Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Zer da ihes egitea? Izango da bere burutik ihes egin duenik —edo ihes egiten saiatu denik— musika entzuten, telesail bat ikusten, kirola egiten edo drogatzen. Asko dira beren identitatea onartzen ez duten pertsonengandik —herri, auzo zein familietatik— ihes egin dutenak, diren bezala bizi ahal izateko. Ugari dira pobreziatik eta miseriatik ihes egin dutenak. Pertsonala politikoa da, eta aurreko ihesaldi horiek denak ere bai. Hala ere, Euskal Herrian pertsona asko-askok egin behar izan dute ihes herritik eta etxetik gatazka politikoaren ondorioz. Arrazoi politikoengatik.
Ihesak historia oso luzea du Euskal Herrian, ertz askokoa, oraindik amaitu ez dena. Oraindik askorik kontatu ez dena. Ez da atzoko kontua, gaurkoa baizik. Historia asko daude, eta ondoko historia hau zortzi gazterena da. Segi gazte antolakundeko zortzi militanterena. Aiala Zaldibar, Xalba eta Jazint Ramirez, Beñat Lizeaga, Irati Tobar, Endika Perez, Aitziber Plazaola eta Bergoi Madernaz prentsaren aurrean azaldu ziren 2011ko otsailaren 21ean, Izpuran (Nafarroa Beherea), Ipar Euskal Herrira ihes egin eta lau hilabetera. «Haien jarduera politikoekin jarraitzeko eta torturari ihes egiteko Ipar Euskal Herrira joateko hautua egin dutela azaldu dute guztiek», zioen BERRIAk hurrengo egunean.
Duela hamabost urteko Gabonak etxetik urrun pasatu zituzten gazte haiek, beste familia batzuen etxeetan. Ihesaldia, haren aurretik gertatutakoa eta horren ostekoa oso gogoan dituzte zortzi gazte haietako bik: ja hain gazteak ez diren Aitziber Plazaolak eta Endika Perezek. «Lortu genuen torturatik ihes egitea eta torturatuak ez izatea. Hori guretzat [Espainiako] estatuaren aurkako garaipen bat da. Ez gintuzten harrapatu», esan du, irribarrez, Perezek. «Gure bizitzak guztiz baldintzatuta egon dira: gure belaunaldiari hori tokatu zitzaion, eta guk sinistu dugu herri honetan, gazte estrategian eta beste Euskal Herri batean. Horretan sinisten dugu, eta hori egiteko konpromisoa izan dugu», nabarmendu du Plazaolak.
«Euskal Herrian, ihes egitea zera izan da, milaka eta milaka boluntarioren laguntza izatea, prest egon baitira beren etxeko atea zabaltzeko»
ENDIKA PEREZ Segiko militante ohia
Bilboko Errondabide tabernan kafe bana hartu ostean, eskailera batzuk igo eta Zazpikatu gaztetxean sartu dira. Ezin hobeak dira bi leku horiek beren bizipenez hitz egiten hasteko. «Gure eguneroko tokiak ziren, bai harremanetarako, bai militantziarako», esan du Plazaolak. Harekin bat dator Perez: «Garai hartan ilegalizazio garai batean geunden, eta ez zegoen egoitzarik. Elkartzeko guneak herriko tabernak eta gaztetxeak ziren». Hitz hori: ilegalizazioa. Gazte haien militantzia goitik behera zeharkatzen du hitz horrek. 2001ean sortu zuten Segi, ezker abertzaleko Jarrai eta Haika gazte antolakunde ilegalizatuei lekukoa hartuta. Urtebete geroago, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi zuen, eta 2007an «erakunde terroristatzat» jo zuen Gorenak.
«Espainiako Estatuak martxan jarri zuen estrategia oso bat: ‘Dena ETA da’. Ezker abertzaleko erakundeak ilegalizatu zituen, eta ezker abertzalearen inguruan zebilen jende oro jopuntuan jarri. Mugimendua bera nahi zuten ukatu», azaldu du Plazaolak. Eta Perezek segitu du: «Segi gure belaunaldiak eduki duen gauzarik onenetakoa izan da: mundua aldatzeko gazteok eraikitzen ari ginen tresna bat zen». 2007an Gorenak egindako epaiak, baina, guztiz markatu zuen Segiren ibilbidea, Perezen arabera: «Bidea eman zuen terroristatzat jotzeko antolakunde oso bat. Gazteak kriminalizatzeko modu bat zen, ekintza jakinik leporatu gabe. Kide izatea bera ja bazen terrorismoa».
Proiektu politikoa
«Gure obsesioa beti zen ezin genuela gure proiektu politikoa alde batera laga», nabarmendu du Plazaolak. «Guk proiektu politiko bat geneukan, eta gauzatu nahi genuen. Hori alde batera lagatzen genuenean, gure izateak zentzua galduko zuen. Errepresioari aurre egin behar diogu, baina gure jarduera politikoa ezin da bakarrik hori izan. Dinamika horretan sartu nahi gintuzten», gogoratu du Plazaolak.
Izan ere, errepresio handia jasan zuten. «Jarrai eta Haikako zuzendaritzen aurka egin zituzten epaiketak, baina handik urte batzuetara eskualdeetako militanteen kontrako sarekadak egiten hasi ziren. Ia edozein atxilotu eta torturatu zezaketen, Segiko militante izan edo ez. Makrosarekadetan ez zihoazen eskualde baten kontra, baizik eta leku guztietara aldi berean, eta agian berrogei gazte eramaten zituzten», azaldu du Perezek.
Hori dela eta, segurtasun neurri ugari hartzen zituzten: bilerak ahalik eta gehien babestu, oharren bidez komunikatu, astelehen eta astearteetan etxetik kanpo lo egin, informazioa USBetan eraman eta USBak barruko arropan edo ahoan sartu... «Guretzat garrantzitsuena zen gure lan politikoarekin jarraitzea. Lan politiko horrek ondorio horiek zeuzkala ere asumitu genuen. Finean, funtzionamendu klandestinoa zen, bizitza normal samar batean», azaldu du Plazaolak. «Are, kriminalizazio horren bidezko deshumanizazioa zegoen, eta hainbeste gazte horrela bizitzea justifikatzen zuten komunikabide eta alderdi politiko askok. 15 urtetik 25 urtera arteko jendea ginen», gogoratu du Perezek.
«Militantziarekin jarraitu, ihes egin tortura ekiditeko, eta, ihes eginda, jarraitu ekarpen militante hori egiten. Hori zen estrategia»
AITZIBER PLAZAOLA Segiko militante ohia
Oso gazteak ziren, eta ondo zekiten noizbait atxilotuak izateko arrisku handia zutela. «Behin guregana etorriko baziren, ihes egitea zen gure estrategia nagusia. Izan ere, atxiloketa batek torturak zekartzan. Bere horretan zetozen: inkomunikazioa, torturak, norberaren kontrako autoinkulpazioak, eta gainontzeko kideen aurkakoak; handik, zerrenda beltzak. Beraz: militantziarekin jarraitu, ihes egin tortura ekiditeko, eta, ihes eginda, jarraitu ekarpen militante hori egiten. Hori zen estrategia», azaldu du Plazaolak. Askok ezin izan zuten hori lortu, baina haiek biek eta beste sei kidek erdietsi zuten ihes egitea.
2010eko urriaren 22a zen, eta sarekada handi bat egin zuten. Aurreko sarekadetan ihesaldi prebentibo batzuk eginak zituzten, jakin arte noren bila zebiltzan. Orduko hartan, baina, haien atzetik zebiltzan, eta ihes egin zuten. «Gure sarekadako bat etxean zegoen, ikusi zuen telebista kamerak muntatzen ari zirela bere etxe azpian, eta ihes egin zuen. Gertatzen ari zenaren metafora bat da», kontatu dute.
Elkartasun sarea
Eta ahoa betetzen zaie oraindik Ipar Euskal Herrian iheslariei laguntzen aritu den elkartasun sare handiari eskerrak ematean. «Zer izan da Euskal Herrian ihes egitea? Ematen zuen tuneletatik edo lur azpitik Iparraldean azaltzea zela, baina, Euskal Herrian, ihes egitea zera izan da, milaka eta milaka boluntarioren laguntza izatea, prest egon baitira etxeko atea zabaltzeko eta, beraz, bere burua eta senideak arriskuan jartzeko, bat-batean gastu gehigarri bat edukitzeko. Eta jende hori doa lanera, bere kuadrillarekin dago, eta zu bere etxean zaude. Eta Gabonak dira, eta urtero Gabonak gure etxean egiten ditugu, baina aurten ezin dugu egin itoginak ditudalako... Zu zeundelako», esan du Perezek. «Konpromiso handia», azpimarratu du Plazaolak.
«Nik familia bat baino gehiago irabazi nituen bide horretan. Mahai baten bueltan, prest zeuden zu negarrez entzuteko, zure min hori guztia arintzeko. Haiek ere gero ohera joaten ziren jakinda etxean zeudenek atxilotze agindu bat zeukatela eta Polizia haien bila zebilela. Isileko lan handia egon da, eta ez zaie oraindik aitortu: injustizia baten aurka antolatuta zegoen elkartasun sare erraldoi bat zen», nabarmendu du Perezek.
«Zain egon, itxaron, eta horixe». Horixe da ihesa. Horixe izan zen haien ihesa. Segitu zuten lan politikoarekin, hala ere. «Liburu batek baino orrialde gehiago zituzten txostenak idatzi genituen», esan du Perezek, barrez. Baina serio jarri da: «Ezker abertzalean aldaketa politikoa gertatzen ari zen, eta gazte antolakundea bere gogoeta propioa egiten ari zen. Gazte antolakunde berritu bat behar genuela genuen buruan. Gazte estrategia eraldatu ahal izateko tresna eraginkor bat». Transmisio lana egitea zen txosten haien xedea.
Eta, bien bitartean, Izpurako itxialdia egosi zuten. Garai hartan, Aurore Martin Batasunako kidearen aurkako euroagindua bidali zuen Espainiak, eta horren aurkako dinamika handi bat sortu zen Iparraldean. Izan ere, zuberotarra da Martin, eta Frantziako nazionalitateduna; hura Espainiara estraditatzea eta hango legeen arabera epaitzea «ate arriskutsu bat irekitzea» izango zen. Gainera, Segi eta Batasuna legezkoak ziren Iparraldean. Auzi horren bueltan, Izpuran azaldu ziren zortzi gazteak, eta dinamikarekin bat egin zuten. Lan politikoarekin segitu zuten, eta Segiko militante zirela aldarrikatu zuten jendaurrean, baita ihes eginak zirela ere. Ez soilik hori: «Izpuran atera ginen garaian, urte eta erdian ehun gazte baino gehiago atxilotu zituzten, eta espetxean zeuden, torturatuta... Gu bertara iritsi ginen gure sarekadako kideen torturen testigantzekin. Ekinaldi horrek, bere xumean, bazuen helburu politiko hori», gogoratu du Perezek. Astelehenetik ostiralera egin zuten itxialdia, eta larunbatean Kanbon (Lapurdi) egin zuten kantaldian hainbat hautetsik iragarri zuten etxean hartuko zituztela zortzi gazteak.
Marlaskaren irribarrea
Azkenean, baina, atxilotu egin zituzten. Frantziako Estatuan egon ziren behin-behinean preso, eta gero Espainiako espetxeetara eraman zituzten. Instrukzioko epailea Fernando Grande-Marlaska zen, egungo Espainiako Barne ministroa. «Imajinatu guretzat hori zer den...», aitortu du Plazaolak. Eta Perezek gogoan du hari zer esan zion: «Nik Marlaskari espresuki esan nion nire lagunak bere aurretik torturatuta pasatu zirela, eta ez zuela ezer egin. Irribarre egin zuen...».
Bi urte baino gutxiago pasatu zituzten kartzelan, eta 2015ean izan zuten epaiketa. Fiskaltzak akusazioa kendu zien askori, haien aurkako frogarik ez zegoela argudiatuta. Ez dute deliturik. «Baina, praktikan, lan elkarrizketa batean zure izena Googlen sartzen badute, zer agertzen da? Hamabost urte geroago, inork ez du horren inguruko zuzenketarik egin, barkamenik eskatu, aitortzarik egin. Guk ez daukagu sententziarik, baina sententzia dutenen aurka dauden froga bakarrak torturaren bidez lorturikoak dira, zerrenda beltzen ondoriozko atxiloketen bidez. Eta ez dago inolako aitortzarik», salatu du Perezek.
Bizipen horrek denak zer arrasto dauka egun? «Zure nortasuna eraikitzen ari zaren garaian hori bizitzeak, konpromiso eta sinesmen hori izanda, kristoren arrastoa lagatzen dizu. Eta borrokak merezi du, komunitateak, taldean sinisteak, amesteak», uste du Plazaolak. Eta Perezentzat zera da garrantzitsua: «Ihesak eman digu hamarkada hori guztia modu traumatikoan ez oroitzeko modua. Gure belaunaldiko beste hainbestek ezin dute hori esan. Gu espetxera paparrak puztuta iritsi ginen, irribarre batekin eta elkartasun uholde batek ematen duen indar horrekin guztiarekin. Torturari ihes egin genion, [Espainiako] estatuari irabazi genion. Ihesa garaipen bat izan da; espetxean amaituta ere, garaipen bat».