola txapelketaz txapelketa, eta behin baino gehiagotan bi txapelketatan ere parte hartu izan zuten egun berean. Zazpi aldiz jarraian irabazi du Lopetegik Errenteriako Gipuzkoako Dantza Txapelketa, Sarriegirekin batera, eta urte batzuetan, hura jokatu ostean, Elizondora joaten ziren arratsaldean, Nafarroako Dantza Txapelketan lehiatzera. «Urte batean, gainera, Errenterian dantzatu nintzenean, zerbait egin nuen orkatilan. Beraz, aitak Hondarribiko petrikiloari deitu zion. Harengana joan ginen, hark krak batzuk egin, eta listo, orkatila konponduta, korrika Elizondora».

Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatu behar zuen egun berean Olaberrian (Gipuzkoa) beste txapelketa bat izan zuen Esnaolak. Eguerdian, Olaberrian, eta arratsaldean, Seguran. «Gaur egun, ez zaio inori bururatzen Euskal Herriko Dantza Txapelketaren aurretik beste txapelketa bat jartzea», adierazi du Esnaolak.

Txapelketetan «arrotz»

Mendizabalek, berriz, 19 urterekin parte hartu zuen lehen aldiz txapelketa batean, Lopetegik eta Esnaolak baino urte batzuk gehiagorekin. Aitortu du «arrotz» sentitzen zela hasieran, eta kosta egin zitzaiola bizimodu berrira egokitzea. «Oholtzara igotzen nintzenean ez nintzen Antton, Antt nintzen. Txiki-txikia sentitzen nintzen. Aldiz, Amaiak ezagun zuen asko aritua zela». Dena den, pixkanaka «mamuak uxatu» zituen, eta sendoago aritu zen oholtzan.

(ID_17915496620645) (/EZEZAGUNA) Joxe Juan Ugalde eta Antton Mendizabal
Joxe Juan Ugalde eta Antton Mendizabal, 1991n, Euskaldunon Egunkaria-k egindako elkarrizketa batean.

Gainontzeko lehiakideekin alderatu du bere burua Mendizabalek, eta adierazi besteak txapelketetarako prestatzen zirela espresuki. Illarreta eta bera, ostera, ez. «Gure lehentasuna ez zen txapelketa. Guretzat taldea zen garrantzitsuena». Eta lehiakortasunaren gainean hausnartu du: «Txapelketa batean, helburua ez da irabaztea; helburua da dantzariak txapelketetan parte hartu, bere buruarengan sinestea nolabait, eta dantzari gisa eboluzionatzea. Helburua izan liteke txapelketa irabaztea, baina badaude helburu handiagoak, alegia».

«Txapelketa batean helburua ez da irabaztea; helburua da dantzariak txapelketetan parte hartu, bere buruarengan sinestea nolabait, eta dantzari gisa eboluzionatzea»

ANTTON MENDIZABAL BARANDIARAN Dantza txapelketaren irabazlea

Badira urte batzuk Mendizabalek dantzari izateari utzi ziola, epaimahaikide lanei ekiteko, eta aitortu du, hein batean, bere burua gazteengan islatuta ikusten duela: «Aurrera egiteko eta hobetzeko gogoan bereziki».

Telebistaren eragina

50 urte hauetan aldaketak han-hemenka izan ditu txapelketak. Batzuk hoberako, eta, beste batzuk, berriz, txarrerako, dantzarien ustez. Baina argi dute txapelketak emandako saltorik handiena telebista izan dela: ETBren sorrerarekin batera hasi ziren saioa telebistan ematen, 1983an, eta horrek hainbat aldaketa ekarri dizkio txapelketari; horietako bat, eszenografia. Horri esker, txapelketa «aberastu» egin da, Mendizabalen iritziz: «Estetikoki aldatu egin da. Orain askoz ere sofistikatuagoa da. Baina normala da, gauzak aldatu egin baitira 50 urtean».

Esnaolak, aldiz, uste du Segurako txapelketa «oso ezberdina» dela telebista heldu zenetik. «Lehen, txapelketa egun bat lehenago hasten zen, jantziak plantxatzen hasten zinenean. Orain, astebete lehenago hasten da; izan ere, astebete lehenago ja badakizu zozketa egina dagoela, eta badakizu zenbatgarren dantzatu beharko duzun. Eta astearen erdian esaten dizute epaileak zeintzuk izango diren». Horrez gain, dantzariek ordu batzuk lehenago joan behar izaten dute Segurara, argi eta soinu probak egiteko. Horrek dantzariengan eragina duela azaldu du Esnaolak, «beroketak egiteko denbora gutxiago izaten baitute». 

Telebistaren eragina argi islatzen duen adibide bat jarri du Esnaolak: «Badakizu nola enteratu ziren gurasoak txapelketa irabazi nuela? Begira, Lezon elkarte bat dago, eta igandero joaten ziren hara ogitarteko batzuk jatera. Ez zuten autorik; beraz, ezin izan ziren Segurara joan. Etxetik irten nintzenean, amari esan nion ez nekiela zer gertatuko zen, baina, irabaziz gero, plazan dagoen Aizpea tabernara deituko nuela. Irabazi egin genuen, eta eskatu nuen lehenbiziko gauza izan zen mesedez Aizpeara dei zezatela. Deitu zuten, eta Aizpea tabernaren jabea korrika joan zen elkartera. Atea ireki, eta jabea han ikusi bezain pronto bazekiten irabazi egin nuela».

Aurtengo aldia, «berezia»

Hamar bikotek eman dute izena aurten, baina, azken orduko baja bat tarteko, azkenean bederatzi izango dira lehian. Izarra Urdalleta Iraola (Errezil, Gipuzkoa, 1975) Segurako alkateak adierazi du txapelketa antolatzea «arduraz» hartzen duela, eta «gainkarga» handia izaten dutela. «Antolatzaile batek ez du ikusle batek bezala disfrutatzen. Ez dauka zerikusirik. Guk barruko tripak ezagutzen ditugu, eta urduri egoten gara xehetasun guztiak ondo joan daitezen». 

Urte osoa daramate dantzarekin lotutako ekitaldiak antolatzen, berezia baita aurtengoa. Hori dela eta, eguneko egitarauari buelta bat eman diote: 12:00etan izango da txapelketa, etzi. «Festa bat izatea nahi dugu, ez txapelketa soilik», azaldu du Urdalletak. Gainera, pantaila handi bat jarriko dute frontoi zaharrean, Baratze pilotalekura sartu ezinik geratuko direnek han ikus dezaten.

«Dantzak indar handia dauka Seguran. Umetatik egiten den transmisioa bermatzen du, eta dantza taldeak ikasle asko ditu»

IZARRA URDALLETA IRAOLA Segurako alkatea

Dantzak herrian presentzia duela azaldu du alkateak, eta ez txapelketarengatik soilik. «Dantzak indar handia dauka Seguran. Umetatik egiten den transmisioa bermatzen du, eta dantza taldeak ikasle asko ditu». Eta taldearen lan aktiboa dela eta, urte osoan hainbat ekitaldi antolatzen dituzte herrian. Hortaz, Seguran dantza «bermatuta» dagoela iritzi dio Urdalletak.

Txapelketa 50 urte barru

Txapelketa sortu zutenetik 50 urte igaro dira, baina nolakoa izango da 50 urte barruko txapelketa? Dantzariak bat datoz: «Etorkizun zaila izango du». Esnaolak iritzi dio horren arrazoia dantzarien falta dela: «Geroz eta dantzari gutxiago daude. Jendeak ez daki zenbat sufritzen den, eta ez dute konpromisorik hartu nahi. Festak iritsi eta hurrengo egunean txapelketa baduzu, parranda ahaztu behar duzu. Lehen baino jende gehiago joaten da unibertsitatera, eta zaila izaten da lehen bezainbeste entseatzea». Parte hartzaileen datuetan sumatzen da aldaketa hori, eta Mendizabal ere ohartu da azken urteetako beherakadaz. «Hasierako urteetan askoz ere dantzari gehiagok parte hartzen zuten; orain gorabeherak ditugu. Ospe eta oihartzun handia zuen txapelketak, baina zerikusirik ez du oraingoarekin». Orduan Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere joaten zen Segurara; gaur egun, berriz, «pentsaezina» da, haren ustez, lehendakaria txapelketara joatea.

«Geroz eta dantzari gutxiago daude. Jendeak ez daki zenbat sufritzen den, eta ez dute konpromisorik hartu nahi»

LURDES ESNAOLA LEGASA Dantza txapelketaren irabazlea

Segurako alkateak, berriz, erronka nagusi bat nabarmendu du: beste 50 urte betetzea txapelketak. «Euskal Herriko txapelketa da, baina gipuzkoarrak dira parte hartzaile gehienak. Gainontzeko lurraldeetako parte hartzea jaitsi egin da. Dantzak erronka handia du aurrean, eta, horrekin batera, noski, baita txapelketak ere, biak eskutik baitoaz». Hortik harago jo du. «Uste dut ez dela txapelketa bera soilik. Euskal dantzak izan duen eraldaketa bat da, eta ez nuke esango txarrerako izan denik; besterik gabe, eraldaketa bat. Orain beste ohitura eta gustu batzuk ditugu». Eta euskal kulturan ere eraldaketa horiek nabaritu direla gehitu du.

Dantza hartzen ari den bideari buruz, Mendizabalek argi du: «Perspektiba zabaldu behar dugu, dantzak aurrera egin dezan nahi badugu. Txapelketan dantzatzen denak ez du helburu izan behar plazetan ere modu berean dantzatzea. Txapelketak ez du galdu behar plaza kutsua, eta horregatik landu behar dira komunikazio jostari horiek. Goxotasun hori eman behar du dantzak, zeina plazan gertatzen denera hurbiltzen den pixka bat».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA