Triatloia: elkarrekin askoz hobe

Emakumeen triatloi egonaldia egiten ari dira Getariako Askizu auzoan. Eneritz Urrutia dute triatloilari enbaxadore. Beldurrak uxatzeko eta elkarri aholkuak emateko baliatzen ari dira egonaldia.

Emakumeen triatloi egonaldia, Getariako Askizu auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
Emakumeen triatloi egonaldia, Getariako Askizu auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
Getaria
2025eko maiatzaren 31
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Norbait gelditzen ari bada, esan. Edozer gauza, galdetu lasai. Igoeretan: trankil, lasai». Eneritz Urrutia triatloilari eta egonaldiko enbaxadorea beste zortzi emakume kirolariri lasaitasuna ari zaie transmititzen. Getariako (Gipuzkoa) Askizu auzoan daude, aterpetxe parean, eta badoaz Zarautz aldera. Gero Zumaiara doaz Oikiatik, eta buelta Askizura. Triatloia Maite Dut egitasmoaren barne, emakumeen triatloi egonaldia egiten ari dira Askizun. Bertako aterpetxean egingo dute lo. Eta bertan esperientziak partekatu, aholkuak eman eta jaso. Beldurrak uxatu ere bai.

«Lehen aldia dut halako egonaldi batean, eta gogo handiz nago», esan du Itziar Lizarragak. Aurten Zarauzko Nitri taldean eman du izena, eta aurreko asteburuan Getariako triatloian parte hartu zuen: 750 metro igeri, hogei kilometro bizikletan, eta bost korrika. «Gauza asko dauzkat hobetzeko eta ikasteko. Egonaldi hau aukera oso ona da horretarako».

Iritzi berekoa da June Arzelus. 21 urte ditu. «Iaz etortzeko gogoa izan nuen, baina ezin izan nuen, eta hemen naiz, gogotsu». Lehen triatloia iazko irailean egin zuen, Zarautzen. «Esaten didaten guztia aintzat hartuko dut. Jendea ezagutzeko eta aholkuak jasotzeko, elkartzeko, oso interesgarria da egonaldi hau».

Haiei patxadaz ari zaie hizketan Urrutia. Triatleta da, hamahiru urte daramatza horretan. «Ahal dudana erakutsi, eta haiekin disfrutatuko dut». Eta ziurtzat jo du bera ere ikasbideren batekin itzuliko dela etxera. «Beti esaten dut ahal dudana erakusten dudala, baina nik ere ikasten dudala zerbait. Polita izango da; norberaren esperientzien berri emango diegu besteei». Haren iritziz, urteek ematen dute konfiantza triatloian. «Animatuko nituzke gazteak kirol honi ekitera. Kostaldean egiten dira triatloi batzuk. Bestalde, Maite Dut Triatloia egitasmoa oso ondo dago, gauzak asko errazten ditu. Jendeak proba dezala».

Emakumeen triatloi egonaldia Getariako Askizu auzoan
Emakumeen triatloi egonaldian, bizikleta hartu dute bidea hasteko, Getarian. GORKA RUBIO / FOKU

Maite Dut Triatloia egitasmoak urtean zehar egiten dituen ekitaldiak babesten ditu BERRIAk.

Ainhoa Muruaren lezioak bigarren egunean

Segurtasuna bermatzeko, Laura Olabarria triatloilari eta egitasmoko komunikazio arduradunak beste emakumeei azaldu die Vasile Capusceac mekanikariaren laguntza dutela. Bizikleta batzuk begiratzen aritu da, Askizutik irten aurretik, eta bidean ere atzean joan da autoarekin.

Penaz «eta inbidia apur batekin», bizikleta hartu gabe gelditu da aterpean Ane Arozena. «Futbolean ere aritzen naiz, eta belaunean lesio bat izan dut. Datorren urtean bete-betean egongo naiz, hori ziur». Ohartarazi du, edonola ere, egonaldiaren helburua ez dela soilik kirola egitea. «Asteburu bat da elkartzeko, beldurrak gainditzeko, jendea ezagutzeko. Esperientzia duen jendeari zalantzak galdetzeko aukera emango die hasiberriei egonaldi honek. Denen artean errazagoa da, bakarrik baino».

Emakumeen triatloi egonaldia Getariako Askizu auzoan
Emakumeen triatloi egonaldia, gaur, Getariako Askizu auzoan. GORKA RUBIO / FOKU

Olabarriak esan duenez, igandean, bigarren egunean, Getariara joko dute, itsasora, «gosari eder bat» egin ostean. Han izango dira Ainhoa Murua eta Adriana Campoy adituak. «Helburua izango da ur irekietan igeri egitearen arriskuak azaltzea, eta ikastea». Askizura itzuliko dira gero, eta Muruak eta Campoyk parte hartzaileen zalantzak argituko dituzte. «Guretzat plazera da esperientzia hau haiekin partekatzea». Munduko eta Europako txapelketetan dominak irabazitakoa da Murua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.