Bilboko Aste Nagusia

Teknikarien greba «arrakastatsua» dela eta, 48 bat jarduera bertan behera utzi dituzte Bilboko Aste Nagusian

Grebalariei elkartasuna adierazteko, gaurko antolatutako jarduerak bertan behera utzi dituzte konpartsek, baina udalak eutsi egin die bere ekitaldiei. Tentsioa izan da goizeko piketean, Pergolako bilbainadetan.

Teknikarien elkarretaratzea, gaur, Bilboko Arriaga plazan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Teknikarien elkarretaratzea, gaur, Bilboko Arriaga plazan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paula Marques Sanchez - Amaia Igartua Aristondo
Bilbo
2026ko abuztuaren 26a
15:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragarritakoa bete dute: Gasteizko eta Donostiako jaietan greba egun bat egin zuten ikuskizunetako teknikariek, eta Bilboko Aste Nagusian ere beste horrenbeste egin dute gaur. Deialdiek «erabateko arrakasta» izan dute, Teknikariok sindikatuko kide Jorge Peralesen arabera; are, «espero baino hobeto atera dira». Bilbon, 48 jarduera baino gehiago utzi dituzte bertan behera. «Irailean balorazio bat egingo dugu, eta, EUKIk ez badigu erantzunik ematen, mobilizazio gehiago egingo ditugu».

Pergolan piketea egin dute goizean, bilbainaden emanaldian, eta tentsio uneak izan dira. Tu eta bultza egin diete, Teknikariok sindikatuko kide Jorge Peralesen arabera. Kontzertua hasi baino lehenago agertokiaren azpian jarri dira pankartarekin, eta jarduera gelditzea lortu dute. Aurkezleak adierazi du errespetatu egiten duela haien greba eskubidea, baina, hala ere, kontzertuak aurrera egingo duela. Teknikariek turuta joz erantzun diote, eta, zarataren ondorioz, ezin izan diote Casilda Iturrizar parkeko kontzertuari berriz ekin.

«Hamar orduko edo gehiagoko lanaldiak izaten dira. Ordu estrak eta jaiegunak ez dira ordaintzen, eta normalean eguneko kontratuak izaten dira. Baldintzak nahiko prekarioak dira»

ANDER SIERRA Teknikaria

Publikoak teknikariei txalo egin die ekitaldia hasi baino lehen, baina, alde egiteko asmorik ez dutela erakutsi dutenean, aurpegiera aldatu zaie ikus-entzuleei. Bilbainadekin batera entzuten ziren teknikarien turuta hotsak, eta, nahiz eta bertaratu direnek festan jarraitzeko nahia izan, haserretuz joan dira teknikariek bere horretan segitzen zutela ikusita. «Kanpora» oihukatzen hasi dira orduan. Hala ere, piketera batu direnek turutak gogoz jotzen jarraitu dute.

Kontzertua geldiaraztea lortu ondoren ere, teknikarien txistu hotsak entzuten ziren, eta iskanbila piztu da haien eta publikoaren eta antolatzaileen artean. Hainbat ikus-entzule altxatu egin dira teknikariekin hitz egiteko asmoz, batzuk beste batzuk baino lasaiago, eta beharginek beren egoera azaldu diete. «Ez daukagu EUKIren berririk, ez dira gurekin harremanetan jarri, eta denak berdin jarraitzen du», kontatu du Ander Sierra teknikariak.

Lan egiteko «eskubidea»

Arantza Flores Arriaga antzokiko CNTren sekzio sindikaleko kideak ere berretsi du ez dutela patronalaren erantzunik jaso: «Asko ikusarazi da gure egoera, eta ikusi dugu teknikari askok hartu dutela parte greba egunetan. Bestalde, administrazioen jarrera ere ikusi ahal izan dute. Nahiz eta gure eskubideak enpresa pribatuei eskatu, ekitaldi gehienak publikoak dira, administrazioak ordaintzen ditu, eta alde horretatik badute nolabaiteko erantzukizuna, baina ez dira hartzen ari».

Bilboko greba egunaren hasiera besterik ez zen, baina ordurako nabarmen eragina zion festari. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea horren inguruan mintzatu da goizean, zirkuarekin eta Marijaiarekin batera Basurtuko ospitaleko haurrei egindako bisitan. Alkateak esan du teknikariak greba egiteko eskubidea dutela eta eskubide hori baliatzen ari direla, baina gehitu du greba egin nahi ez duten beharginek ere «eskubidea» dutela lan egiteko, eta gustatuko litzaiokeela «sindikatuen eta patronalaren arteko akordioa lortzea» grebarik ez egoteko. 

Pergolan, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira azkenean. Peralesen hitzetan, protesta egiteko baimenik ba ote zuten ziurtatzeko joan dira udaltzainak, eta ertzainak, berriz, piketeetan zauriturik izan den ikusteko.

EUKI Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizun eta ekitaldien sektoreko patronalarekin bi urtez negoziatzen ibili ondoren erabaki zuten beharginek grebara jotzea, hitzarmen duina erdiesteko prozesua desblokeatzeko. Izan ere, sektorea «prekarioa» da, eta «lan eskubide oinarrizkoenak ere urratu egiten dira», baita Langileen Estatutuak arautzen dituen horiek ere, langileen esanetan.

«Asko ikusarazi da gure egoera, eta ikusi dugu teknikari askok hartu dutela parte greba egunetan»

ARANTZA FLORES Arriaga antzokiko CNTren sekzio sindikaleko kidea

Era berean, lanaldi luzeak izaten dituzte, Ander Sierrak esplikatu duenez Pergolan egindako piketean. «Hamar orduko edo gehiagoko lanaldiak izaten dira. Ordu estrak eta jaiegunak ez dira ordaintzen, eta normalean eguneko kontratuak izaten dira. Baldintzak nahiko prekarioak dira, egia esan». Baldintza horiek hobetu ditzala eskatu diote EUKIri hasieratik, baita atsedenaldiak ere. Bost egun lehenago jakinarazten dizkiete aldaketak, eta, langileen ustez, denbora gutxiegi da.

Teknikariok sindikatuaz gain, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk, CNTk eta ESKk ere bat egin dute greba deialdiekin. EH Bilduk ere elkartasuna adierazi die, sare sozialetan argitaratutako mezu baten bidez.

Konpartsen babesa

Pergolan izan dute goizeko pikete bakarra. Areatzako kioskoan ere pikete bat egitekoak ziren, baina, azkenean, Areatza osoan ez da egin teknikariak behar zituen jarduera bat bera ere. «Bilboko Konpartsek greba babestu dute, horrek gauzak erraztu ditu», adierazi du Peralesek arratsaldean antolatu duten elkarretaratze zaratatsuan. 17:00etan bildu dira Arriaga plazan, eta hor ere agerikoa izan da konpartsakideen elkartasuna, konpartsa ugariren elastikoek kolorez bete dute-eta protesta. Ondoren, beste emanaldi batzuetara jo dute, piketeekin aurrera segitzeko.

(ID_16388247) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2026-08-26, Bilbo. Teknikariok elkartea, piketea
Ikusle bat eta teknikari bat eztabaidan, gaur goizean, Pergolan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Beste jarduera batzuk bertan behera utziak zituzten aurretik, edo egunez aldatuak. Santiago plazan egitekoak ziren bertso bazkaria —Abantek antolatua—, esaterako, sonorizazio profesionalik gabe egin dute, eta Arriaga antzokian ere ez da emanaldirik izan. La Cubana konpainiak egunero egin ditu emanaldiak bertan, baina atseden eguna hartu dute greba egunarekin bat eginez.

Horrez gain, ETS taldeak bart egin zuen gaur gauerako programatua zeukan kontzertua. «Gutxienez, agertokia hutsik egongo da», nabarmendu du Peralesek; taldeak modu okerrean adierazi die elkartasuna, grebalariaren irudiko. «Atzeratu zezaketen, behintzat, denbora gehiago edukitzeko; aurreratu dutenez, teknikariek bospasei egun lehenago izan dute aldaketaren berri». Eta hori da, hain justu, konpondu nahi dituzten gaietako bat: izan ere, gaur egun ez dizkiete aldaketak behar bezain garaiz jakinarazten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA