Telesailaren unibertsoa Euskal Herriari estuki lotuta dago. Gaztelaniaz grabatu duten arren —euskara ere tarteka, ez asko, entzuten da— euskal nortasuna nabarmen islatzen du istorioak: gure lurraldeko paisaiak, bertako aktoreak eta denborak lurperatuta utzitako sekretuak izango dira kontakizunaren ardatz.
Sei ataleko telesaila Ura izeneko fikziozko herrian girotuta dago, eta Ledicia Costasen izen bereko eleberria du oinarri. Istorioaren erdigunean, Emma Cruz (Susana Abaitua) abokatua. Duela bi hamarkada arrastorik utzi gabe desagertutako bi neskaren kasua ikertzen hasiko da, hasieran lanbideari lotutako interesak bultzatuta. Pixkanaka, baina, ikerketa horrek gero eta gehiago harrapatu, eta obsesio bihurtuko da harentzat. Iraganarekin topo egingo du bidean, bereziki haurtzaroa betiko markatu zion gertakari batekin: ahizparen heriotza tragikoarekin. Galera horrek utzitako mina eta erruduntasun sentimendua berriz azaleratuko zaizkio.
Ura herriaren giro itxiak eta itxurazko lasaitasunak ezkutatzen duten guztia argitu nahiko du Emmak. Iraganeko gertakari ilunak azaleratzeko ahaleginean, ordea, ikerketaren mugak gainditu beharko ditu, eta bere barneko beldur eta zauriei ere aurre egin.
Euskal aktore ugarik parte hartu dute proiektuan. Abaituarekin batera, Jon Olivares, Iñigo Gastesi, Ane Gabarain, Iñigo Azpitarte, Nagore Cenizo-Arroyo, Asier Oruesagasti, Asier Hernandez, Mariasun Pagoaga eta Kandido Uranga ikusiko ditugu, besteak beste.
Abaituaren pertsonaia aipatu behar da; izan ere, gizarteak ezartzen dituen roletara egokitzen ez diren emakume horietako batena egiten du, Mare of Easttown telesaileko Kate Winsleten pertsonaiaren antzeko batena adibidez. Emma emakume azkarra, independentea eta bere lanbidean trebea da, baina itxura sendo horren atzean zaurgarritasun sakona ezkutatzen du. Sekula erabat sendatu ez den zauri bat darama barruan, eta duela hogei urte desagertutako bi neskaren kasuarekin duen obsesioa bere iraganeko traumetatik bereizi ezinik dago. Abaituak ñabardura handiz eraikitzen du pertsonaia, isiluneen, keinuen eta barne kontraesanen bidez emozioak transmititzeko gaitasunari esker, elkarrizketen bidez dena azaldu beharrik gabe.
Atmosfera trinkoa eta iluna du telesailak. Thriller nordikoen eta britainiarren eragin nabarmena du, eta etengabe mugitzen da misterioaren eta pertsonaien dramaren artean. Hala ere, suspensea ez da gertakari jakinetatik soilik sortzen. Pertsonaiek ezkutatzen dituzten sekretuek, hartzen dituzten erabakiek eta iraganeko zauri emozionalek ere elikatzen dute tentsioa.
Musikak ere protagonismo berezia du Infamia-n. Soinu banda Aitor Etxebarria konpositore gernikarraren esku egon da, istorioaren giro iluna eta tentsio narratiboa musikaren bidez osatzeko.
Lehen bi atalek, telesailaren tonuaren eta pertsonaien oinarriak ezarri, eta kontakizunak aurrera egiteko behar dituen elementuak aurkezten dituzte. Hirugarren ataletik aurrera erritmoak bestelako indarra hartuko du. Ikerketak aurrera egin ahala, trama dinamizatu egingo da, hasierako ataletan ereindako zalantzak eta tentsioak garatzen hasiko dira, eta istorioak gero eta indar handiagoz harrapatuko du ikuslea.
Euskal paisaiak, istorioaren parte
Bizkaiko hainbat paraje ezagun aukeratu dituzte Infamia telesailari forma emateko. Gorbeiako parke naturalean, Itzineko mendigunean, Urkiolako parke naturalean, Enkarterrin, Urdaibaiko biosfera erreserban eta Barrikako flyschean aritu da lanean. Halaber, Orozko, Areatza eta Turtzioz udalerriek ere hartu dituzte filmaketa saioak.
'infamia'
- Sortzaileak. Agustina Macri eta Beatriz Sanchis.
- Herrialdea. Espainia.
- Urtea. 2026.
- Aktoreak. Susana Abaitua, Jorge Bosch, Jon Olivares, Iñigo Gastesi, Ane Gabarain eta Iñigo Azpitarte.
Non ikusi. HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
Generoa. Thrillerra.