Elkanoren mundu biran oinarritu ziren aurreneko aldia egiteko, 2022an, eta ordutik tematikoa izan da Urmugaren Urtanta. 2024an, Nestor Basterretxea margolariaren jaiotzaren mendeurrenari heldu, eta euskal mitologiari buruzko monografiko bat egin zuten, eta, aurten, migratzaileen egoerari erreparatuko diote, bihartik hasi eta uztailaren 25era bitartean. BERRIAk babestu du egitasmoa, beste behin.
Euskal Herriko mendiak, kultura eta musika uztartzen ditu jaialdiak bi urtean behin —Urmuga egiten ez denean antolatzen dute, hain justu—, eta haren «xumetasuna» balioetsi du Migel Zeberio Urmuga kultur elkarteko eta Et Incarnatus orkestrako zuzendariak. Azpiegitura mardulik gabe, aire zabala eta eremu naturalak ditu agertoki egitasmoak, eta musikari hasiberriei eta proposamen bereziagoei ere egiten die tokia. «Jendeak esaten digu Urtantan ikusten duena oso desberdina dela, ez daukala zerikusirik beste gauzekin».
Kanaria uharteetan (Espainia) abiatu dute esperientzia oraingoan, hango Contramapas jaialdiaren hirugarren aldiarekin bat eginda. Mendizaletasuna, bertoko kultura eta migrazioa uztartzen dituzte Contramapasen, Zeberiok aletu duenez: hilabete batez artxipielagoko uharte denetan ibiltzen dira, eta Hierron bukatzen dute ibilaldia, sinbolismo handiko leku batean. «Hierro Europako sarrerarik katastrofikoena da, han hiltzen baitira itsasoan hiltzen diren migrante gehienak». Hierroko azken txanpa hori batera egin zuten Contramapasek eta Urtantak, maiatzaren 24tik ekainaren 1era. Zeberiok bereziki gogoan du azken eguneko oroimen ekitaldi «hunkigarria», La Restinga herrian egindakoa: bidean hildako migratzaileak omendu zituzten jatorri askotako musikarekin ehundutako emanaldi batean.
«Bidasoa ez da periferia, baina, normalki, Urmugak ibiltzen dituen ibarrak eta herrixkak periferian daude. Erakundeek eta gizarteak hiri nagusietan ipintzen dute arreta oraindik»
MIGEL ZEBERIOUrmuga kultur elkarteko eta Et Incarnatus orkestrako zuzendaria
Hari mutur horri tiraka hasiko dute, beraz, aurtengo Urtantaren bigarren zatia, Euskal Herrian. «Migrazioarekin lotutako geografiarik garratzenetako» batean egingo dituzte aurreneko etapak: Bidasoa ibaian zehar. Ostiraletik igandera arte ibiliko dira inguru horretan, Beratik Lesakaraino (Nafarroa), tartean Gipuzkoa eta Lapurdi zeharkatuta: Oiartzun, Irun, Hondarribia, Hendaia, Biriatu, Urruña, Azkaine eta Sara bisitatuko dituzte. Larunbatean bat egingo dute Irungo Santiagotarrak elkarteak antolatutako Bidasoa ibaiaren jaitsierarekin, haien pantalanean kontzertu bat entzuteko aukera egongo da, eta beste oroimen ekitaldi bat egingo dute arratsaldean, Biriatuko lurretan, Amets Arzallusekin batera. «Euskaldunoi begiak pixka bat ireki dizkigu Miñan nobelarekin», nabarmendu du Zeberiok.
Lurraldeak lotzeko
Bidasoa utzita, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetara abiatuko dira mendizaleak. «Urmugen eta Urtanten artean zazpigarren urtea dugunez, zazpi probintziak ere lotu nahi ditugu, zerbait sinbolikoa balitz bezala», azaldu du zuzendariak. Zuberoa eta Nafarroa Beherea pasatuta, Rocaforterantz joko dute (Nafarroa), eta han ibiliko dira 22an eta 23an. «Rocaforte Iruñeko erreinuaren sorburuetako bat da, baita gaztelurik garrantzitsuenetako bat ere». 23an, kontzertua emango dute Oibarren (Nafarroa), eta falta diren bi probintzietara egingo dute jauzi gero.
Araban, Amurrioko Artomañan egingo dute geldialdia, Delika ur jauziaren azpian. Han, «ekitaldi berezi bat» egingo dute Et Incarnatus orkestrak eta Mikel Urdangarinek: lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 90. urteurrena izan denez aurten, hura omenduko dute garai hartako musika ekarrita. «Ezinbestean atzerrira joan zen Jaurlaritza hark gehienbat musika hartu zuen aldarri gisa, Europan zehar ibili zen Eresoinka taldearekin, eta musika horri egingo diogu keinu, Aita Donostiarekin, Guridirekin eta abarrekin». Bizkaian borobilduko dute Urtanta, uztailaren 25ean. Urduñan izango dira. Goizean, bat egingo dute Txarlazo mendi taldeak izen bereko tontorrean antolatzen duen erromeriarekin, eta herrira jaitsiko dira arratsaldean, Antiguako ermitaren ondora, han kontzertua emateko.

