Asteburuko proposamenak

Sormena ospatzeko parada

Aiaraldeko Kultur Faktoria hirugarrenez ari da Arte Hartze zikloa egiten. Igandean, Hezur Berriak bertso saio literario musikatua egingo dute.

Arte Hartze zikloaren hasierako Urbanbat jaialdia, irailaren 26an, Aiaraldeko Ekintzen Faktorian. OLGA RUIZ
Arte Hartze zikloaren hasierako Urbanbat jaialdia, irailaren 26an, Aiaraldeko Ekintzen Faktorian. OLGA RUIZ
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sormena ospatu. Horixe dute lelo eta xede Aiaraldeko Kultur Faktoriakoek aurtengo Arte Hartze ziklorako. Hirugarrenez ari dira egiten; irailaren 26an hasi zen, eta azaroaren 22an bukatuko da. Denetariko kultur ekitaldiak —eta haien inguruko solasaldiak— fin programatu dituzte, eta denak lotu eta josten dituzten hariak horiexek dira, sormena eta ospakizuna. «Askotan ahaztu egiten dugu sortzeko bidean goazenean bizitzen, ikasten eta partekatzen ditugunak ospatzea eta aitortzea. Zaila da oso sorkuntzaren bidea, eta faktorian zera sustatzen dugu: saretzea zer garrantzitsua den sorkuntzaren garapenean», azaldu du Ixiar Garciak; Aiaraldeko Kultur Faktoriako arduraduna da.

Faktoria bera ere sare trinko bat da ja, eta badute zer ospatu. Hamabost urteko ibilbidea du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak; hamabost urte daramatzate bailara saretzen, ikuspegi ekonomiko eta kultural propioarekin. Lantzen dituzten bederatzi ildoetako bat da kultura, eta hura bideratzen duena, Aiaraldeko Kultur Faktoria. Zikloak badu bere garrantzia eskualde mailan: «Eskualdean zehar ekitaldi artistikoak planteatzen ditu zikloak, eta haien inguruko solasaldiak». 

Denboran gertuen dagoen ekitaldia igandean egingo dute, 18:00etan: Hezur Berriak bertso saio literario musikatua. Izen bera du Ane Labakak berriki kaleratu duen poesia liburuak. Horren haritik josiko dute ikuskizuna Labakak berak, Ines Osinagak, Oihana Iguaranek eta Onintza Enbeitak. Liburuko zenbait poema irakurriko dituzte, musikak lagunduta, eta bat-batean ere jardungo dira bertsotan. «Emanaldi performatibo horrek amatasunaren bueltako esperientzia bat eskainiko du», azaldu du Garciak.

Gurasotasuna

Urriaren 30ean ere keinu bat egingo diote gurasotasunari, Beñat Iturriozen Enarak filma proiektatuko baitute, 18:00etan. 1970eko hamarkadan sortutako Enarak taldeari buruzkoa da; rock psikodelikoa egiten zuten, euskaraz. Hori ez ezik, «abeslariaren semeak, Beñat Iturriozek, aitari egiten dion dokumental bat ere bada», erantsi du Garciak. Gainera, egun horretan bertan Oihana Vesga arituko da bere aita Mikel Vesgarekin dantzatzen. 

Azaroaren 13an Joseba Irazokik kontzertu bat emango du, 19:00etan, Gitarra Lekeitioak disko instrumentala aurkezten.

Ekitaldi horiek denak Aiaraldea Ekintzen Faktorian egingo dituzte, eta hala egin zuten joan den irailaren 26an zikloari hasiera eman zion jaia; hain zuzen ere, Urbanbat jaialdiaren azken ekitaldia. Mahai inguru bat egin zuten: hiria, herria, arkitektura, espazioa... horien guztien bueltan aritu ziren gogoetan. Asier Handy eta Nerea Castaño Biitxi artista plastikoak izan ziren mahai inguru hartako partaideetako bi. Hori ez ezik, haiek biek egindako erakusketa ere inauguratu zuten; urri amaierara arte egongo da ikusgai, faktorian bertan.

Zikloko ekitaldi gehienak faktorian egiten dituzten arren, eskualde osora zabaldu asmo izan dute beti, Garciak azaldu duenez: «Irailaren 28an Amurrion egon ginen, Piszifaktoriaren Hitzaurrea-rekin. Esperientzia performatibo oso interesgarria izan da, eta herriari aitortza egin diote». 

Zikloa biribiltzeko, baina, berriro itzuliko dira faktoriara. Urtero bezala, Arte Eman festa egingo dute azaroaren 22an, goizetik gaualdera. «Bukaera emango diogu faktorian sortzen aritu diren artisten lanen lagin txiki batekin, festa giroan. Komunitatearekin aztertzen ditugu lanen nondik norakoak, eta elkarrekin bazkaltzen dugu: saretze lan bat egin ahal izateko da, sorkuntza horiek ospatzeko». 

Izan ere, iaz Arte Hartze beka jaso zutenek —Paula Urkijok, Leire Sanjurjok eta Alberto Fernandezek—parte hartuko dute jaialdian, eta aurtengo beka ere aurkeztuko dute: «Laudioko marrazkilari bati eman diogu. Oraintxe dabil sorkuntza horretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.