'Txaranga.eus'-en sortzailea

Julen Aranzabal: «Guztioi gertatu zaigu noizbait txaranga topatu nahi eta galdezka ibili behar izatea»

Txarangak geolokalizatzeko webgunea eta aplikazioa sortu dute Julen Aranzabal, Ioritz Alberdi eta Aitzol Garmendia tolosarrek. Inauterietako gau batean otu zitzaien ideia, parrandan txaranga bat ezin aurkitu ibili zirenean.

Ezkerretik eskuinera: Ioritz Alberdi, Julen Aranzabal eta Aitzol Garmendia, . JULEN ARANZABALEK UTZITAKOA
Ezkerretik eskuinera: Ioritz Alberdi, Julen Aranzabal eta Aitzol Garmendia. JULEN ARANZABAL
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko otsailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoiz gertatu al zaio norbaiti parrandan egonda, txaranga bat topatu nahi, eta ezin aurkitu ibiltzea? Noizbait egoera horretan egon bada inor, ez da berriz gertatuko; izan ere, arazo horri konponbidea jarri diote Ioritz Alberdik, Aitzol Garmendiak eta Julen Aranzabalek (Tolosa, Gipuzkoa, 1991). Txaranga.eus webgunea eta Txaranga.app aplikazioa sortu dituzte —azken hori Android sistemarako bakarrik dago eskuragarri—, Tolosako txarangak eta beste hainbat musikari geolokalizatzeko. Larunbat goizean igorri zuten lehen seinalea, kaldereroen egunean, eta inauteriak bitarte egongo da martxan, oraingoz.

Esperientzia propiotik tiraka bururatu zitzaizuen ideia?

Ideia on guztiak goizeko ordu txikietan sortzen direnez, hau ere hala otu zitzaigun. Pandemia aurretik izan zen, inauterietan garagardo artean geundela. Txaranga baten bila genbiltzan, topatu ezinean. Batekin eta bestearekin hitz egin, eta galdetzen genien: «Non dago txaranga?». Ezin bilatu horretatik sortu zen ideia, eta kuadrillako hiruren artean sortu dugu. Tolosar guztioi —edo txaranga gustatzen zaion edonori— gertatu zaigu noizbait txaranga topatu nahi eta galdezka ibili behar izatea.

Lehen ideia pandemia aurretik izan zen, baina noiz jarri zenuten martxan?

Tolosako babarrun egunean, iazko azaro erdialdean. Zera esan genuen: «Ba, agian urte egokia izan daiteke proiektuarekin hasteko». Gabonetako oporrak aprobetxatu genituen proiektua lantzeko, eta gure artean biltzeko aitzakia bat ere izan zen.

Nola funtzionatzen du?

Kode bat eman diogu txaranga bakoitzari, eta haien jantziekin edo taldearekin zerikusia duen irudi bat sortu dugu. Kode horretan sartuta, txarangako edozein kidek bidal dezake seinalea. Horiek guztiak Txaranga.eus-eko mapan azalduko dira; horrela, non dauden ikusi ahal izango da denbora errealean.

Txarangak bakarrik topa ditzakegu bertan?

Ez. Gehiengoak txarangak diren arren —egunekoak zein gauekoak—, beste eragile batzuei ere zabaldu diegu proposamena. Besteak beste, txistulariei eta akordeoi taldekoei. Horiez gain, erraldoi eta buruhandi konpartsek ere parte hartuko dutela esan digute.

Txaranga eta musikari mordoa daude gaur egun. Nola jarri zineten guztiekin kontaktuan?

Pixkanaka-pixkana. Garatzen ari ginen heinean, batzuekin bilduz joan gara. Haiek ere proposamenak egin dizkigute, nola programatu erakusteko, eta haien gustukoa ere izateko. Esaterako, eguneko hiruzpalau txarangarekin egin ditugu bilerak. Ez dugu lortu guztiekin aurrez aurre biltzerik, baina denei bidali diegu kodea.

«Kode bat eman diogu txaranga bakoitzari. Horiek guztiak 'Txaranga.eus'-eko mapan azalduko dira; horrela, non dauden ikusi ahal izango da denbora errealean»

Zenbatek parte hartu dute?

Guztira 25 eta 30 eragile inguru batu dira. Azpimarratu nahi dugu baten bat ahaztu bazaigu edozertarako irekita gaudela. Norbaitek informaziorik, proposamenik edo aldaketarik egin nahiko balu, helbide elektroniko bat dugu kontakturako: info@txaranga.eus.

Guztiek igorriko dute seinalea?

Guk esaten dugu guk sortu duguna, azken finean, musikarientzako tresna bat dela. Haien erabakia izango da seinalea bidali nahi duten edo ez. Eta bidali nahi badute, ea egun guztian emititu nahi duten, edo zezenen igoeran bakarrik. Haien aukera da hori. Hiru orduan igorri nahi badute ere, guretzat nahikoa da. Oraingoz, harrera oso ona izaten ari da, eta pozik gaude alde horretatik.

Eguneko eta gaueko txarangak egongo dira. Adin tarte ezberdinetakoentzat erabilgarri egin nahi izan duzue?

Hori da. Gaueko txaranga, adibidez, publiko helduago batentzat dago zuzenduta, noski, edo parrandan ibiliko den jendearentzat. Taberna zuloan egon nahi ez duenarentzat, alegia. Baina, bestalde, egunekoak ere jarri nahi izan ditugu, familiei zuzenduta egon daitezen. Seme-alabak nondik dabiltzan jakin nahi badute, edo buruhandiak eta erraldoiak nondik dabiltzan, haurrekin hara joateko.

Noiz igorri zenuten lehen emisioa?

Larunbat goizean: kalderero egunean. Beleta elkarteak antolatzen duen haur jaialdian, hain zuzen. Erraldoien eta buruhandien konpartsak eta Aiz Orratz Veleta txarangak igorri zuten seinalea.

Eta azkena noiz igorriko duzue?

Piñata igandean, musika eskolako ikasleek egingo duten emanaldian. 

Behin inauteriak pasatutakoan, zein da zuen asmoa?

Ez dugu argi. Gure helburua inauteriei begira egitea zen, eta listo. Oraingoz ez dugu harago pentsatu; zer harrera duen ikusi beharko dugu. Edonola ere, etorkizunerako hobekuntza mordoa ditugu buruan.

LOTSABAKO

Txaranga bat?
Aiz Orratz Veleta edo Ero-Etxe.

Kaldereroak edo inauteriak?
Inauteriak, Zaldunita eguna bereziki.

Eguneko txarangak edo gauekoak?
Egunekoak, baina gauekoek ere euren xarma dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA