Napperon dendaren sortzailea

Julie Debove: «Sexya da zuk hala bilakatzea erabakitzen duzuna; zuk duzu erabakitzen zer den sexya»

Gehiegizko ekoizpen eta kontsumoaren eredutik eta linjeriaren iruditegiaren klixeetatik urrundu da Julie Debove, Napperon dendaren sortzailea. Pieza «ederrak» eta «erosoak» sortzen ditu mahai oihal zaharrak erabiliz, orok bere gustukoa atzeman dezan.

Julie Debove. PATXI BELTZAIZ
Julie Debove. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Baiona
2026ko urriaren 31
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«O, uau! Biziki ederra da. Ze originala!», bota du lehen aldiz Napperon dendara sartu den bezero batek. Erreakzioa entzun bezain laster, denda gibeleko gela utzi, eta bezeroarekin hitz egiten hasi da Julie Debove (Boulogne-sur-Mer, Frantzia, 1996), Napperon dendaren sortzailea. Dendara iritsi, eta amatxiren etxera sartzearen sentsazioa sortzen da: altzari zaharrak, gutunak, postalak, argazkiak, argazki albumak, koadroak... eta garai bateko mahai oihalak. Hori da dendaren kontzeptua, dafailak azpiko arropak bilakatzea, edertasuna eta erosotasuna elkartuz, hori guztia, ingurumenarekiko arduratsu izanez, eta gehiegizko ekoizpenik gabe. Norberak bere gorputza eta gustuak atzemateko helburuz sortu zuen Napperon.

Usu egun bezalako erreakzioak ukaiten dituzu denda ezagutzen duenaren partetik, ezta?

Bai, egunero hola da. Napperon dendak dinamika irringarria du! Jakin-mina eta harridura sortzen die aitzinetik pasatzen direnei.

Napperon proiektuak, berez, ez zuen denda fisikorik. Nola eta nondik jalgi zitzaizun marka sortzeko ideia?

Hastapeneko helburua nuen azpiko arropak sortzea, hiru hitz errespetatu eta beteko zituztenak: ederra, erosoa eta ekologiarekiko arduratsua. Gauza da saltzen den azpiko arropaz anitz frustratua nintzela, ez nituen atzematen eroso sentiarazten nindutenak, eta ez nuen neure burua ikusten halako linjeriarekin. Eta, gainera, bereziki xerkatzen nituen ingurumena errespetatzen zuten piezak. Beraz, ene baitatik hasi nintzen hiru hitz horiek biltzen zituzten piezak sortzen, inguruan atzeman dafaila zaharrak erabiliz. Niretzat hasi nuena jendeari helarazi nahi nion.

Jostun eta modelistaz inguratu nintzen hasierako lana hobetzeko. Eta, beraz, lehen denbora batean ene lana Interneten baizik ez zen salgai, baina, orain dela bizpahiru urte, Baiona Handian ireki nuen denda. Baionan instalatzeak permititu dit bertako jostunekin lan egitea, hori ere bai baitzen helburua: bertan sortzea eta ekoiztea osorik.

Baina zergatik linjeria?

Linjeriak diktatzen duen irudia konplexutik libratu nahi nuen. Arintasuna ekarri nahi diet gorputzei eta jendearen bihotzei. Linjeriak konplexu ugari sortzen ditu, zentzu globalean, bereziki emazteentzat, proposatzen diren modeloengatik deserosoak baitira, eta ez baikara identifikatzen errepresentatuak diren gorputz eta irudietan. Helburua da gauza hori haustea eta iruditegiaren kontra joatea gauza berri bat proposatuz.

Bezeroarekin harreman hurbila duzu. Bazenuke anekdotaren bat kontatzeko?

Orokorrean, gauza anitzek plazer egiten didate dendan, eta, hortaz, anekdota anitz ditut. Baina bi kontatuko dizkizut. Behin, 80 bat urteko emazte bat jin zen dendara, bere birramatxiren dafaila batekin pieza batzuk sortzeko gogoz, beraz, ez dut imajinatzen ahal zer bizi izan zuen dafaila horrek. Emaitza jasotzera etorri zelarik izugarri momentu ederra eta hunkigarria izan zen. Lankidea, emaztea eta hirurak negarrez hasi ginen. Momentu hartan ohartu ginen gure lanak ere modua ematen zuela oroitzapenak berpizteko, eta gauzei beste bizi bat emateko. Dendan irri bezain negar egiten da, eta hori ederra da.

Beste behin, lagun talde bat sartu zen, baina taldekide bat kanpoan geratu zen, aurreiritziz betea baitzen. Uste zuen, gizona baitzen, ez zuela bere lekua. Baina behartu nuen sartzera ikus dezan zer egiten genuen. Pixka bat mintzatu ginen, azaldu nion hemen egindako linjeria zela, edozeinentzat. Jarrera aldatu zuen, eta dendatik joan zen entseatu zuen galtzoin batekin. Hasieran sartu nahi ez zuen gizon bat dendatik atera zen ipurdian marrubiak zeramatzan kulot batekin; eta hori bai, garaipen bat izan zen!

Napperon
Napperon denda, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Dendaren estetika biziki zaindua da, baita zuen webgunea eta sare sozialak ere. Iruditegiak garrantzi handia du, baina ez da ohiko iruditegia, orotariko gorputzak agertzen baitira.

Bizia da! Garrantzitsua bezain normala egiten zait jende arruntak janztea nire lana, pertsona orok kulot bat behar du, eta, egunero, beraz, errepresentatuak sentitu behar dugu. Badugu asmoa «ederra izateko sufritu behar da» esaldia hausteko. Oinarria erosotasuna da. Zer da interesa, min egiten duten jantziak janztea? Eta erosotasunari edertasuna gehitzen diogu, gauza erosoak ederrak izan daitezkeelako. Guk bien artean ez dugu hauturik egiten.

Bada linjeria desexualizatzeko gogoa, ezta?

Niretzat, linjeriak du definitzen zeure buruarekin duzun harremana, eta bada zeuretzat janzten duzun zerbait. Beraz, bai, nahi nuen horren inguruan dena desexualizatu. Bai, jantzi dezakezu azpiko arropa norbaiti plazer egiteko, edo zuri baizik plazer egiteko: ez du inporta! Maite dut ideia hori, nahi dena egitearena: zeureganatzea janzten duzuna, janztea nahi duzun bezala, eta nahi duzun bezala sentitzea janzten duzunarekin. Usu erraten dut sexya dela zuk hala bilakatzea erabakitzen duzuna; zuk duzu erabakitzen zer den sexya. Uste baduzu kulot loredun hori sexya dela, ongi sentitzen baitzara horrekin, sexya da, eta sexya bilakatzen zara.

Horrez gain, gizonen azpiko arropa deseraiki eta normalizatzen duzue.

Bai, hori ere garrantzitsua da. Linjeria ez da emazteena baizik. Ez du emazteak bakarrik eraman behar gizonarentzat sexya izatearen zama hori. Horregatik, emazteentzat edo gizonentzat ditugun produktuak berdinak dira, salbu bata eta bestearen morfologiei egokituak direla, bakoitzak bere pieza atzeman dezan. Batzuetan bikotean heldu dira, elkarrekin antzeko piezak erostera. Dena da posible. Eta izugarri ongi da.

LOTSABAKO

Azpiko arroparen kolore bat?
Zuria erranen nuke, ez dakit zergatik...

Sorkuntzaren prozesuan urrats bat?
Ehun berriak sailkatzea.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA