Udako proposamenak

Tebas, iraganera bueltan

Tebasko Erdi Aroko jaialdia hasi da. Gaztelua eta haren historia goraipatuko dituzte gaur hainbat ikuskizunetan eta erakustalditan.

Tebasko gazteluan egin zen bisita gidatuaren irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Tebasko gazteluan egin zen bisita gidatuaren irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tebas (Nafarroa) Erdi Arora itzuliko da bi egunez, bertako gaztelua eta haren historia goraipatzeko. Aurtengoa jaialdiaren bederatzigarren edizioa da, eta atzo hasi zen. Gaur izanen da egun nagusia eta azkenekoa. Lanbide tradizionalen erakusketa, zeramikako artisau tailerra, saskigintza eta beira puztuaren erakustaldia, merkatu tradizionala, egurrezko karrusela eta Erdi Aroko musika eta animazioa izanen dira.

Goizean hasiko dira jarduerak. Gaur 11:30ean antzezlan bat eginen dute: La leyenda de Teobaldico (Tibalt Gaztearen kondaira). Antzezlana ez da estatikoa izanen, El Centro tabernan hasi eta Tebasko gazteluan amaituko baita. Tebasko gaztelua Tibalt II.a erregeak eraiki zuen, XVIII. mende erdialdean, eta historiaz betetako lekua da; bertan murgiltzeko aukera izanen dute bisitariek.

Antzezlana amaitutakoan, bandera urdin, zuri, hori eta gorria altxatuko dute gazteluko horma hondatuen gainean. Kolore horiek Erdi Aroko Champagneko (Frantzia) eta Nafarroako banderen erdiak batzen dituzte; izan ere, Tibalt II.a Champagneko konde eta Nafarroako errege izan zen. Bandera horma horietatik igotzearekin batera, pregoia irakurriko dute. Jarraian, Erdi Aroko dantzen erakustaldia izanen da, eta, arropa tradizional koloretsuz jantzita, gazteluaren erdian dantzatuko dira neska-mutilak, garai hartako musikaren erritmoan.

Gazteluan bertan, bisita gidatua egiteko aukera izanen dute bisitariek, 12:30ean eta 17:00etan. Sarrerako atean hasiko da ibilaldia, eta Tebasko gaztelua, hango historia eta ohiturak ezagutuko dituzte, bertako txokoak ikusi bitartean. Bisita gidatua doakoa da, eta informazio sakon eta zabalagoa emanen dute ibilaldian, baina ordu horietan bertaratu ezin direnentzat beste aukera bat dago. Sarreraren ondoan, oinarrizko informazioa biltzen duten panelak daude: euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz idatzita daude, eta braillezko laburpenak ere badaude.

Ondoren, 13:00etan, elizaren ondoan Erdi Aroko entretenimendu jardueren imitazioa eginen da. Gorteko bufoiek eta milaka urteko zirkuak ikuskizuna eginen dute. Plazan, herriko historia gaur egunera ekarriz, 14:30ean herri bazkaria eginen da, garai historiko hartan girotuta.

Arratsaldean, gazteluko bigarren bisita gidatuaren ostean, Erdi Aroko beste dibertimendu jarduera bat egingo da, 18:30ean. Larrain-gaineko parkean zaldunen arteko borrokak eginen dira, benetako zaldiekin eta imitaziozko jantzi eta armekin. Borrokak antzeztu eginen dituzte, noski.

Geroago, Nostrxladamus juglareak merkatuan ibiliko dira, ikuskizunak eginez. Malabareak eginen dituzte, eta horien zailtasuna handituz joango da poliki-poliki. Gaua iristean, suzko malabareak izanen dituzte eskuetan.

Aurtengo berritasuna gaueko azken jarduera izanen da. 22:00etan Tebasko gazteluan Erdi Aroko musikako kontzertua antolatu dute, Barzonia musika taldearen eskutik. Barzonia Aragoiko (Espainia) musika taldea da, eta viking folkean aritzen dira batez ere.

Tebasko gaztelua

Tebasko gaztelua Nafarroako erreinuko gaztelu historiko bat da. Tibalt II. erregearen etxea izateko eraiki zuten 1263. eta 1264. urteetan. Erdi Aroan, gaztelua hainbat aldiz berreraiki zuten, gaztelarrek bitan suntsitu zutelako. Gazteluak zirrara eta misterioa sortzen du jendearengan, gazteluari buruzko kondairak direla eta.

Kondaira horietako baten arabera, 1304. urtean bizi zen gazte batek Tuterako erregea iraindu zuen. Gazte horren hitzen ondorioz Tebaseko gazteluan espetxeratu zuten. Gainera, hori gutxi balitz, mingaina moztu zioten Tuterako erregeari esandako hitz horiek ez errepikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.