Transmedia aholkularia eta sortzailea

Roger Casas-Alatriste: «Teknologia berriek istorioak kontatzeko mihiseak handitu dituzte»

Casas-Alatristek adierazi du geroz eta zailagoa dela hartzaileen arreta bereganatzea. Dena den, uste du teknologia berriei esker istorioak «aberasgarriagoak» bihurtu daitezkeela.

Roger Casas-Alatriste. ROGER CASAS ALATRISTEK UTZITAKOA
Roger Casas-Alatriste. ROGER CASAS ALATRISTEK UTZITAKOA
ane insausti barandiaran
2026ko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Transmedia edukiak sortzen aitzindaria da Roger Casas-Alatriste (Toronto, 1975), eta uste du narratiba horiek istorioak kontatzeko aukera ugari sortzen dituztela. Horri buruzko eskola magistral bat eta tailer praktiko bat emango ditu, hain zuzen, Loraldiak antolatutako Narratiba Berriak jardunaldian —BERRIA da babesleetako bat—. Ekitaldia Bilbon izango da, urriaren 27an, eta izen ematea zabalik dago Loraldiaren webgunean.

«Pantaila ez da kanal bat soilik, espazio narratibo bat da», diozunez. Zer esan nahi du horrek?

Pantaila hitza singularrean erabiltzea bera kuriosoa da, izatez pantailak baitira, pluralean. Pantailaz inguratuta bizi gara, eta gure arreta lortzeko borrokan ari dira etengabe. Hori kontuan izatea oso garrantzitsua da. Duela hamabost edo hogei urtetik, gure arreta zatituta dago: pantaila horietako bakoitza lehian ari da gure arreta lortzeko.

Baina oinarrian beti dago istorio bat, ezta?

Loraldia jaialdiaren esentzia narrazioa da, eta hori asko gustatzen zait. Garrantzitsuena da narratzaileak garela, istorioak kontatzen ditugun pertsonak. Dena den, oinarri horretatik abiatuta, kontalari gisa, jakin behar dugu gure mihisea asko handitu dela, eta hori guztia hartu behar dugula kontuan istorioa aberatsagoa eta limurtzaileagoa izan dadin, gure hartzaileak istorioa askoz ere modu osatuagoan jaso dezan.

Arretaren ekonomian aditua zara. Gero eta zailagoa da jendearen arreta erakartzea?

Arretaren ekonomia terminoak esan nahi du gure arreta mugatua dela, egunak 24 ordu baititu, eta lotan gauden orduak  kendu behar baitzaizkio horri. Horrez gain, edukiak geroz eta oparoagoak dira. Beraz, askotariko edukiak ditugu, eta arreta falta. Horregatik, edukiak sortzen ditugunok kontuan hartu behar dugu hori: modu batean ala bestean horrekin borrokan ari garela.

Teknologia berriek eragina izan dute arretari eusteko gaitasuna murriztean?

Ez dago zientifikoki frogatutako korrelazio bat teknologia berrien etorreraren eta arreta galeraren artean, baina badaude datuak erakusten dutenak azken hamabost urteetan lehen segundoetan arretari eusteko gaitasun hori jaitsi egin dela, hamabi segundotik zortzi segundora. Kasualitatez, ordutik ditugu smartphoneak. Pentsa: 30 segundoz istorio bat ikusten duzu, gero whatsappeko mezu bat jaso, telebista piztuta dago eta segundo batzuez ikusten duzu... Ohituta gaude pantaila baten eta bestearen artean zapping frenetiko hori egitera.

«Askotariko edukiak ditugu, eta arreta falta; sortzaileok, modu batean edo bestean, horrekin ari gara borrokan»

ROGER CASAS-ALATRISTE Transmedia aholkularia eta sortzailea
Estimuluak ugaritu dira, baina ez hori bakarrik: edonor bihurtu da eduki sortzaile.

Bai, lehen, edukiak sortzen zituztenak komunikabideak ziren —irratiak, telebistak, egunkariak...— baina, duela hamabost urtetik, gu gara bideoak, argazkiak, podcastak eta abar sortzen ditugunak. Duela bizpahiru urtetik, gainera, adimen artifzial sortzaileak bideoak, testuak, musika... sortzen ditu, eta horiek ere arretaren lehia horretan daude.

Hortaz, sarritan errezeloz begiratzen badiete ere, teknologia berriek aukerak zabaltzen dituzte?

Teknologia berriek istorioak kontatzeko mihiseak handitu dituzte. Zinemagile batek film bat sortu nahi badu, badaki ordubete eta ordu eta erdi artean iraun behar duela. Baliabide digitalekin, ordea, aukerak zabaltzen dira: zati zentral bat izango du, filma, baina komiki batek lagunduta joan daiteke, antzerki lan bat eduki dezake aurretik, edo esperientzia gastronomiko bat. Gauza asko daude esperientzia horien elkarrekintza ekartzen dutenak, eta horretaz jabetzea da Loraldian egingo dugunaren helburuetako bat.

Eskola magistral bat emango duzu aurrena: Transmedia gara, beti izan gara. Ez da berria transmediaren kontu hori?

Ez, guretzat oinarrizkoena eta naturalena narrazioa baita —istorioak sortzea daukagun gauzarik zaharrena da, betidanik egin dugun zerbait—, eta ez horrenbeste zer erreminta erabiltzen ditugun horiek kontatzeko, tresna horiek egokituz eta gehituz joan baikara historikoki, pintzelak, papiroak eta inprentak sortu ahala. Hori gaur egunera ekartzen badugu, ez da beharrezkoa programatzen jakitea, web diseinuan aditua izatea eta abar. Ulertu behar duguna da istorio batek hainbat sarbide izan ditzakeela: antzerki obra batek bide eman diezaiokeela podcast bati, bide turistiko bati, eta abar. Loraldiaren helburua zera da, pentsamoldea eta sormen aukerak zabaltzea.

Tailer praktikoa izango duzue ondoren. Zer egingo duzue?

Asmoa da tailerra aprobetxatzea —eta sormen handiko jendea bertan izango dela ere bai— bertaratuko direnen proiektuak hartzeko eta esateko: «Begira, zure proiektuari helduko diogu, zabaldu egingo dugu, eta noraino heltzeko gai garen ikusi». Asmoa da jendea zera pentsatuz irten dadila: «Nire ideia nik uste baino askoz ere gehiago izan daiteke».

Euskararen eta haren pareko hizkuntza gutxituen kasuan, zer garrantzi du garai berrietara egokitzeak?

Uste dut euskarak presentzia izan behar duela formatu berriak sortzeko orduan, eta ezin dela geroago iritsi. Hori da Loraldiak egiten duena, gauza asko teorikoak eta praktikoak baitira, baina gero kosta egiten baita leku bakoitzean integratzea. Niretzat, sormenerako horrelako tarte bat izatea, non ideiak eta esperientziak partekatu daitezkeen, oso aberasgarria eta interesgarria da. Batek daki, agian horrek elur bolaren efektua izango du, eta parte hartzaileek elkarren proiektuetan lan egingo dute azkenean. Mundu artistikoan, abangoardiak eta korronteak beti sortu izan dira horrela.

LOTSABAKO

Edukiak, paperean ala pantailan?
Gehiago kontsumitzen ditut pantailan.

Transmedia proiektu bat?
Isabel Cadenasen De eso no se habla.

Eredu bat?
Nuria Perez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA