Jakitate partekatuen festibala zazpigarren aldikotz antolatuko dute aurten, Kanboko (Lapurdi) Paxkaleku frontoian. Hain zuzen ere, agorrilaren 28an, 29an eta 30ean eginen dute Topa Topia bertan. Festibalaren antolatzaile Iñaki Nobliaren erranetan, ez dute egitarau zehatzik argitaratu, jendeak «sorpresak» izan ditzan hara joatean.
Salatu duen bakarra da festibalak hiru egun iraunen duela. Ortziralez hasiko da, eta egun horretan kontzertuak izanen dira nagusiki, arratsaldetik hasirik goizeko biak artio. Biharamunean, ebiakoitzez, besta goizeko laurak artio luzatuko dute kontzertuekin, eta, igandean, desmuntatze kolektiboa baino lehen, zuzeneko musika proposatuko dute.
Musikaz gain, hainbat tailer eta ikuskizun izanen dira. Nobilak jakinarazi duenez, tailerrak ebiakoitzean eta igandean eginen dituzte, egun osoan. 25 tailer inguru proposatuko dituzte aurten. «Urte guziz bezala, denetarik izanen da Paxkalekun. Zirku tailerra, tindua ekoizteko tailerra, musika tailerrak eta dantza ikastaroak ere bai», kontatu du Nobliak.
«Urte guziz bezala, denetarik izanen da Paxkalekun. Zirku tailerra, tindua ekoizteko tailerra, musika tailerrak eta dantza ikastaroak ere bai»
IÑAKI NOBLIA Topa Topia festibalaren antolatzailea
Tailer kopuru handia festibalak duen helburuarekin lot daiteke. Jendeak jakitatea partekatu dezan eta jolastuz ikas dezan antolatzen dute urtero hiru eguneko trukerako gunea. «Aurten izarrak dira gure gaia, eta justuki izarrei buruz ikas dezagun, Hendaiako Abadia gazteluko behatokiko norbait etorriko da tailerra ematera».
Topa Topiaren balioen artean jendeen arteko elkartasuna lantzen dute, «amesten» duten mundu bati buruz joateko gisan eraikitzen baitute festibala. «Denek elkarrekin eraiki nahi dugun mundu bat irudikatuko dugu hiru egunez. Jakitatea eta elkartasuna batuz eraikitzen dugu festibala».
Paxkaleku frontoian animazioak aterpetzeko zenbait gune pentsatu dituzte. Bi eszenatoki eraikiko dituzte: bata, karpapean, eta bertzea, kanpoan. Horien ondoan, ostatua izanen da hiru egunez, festibalera joandakoek jatekoa eta edatekoa ukan dezaten. Horietaz gain, tailerrak eta ikuskizunak izanen diren gunea ere laguntzaileek eraikiko dute, banbu zurez. «Saiatuko gara gune goxo bat eraikitzen, banbu zurarekin nabe baten gisako zerbait egiteko».
Urte osoan, talde eragileak hamabortz kide izaten ditu, baina festibala martxan den garaian hirurogei laguntzaile inguru biltzen dituzte Kanbon. «Boluntarioak beharrezkoak ditugu festibala antolatzeko eta egin ahal izateko. Aste bat lehenagoko muntaketan sortzen den giroa da ederrena festibalean».
Informazio guzia Topa Topia festibalaren webgunean atzeman daiteke.