Iruñea erritmoz eta bizitasunez beteko da hiru egunez, hainbat kontzertu izango baitira, modua emango dutenak soul eta rhythm and blues musika estiloez gozatzeko. Estilo horiek izango dira ardatz Beltza Weekend jaialdian. Aurtengoa zazpigarren aldia da, eta bihartik larunbatera arte egingo dute.
Zentral aretoan egingo dituzte kontzerturik handienak, ostiralean eta larunbatean. Egun bakoitzeko sarrerak 30 euro balio du, baina bi egunez joan nahi dutenentzako sarrera berezi bat ere badago, 50 eurokoa. Sarrerak Interneten eta Iruñeko denda batzuetan daude eskuragai: Slide Shop arropa dendan eta Keops ostatuan. Zentralekoez gain, aurtengo programazioan doako bi kontzertu sartzea erabaki dute; Zaldi Zuriaren ostatuan izango dira, bat bihar eta beste bat larunbatean.
Jaialdiaren proposamen musikalari beste arlo artistikoak gehitzeko, programazio kulturala ere antolatzen dute urtero. Programazio horren barruan, Respect (Errespetua) filma proiektatuko dute gaur Nafarroako Filmotekan, 19:00etan hasita. Liesl Tommyk 2021. urtean zuzendutako film biografiko bat da, soul estiloan ikono bihurtu zen Aretha Franklin abeslariari buruzkoa.
Biharko egitarau musikala, bestalde, doako lehen kontzertuarekin hasiko da, 20:00etan. The Soulers taldea arituko da oholtzan. Asturiasko (Espainia) talde hori 2019an sortu zen, eta soinu moldakor eta elektrikoa dauka; gehienbat soul musika lantzen dute, baina jazza eta rhythm and bluesa ere bai.
Ostiralean Barrence Whitfield & MFC Chicken-ek eta Acantha Langek joko dute. Zentral aretoko ateak 20:00etan irekiko dituzte, eta 20:30ean hasiko da musika, 23:30era arte. Barrence Whitfield estatubatuar abeslaria azkeneko shouter-etako bat da; afro-amerikarren adierazpen erlijioso eta musikal jakin batean oinarritutako generoa da shout deiturikoa. Whitfieldekin batera, MFC Chicken talde britaniarra ariko da, Whitfielden lehen garaietako abestiak oholtzaratzen. Jaialdiak ardatz gisa izango dituen bi estilo nagusiez gain, rock-and-rolla ere izango dira.
Acantha Lang artista estatubatuarra Londresen bizi da gaur egun, eta handik Iruñera bidaiatuko du, Zentral aretora, hain zuzen ere. Soularen ahots berrietako bat da, eta hala bere kantak nola bertsioak abesten ditu. Aretha Franklin eta Nina Simone artisten ahotsarekin alderatu izan dute Langena, eta ostiralean, argitaratu berri duen Beautiful dreams’ diskoko abestiak interpretatuko ditu.
Ahotsekin dantzan
Irailaren 6an, jaialdiaren azken egunean, hainbat kontzertu izango dira. Zaldi Zuria agertoki gisa izanik, 13:00etan, bermut saioaren barruan, doako emanaldia egingo du Mango Wood taldeak. Talde hori Madrilgoa da, eta boss reggae eta rocksteady estiloak lantzen ditu. Jamaikako garai jakin bateko soinuetan oinarritzen dute beren esentzia: 1967 eta 1970 arteko soinuak biltzen dituzte.
Egun berean, baina Zentral aretoan, The Buttshakers taldearen eta Carlton Jumel Smithen kontzertuez gozatu ahal izango da. Ateak 18:00etan irekiko dituzte, eta kontzertuak handik ordu erdira hasiko dira, 22:00etara arte. The Buttshakers talde frantziarra da, eta Arcadia diskoa aurkeztuko dute, Ciara Thompson abeslari estatubatuarraren ahotsak gidatuta. Soulak kutsu politiko eta soziala hartu zuen garaietara bidaiatzeko asmoz sortu dute diskoa. Bestalde, Carlton Jumel Smith izen handiko abeslari estatubatuarra da, mundu osoan ibilia. Mr. Soul ezizenez ezagutzen dute, eta, 1999ko Liberty Heights filmean, bere heroi musikal handienaren rola egin zuen: James Brownena.
Musika egitarauari amaiera emateko, DJ saioak egingo dituzte Keops eta Tarantula ostatuetan, 22:30etan hasita. Saio horietan biniloak jarriko dituzte soilik, eta soula, rhythm and bluesa, gospela, bluesa eta antzeko estiloak izango dira nagusi.