Asteartean hasi eta bihar arte, Imaginenano biltzarra egiten ari dira Barakaldoko BECen (Bizkaia). Bigarren aldia du aurten nanozientzia eta nanoteknologiari buruzko ekitaldiak, duela bi urteko saio arrakastatsuaren ondoren. Madrilgo Phantoms Fundazioak du hura antolatzeko ardura. Antonio Correia (Paris, 1966) fundazioaren presidenteak azaldu duenez, Euskal Herriko ikerketa eta industriaren potentzialak bultzatuta erabaki zuten biltzarra bertan egitea.
Energia, biomedikuntza, optika, fotonika, defentsa eta grafenoa izaten ari dira hizketagai nagusiak. Azken horren harira, Imaginenanoren barruan egiten ari diren Grafenoaren Biltzarra azpimarratu du ekitaldi garrantzitsuenen artean. Bai eta erakusketarako prestatutako espaziora Frantziak ekarri duen pabiloia ere: «30 bat instituzio eta 40 bat hizlarirekin etorri dira, puntako nanozientzian eta nanoteknologian zer egiten duten azaltzeko».
Imaginenano Europako nanozientzia eta nanoteknologiari buruzko biltzarrik handiena dela diozue. Zer dela eta?
Lehen aldian eta aurten izaten ari garen parte hartzaile kopuruarengatik, eta erakusketagunearen tamainarengatik. Aurreko aldian, 1.480 bat lagun etorri ziren, eta 160-170 erakusketari. Aurten, erakusketariei eutsi diegu, eta 1.300 bat parte hartzaile izango dira bukatzerako. Gaur egungo krisia kontuan hartuta, nahiko pozik nago. Ekitaldia sendotu egin da.
Zientzialari gisa, ba al dago aurtengo biltzarrean bereziki nabarmenduko zenukeen hitzaldirik?
Hitzaldi guztiak zientzialarien nazioarteko batzordeek baloratu dituzte, eta zaila da denen artean bakar bat aukeratzea. Alain Aspect eta John Pendryren hitzaldiak aipatuko nituzke, mundu osoan aintzatespen handia duten zientzialariak direlako, haien ikerketa punta-puntakoa izaki. Grafenoari buruzko lau irekiera hitzaldietan ere goi mailako ikerketak aurkeztuko dituzte. Baina zaila da hitzaldi bakar bat besteen gainetik nabarmentzea. Saiatu gara nanozientzian dagoen ikerketa puntakoena ekartzen, tresnei zein materialei dagokienez ikus daitezkeen aplikazio posibleekin. Hori guztia ikus daiteke hemen. Imaginenanok zerbait desberdina ematen dio parte hartzaileari: aukera ematen du toki bakar batean zazpi gairi buruzko biltzarretara joateko. Uste dut hori oso garrantzitsua dela gaur egun, baliabideak horren mugatuta egonda.
Gaur egun bolo-bolo dabil nanozientzia eta nanoteknologia gaia, baina, duela hamarkada bete, inor gutxik hitz egiten zuen horri buruz. Zein izan da mugarria?
Jendeak oso aspalditik egiten du lan alor horretan, baina agian tresneriaren garapena izan da mugarria hemen, materia nanoeskalan ikustea eta kontrolatzea ahalbidetu duelako. Ekortze zunda bidezko mikroskopioak, adibidez; Gerd Binnig y Heinrich Rohrerrek garatu zuten, IBMren Suitzako laborategian [tunel efektuko mikroskopioa egin zuten, zehazki, eta Fisikako Nobel saria irabazi zuten 1986an]. Horri esker, nanoegiturak ikus ditzakegu, eta uste dut mugarri nahiko garrantzitsua dela hori. Beste tresna mota batzuen garapena ere kontuan hartzekoa da; esaterako, transmisio bidezko mikroskopioak gero eta indartsuagoak dira, eta gero eta aukera handiagoa ematen dute eskala horretan gauzak zuzenean ikusteko. Bestalde, guk Espainian ikusi dugunaren arabera, 2005etik aurrera unibertsitateetatik eta teknologia zentroetatik ateratako enpresa txiki asko hasi dira agertzen, eta unibertsitatean bertan garatutako produktu batzuk merkaturatzen.
