Literaturari musika pixka bat jartzeko ariketa da, edo musikari letra gehitzekoa; bi mutur elkarrengana gerturatzekoa. Joseba Tapia trikitilaria eta Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgilea elkartuta, duela bost urte eman zuten lehen pausoa, Oiartzunen (Gipuzkoa). Hura izan zen Zai, Zoi, Ele! egitasmoaren lehen fruitua. Bidea eginda, seigarren sormen lana taularatuko dute bihar, Oiartzunen bertan: 1:1 eskala. Alaia Martin bertsolaria batetik, eta Olatz Salvador musikaria bestetik, 19:00etan, Landetxe kultur aretoan. Zortzi euroan daude salgai sarrerak.
1545 argitaletxeak eta Kantagiltza elkarteak sortu zuten Zai, Zoi, Ele! proiektua, 2022an. «Aurretik, Kantagiltzak musikari bat gonbidatzen zuen urtero herrira, eta Gotzon Barandiaranek elkarrizketa egiten zion», hasi du azalpena Xabi Salaberria 1545 argitaletxeko kide eta Zai-Zoi, Ele!-ren antolatzaileak. «Kantuak eta elkarrizketa uztartzen zituzten proiektu hartan». Dinamika horren berri bazuten 1545 argitaletxeko kideek. «Ezagunak eta lagunak ginen lehendik ere, eta elkarrekin zerbait egin genezakeela pentsatu genuen». Musikari eta idazle bikote bat osatuta ekin zioten bideari.
Ezaguna zuten hartatik tira egin zuten lehen urtean, eta Joseba Tapia eta Gotzon Barandiaran elkartuta egin zuten Zai, Zoi, Ele! egitasmoaren lehen saioa, 2022ko azaroaren 27an. «Haiek aurrez sortua zuten Apoaren itzala, eta hori izan zen lehen urteko emanaldia». Gerora elkartu dituzte Iñaki Igon Garitaonaindia Gari eta Iñigo Astiz, Eñaut Elorrieta eta Astiz bera, Castillo Suarez eta Sara Zozaya, eta Eider Rodriguez eta Anari. Seigarren bikotea izango da biharkoa. «Lehena salbu, enkarguz sortutakoak izan dira gainerako proposamenak», zehaztu du Salaberriak. Kasu batzuetan, sortzaileek aurretik bazuten harremana elkarrekin, eta beste batzuetan, berriz, Oiartzungo proiektuak elkartu ditu bi aldeak. «Castillo Suarezek eta Sara Zozayak, esaterako, ez zuten elkar ezagutzen».
Sortzaileetako bati proposatzen diote normalean proiektuan parte hartzea, eta hark erabakitzen du norekin lan egingo duen edo hari aipatzen diote antolatzaileek buruan daukaten ideia. Horrela sortzen dituzte bikoteak, eta zortzi bat hilabeteko lanketa egiten dute gero —antolatzaileek ere ez dute izaten informazio askorik—. «Sortzaileak, orokorrean, badira horrelako esperimentuak egin zaleak; guk, behintzat, oso erantzun ona jaso dugu», azaldu du Salaberriak. Urtean saio bat egin zuten 2022an eta 2023an, baina bi egin zituzten 2024an, maiatzean bat eta abenduan bestea. «Berez, bi egitekoak ginen iaz ere, baina denbora pixka bat gehiago eskatu ziguten Alaia Martinek eta Olatz Salvadorrek, eta horregatik egingo dugu urtarrilean». Baina, biharkoaz gain, beste bi saio izango dituzte aurten Oiartzunen —bikoteak eta datak ez dauzkate zehaztuta oraindik—.
Aurretik lankidetzan
«Arnasa nahiko luzeko prozesua izan da», aitortu du Alaia Martinek, 1:1 eskala ikuskizuna hizketagai hartuta. Aurretik lankidetzaren bat eginda zeukaten elkarrekin —Aho uhal diskoko Ahots hari kantaren letra, adibidez, Martinek egin zuen—. «Letraren bat eskatu izan didalako noizbait, eta kontzerturen batean ere parte hartu izan dudalako». «Pozez eta jakin-minez» hartu zuten elkarrekin zerbait sortzeko proposamena. «Gure ausardiaren mugetan, erruduntasunaz hizketan aritu gara, diktadura estetikoaz...». Lau kantu berri egin dituzte, eta bi moldaketa. «Olatzi letrak bidaltzen aritu naiz ni, eta kantu bihurtu ditu berak, tartean pentsamendu, kolore, tonu batzuk-eta detektatuta». Bi kanpo begirada ere jaso dituzte, Nagore Legarreta argazkilariarena eta Oier Guillan idazlearena.