Ez dira izaten toki oso ezagunak, oro har. Zera ere bai baita Urtantaren asmoetako bat: Euskal Herrian bertan, urrutira joan beharrik gabe aurki daitezkeen altxorrak ezagutaraztea. «Bidasoa ez da periferia, baina, normalki, Urmugak ibiltzen dituen ibarrak eta herrixkak periferian daude. Erakundeek eta gizarteak hiri nagusietan ipintzen dute arreta oraindik». Anekdota bat aipatu du Zeberiok, umorez: Aralarren, urteetan kontzertua egin duten lekua mapetan ere ez zen agertzen hasieran, eta orain, Urmugakoen joan-etorrien ondorioz, tokia egin diote behintzat Google Mapsen.
Leku ezezagun horietan, jendea «kaleko zurrunbilotik ateratzen» eta familia giroa sortzen ahalegintzen dira, baita eguraldia lagun ez dutenean ere. Zeberiok ziurtatu du beti izaten dutela B plana prest, baita C plana ere, eta habia edonon egin arren, hala mendi tontor batean nola frontoi batean, Urtantako musikariak eta parte hartzaileak gai direla betiko atmosfera berezi horri eusteko. Dena den, ohartarazpen bat egin du zuzendariak: «Kasu egin eguraldi iragarpenei!».
EGITARAUA
MENDI IBILBIDEAK:
Bihar: Bera (Nafarroa), Biriatu, Azkaine, Sara (Lapurdi): Biriatu (59 m) — Xoldokogaina (486 m) — Manddale (564); Manddale — Falegi (484m) — Osingo zelaia (392m) — Biriatu.
Etzi: Irun, Bidasoa ibaia (Gipuzkoa): Biriatu herria, Ontxista aisialdi gunea (59 m) — Osingo lepoa (428 m) — Osingo zelaia (392 m) — Lizaraingo bidea — Oihaneko bidea, Bidasoaren ertzetik — Ontxista.
Igandea: Oiartzun (Gipuzkoa), Lesaka (Nafarroa), Aritxulegi: Kausoro (620 m) — Kauso harrespila — Oianleku harrespila — Munanier (781 m) — Bianditz mendatea (700 m) — Masuketa (795 m) — Bianditz (843 m) — Errenga (794 m).
Uztailak 21: Larraine (Zuberoa), Otsagabia (Nafarroa): Larraineko lepoa — Otsogorrigaña.
lUztailak 22: Baigorri (Nafarroa Beherea), Orbaizeta (Nafarroa): Arpea kobazuloa — Mendilatz — Orbaizeta.
Uztailak 23: Baskunsa (Nafarroa): Zangoza — Rocaforte (522 m) — Romeral (609 m) — Oibar (560 m).
Uztailak 24: Delika, Artomaña (Araba): Artomaña — Untza — Zorrobita — Espila — Delika — Artomaña.
Uztailak 25: Urduña (Bizkaia): Antigua santutegia — Fraileburu — Txarlazo gailurra (933 m).
KONTZERTUAK:
Bihar: 18:30ean, Ibardingo lepoaren eta Manddaleren artean (Urruña, Lapurdi — Bera): Et Incarnatus orkestra, Leturia, Easo Abesbatza eta hainbat herritako Kalean Kantuz taldeak, Anabel Arraizaren gidaritzapean.
Etzi: 18:00etan, Biriatuko Ontxista aisialdi gunean, migranteei eskainitako oroimen ekitaldia, Amets Arzallusekin; 20:00etan, kontzertua Santiagotarrak klubaren pantalanean, Irunen: Mugarri taldea, Otxo taldea, Jokin Lasa, Rogelio Botanz & Percuteras de Garaldea eta Et Incarnatus orkestra.
Igandea: 19:00etan, Lesaka eta Oiartzun arteko Errenga mendian: Janus Lester, Irune eta Itsaso Elizagoien, Leturia, Odei Barroso, Rogelio Botanz, Garazi Esnaola eta Et Incarnatus orkestra.
Uztailak 24: 19:30ean, Artomañan eta Delikan (Araba), Et Incarnatus orkestra eta Mikel Urdangarin.
Uztailak 25: 19:30ean, Urduñako Antiguako santutegiko lorategian (Bizkaia), Et Incarnatus orkestra, Urduñako txistulariak, Erauntsi dantza taldea, Lander Txato, Aitor Aspuru, Uxue Kerejeta, Maddi Madina eta Gorka Hermosa. Kepa Junkera ere han izango da, ohorezko gonbidatu moduan.
Â