Biltzarra nanozientzia eta nanoteknologiari buruzkoa da. Bi termino dira, eta azpimarratu egiten duzue hori. Zergatik?
Duela hamar urte eskas, nanoteknologia terminoa hasi zen zabaltzen. Orain, jendeak ulertu du nanozientzian egindako ikerketatik eratorritako aplikazio bat dela nanoteknologia. Hasi gara bereizten zientzia eta industria alorra. Bi alorrak ondo ordezkatuta egon eta bakoitzak bere egitekoa hartu ahala, gauza bakoitza bere tokian jartzen ari gara, pixkanaka.
Energia da espresuki jorratzen duzuen alorretako bat. Zer ekarpen egiten dio nanomunduak horri?
Hasieratik garrantzitsua iruditu zitzaigun energiaren gaia sartzea. Izan ere, nanozientzia eta nanoteknologia baliatzen dituzten tekniken bidez, herrialde batek independentzia handiagoa izan dezake petrolioa eta gisako baliabideekin. Besteak beste, nanozientziari esker lortutako material berriekin eguzki zelulen errendimendua handitu dezakegu [eguzki energia]; aerosorgailuen marruskadura txikitu, palak errazago mugi daitezen eta ahalegin txikiagoarekin energia gehiago eman dezaten [energia eolikoa]; bioerregaiak garatu... Aplikazio ugari daude, eta garrantzitsuak dira, herrialde batek horrenbesteko petrolio menpekotasunik ez izatea ekar dezaketelako. Sistema nuklearra da beste adibide bat. Frantzian, bereziki, jende askok lan egiten du energia atomikoari begirako nanomateria garatzen.
Segurtasuna eta defentsa ere badituzue hizketagai biltzar honetan. Zer ikerketa egiten da hor?
Ehunetan, adibidez. Nanozientziak eta nanoteknologiak ekarpen handia egiten dute ehun berriak sortu ahal izateko, esaterako, aplikazio militarretan baliatzeko. Eta iraunkorragoak diren pinturak garatzen ere laguntzen dute. Ura uxatzen duten materialak, gehiago irauten duten elikagaiak... Nanoteknologiak soluzioak eman ditzake alor horietan guztietan, epe labur edo ertainera begira. Bestalde, asko hitz egiten da radarrentzat ikusezina izateko aukerari buruz; hau da, itsasontzi bat detektaezina izatea, esaterako... aplikazio batzuk bide horretatik joango dira.
Azken urteetan zientzia fikzioko filmetan ikusi ditugun gauza batzuek zientzia fikzio izateari utziko al diote halako batean?
Badago kazetariek asko erabiltzen duten adibide bat: Fantastic Voyage filma [itsaspeko bat miniaturizatu, eta pertsona baten gorputzean sartzen dute, garunean duen kaltea barrutik sendatu ahal izateko]. Ez dut gehiegi atsegin, beti adibide bera erabiltzen delako, baina egia da gaur egunnanopartikulak baliatzen direla giza gorputzaren oso toki jakinetan botikak txertatu ahal izateko inguruan kalterik eragin gabe. Ez da zehazki modu berean egiten, noski, baina helburuak bat datoz. Teknologian, bestalde, gauzak gero eta txikiagoak dira, eta duela hamar-hamabost urte zientzia fikzio hutsa ziren gailuak ditugu gaur egun. Grafenoarekin pantaila malguak egiteari buruz ari gara hizketan orain, eskumuturraren inguruan lotzen diren sakelakoei buruz... Pentsa, duela hiruzpalau urte, Netbookek ikaragarrizko aurrerapena ziruditen, eta orain, tabletek desagerrarazi egin dituzte ia... Teknologia oso azkar doa, eta neurri handi batean, nanoteknologia dago hor barruan.
Ikusezintasuna, telegarraioa... horrelakoetan pentsatzea burugabekeria handia al da?
Horiek gertatuko diren ez daukat horren garbi. Ikusezintasunaren inguruan ikerketa asko egin dira, baina ez dakit nik inoiz aplikagarriak izango ote diren. Ikerketa batzuk oso interesgarriak dira, baina emaitzak urrun daudela uste dut. Telegarraioari dagokionez, materia mota batzuk garraiatzeko esperimentuak egiten dira gaur egun, baina ez, inondik inora, animaliak eta gizakiak mugitzeko. Eta egiten diren horietatik ere, ez dut uste aplikaziorik garatuko dutenik laster. Nanoteknologian jorratzen ari diren aplikazioak arruntagoak eta oinarrizkoagoak dira. Esaterako, grafenoa hartu, eta beste material bati txertatzea, iraunkorragoa eta arinagoa izan dadin. Hori, adibidez, asko interesatzen zaie hegazkin konpainiei, aukera emango liekeelako erregaia aurrezteko eta hegazkin iraunkorragoak egiteko. Horiek dira jendearen eguneroko bizimodutik gertuen dauden aplikazio motak. Gainontzekoak oraindik zientzia fikzioa direla esan dezakegu.
Datozen hamar urteetako nanoteknologian zer alor nabarmenduko den apustu egin beharko bazenu, zer esango zenuke?
Oso zaila da iragartzea ea datozen bost edo hamar urteetan mundua aldatuko dugun. Dena dela, uste dut grafenoak etorkizun oparoa izan dezakeela eta aukera eman dezakeela aplikazio berri ugari sortzeko, alor guztietan. Hain zuzen ere, Europako Batzordeak haren alde egin du apustu oraintxe, proiektu ikaragarri handi bat finantzatuta. Graphene Flagship du izena, eta sekula ez diote proiektu bati horrenbesteko dirurik eman. Hori bai, luzera begirako apustua da, hamar urteko proiektu bat baita; Europako 150-200 talde bildu ditu orain arte, eta gorantz doa. Apustu sendoa da. Denok uste dugu grafenoaren inguruan sortzen ari den itxaropenak eta haren inguruan garatzen ari diren ikerketa horiek guztiak uzta emango dutela alor askotan. Nokia enpresa, adibidez, grafenoa duten sakelako gailu berri eta erabat iraultzaileak iragartzen hasia da. Esango nuke elektronikaren munduan nobedade asko egongo direla, eta ia zientzia fikzioa diruditen aplikazioak.
Besterik?
Gauza bat nahiko nuke. Gobernuek, baliabideak gero eta murritzagoak izan arren, nanozientzia eta nanoteknologiaren alde egin dezaten. Hau da, ikerketa babestu, horri esker enpresa berriak osa daitezen eta, horrela, lana sortu. Espainiako Gobernua murrizketa asko egiten ari da oraintxe, eta ez dut uste etorkizunerako batere ona izango denik hori, ez zientzian eta ez teknologian. Are gehiago, beste herrialde batzuk eta Europako Batasuna horien alde egiten ari baldin badira. Murrizketak eginda, hamar-hamabost urte egiten da atzera, eta ez dut uste hori politika ona denik.
Ezarian. Zientzia. Antonio Correia. Imaginenano biltzarraren antolatzailea
«Tresneriaren garapena izan da mugarri hemen»
Duela bi urteko arrakastaren ondoren, Imaginenano biltzarra egiten ari dira aste honetan, Barakaldoko BECen. Ekitaldi horrek erreferente izan nahi du Europako nanozientzia eta nanoteknologiaren alorrean, Antonio Correia antolatzaileak dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu