Triatloirako grina pizteko festa

570 lagunek parte hartu dute Bik Tri Marmarran, Zarauzko bikote mistoen herri triatloian. Herritarrak triatloira gerturatzea eta emakumeen parte hartzea bultzatzea dituzte xede.

Triatloiko bi parte hartzaile, korrika, Zarauzko Malekoian. GORKA RUBIO / FOKU
Triatloiko bi parte hartzaile, korrika, Zarauzko Malekoian. GORKA RUBIO / FOKU
ane insausti barandiaran
Zarautz
2025eko irailaren 20a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igeri lehenik, 150 metro, Zarauzko portutik (Gipuzkoa) malekoiraino. Bizikletan gero, zazpi kilometro, Getariara (Gipuzkoa) iritsi aurreko biribilguneraino. Munoara itzuli, lokarriak lotu, eta kilometro eta erdiko korrika saioa azkenik. Elkarri eskutik heldu, eskuak altxatu, eta helmuga zeharkatu dute. Besarkada elkarri, bostekoa antolatzaileei. Ez dira profesionalak, baina amaitu dute Zarauzko Bik Tri Marmarra, bikote mistoen herri triatloia. BERRIA babesleetako bat da.

Malekoian batera eta bestera dabil Laura Olabarria, triatloiaren antolatzaileetako bat. Triatloia «beste modu batean» bizitzeko helburuz sortu zuten proba, duela lau urte: «Nik Tri triatloi elkartean uste dugu badagoela beste modu bat triatloiaz disfrutatzeko; ez beti lehiakortasunaren ikuspegitik. Ideia ona iruditu zitzaigun bikotekidearekin, aitarekin, amarekin, lagun batekin... triatloia lehen aldiz probatzeko antolatzea».

Bik Tri Marmarra triatloia
Triatloiko parte hartzaileak, abiatu aurretik. GORKA RUBIO / FOKU

Ez baitago ez podiumik, ez irabazlerik. Triatloia probatu eta hartaz gozatu nahi duen jendea bakarrik. Eta badu beste berezitasun bat: bikoteka egiten dela, eta emakume batek eta gizon batek osatu behar dutela bikotea, nahitaez: «Emakumeek eta gazteek triatloiaren munduan parte hartzea bultzatu nahi dugu. Hala, parte hartzaileen erdiak beti izango dira emakumeak». 

Hain zuzen, nabaritu egin dute herri triatloiaren eragina. 570 lagunek parte hartu dute aurtengoan, eta ikusi dute askori zaletasuna pizteko balio diela. «Ikusi dugu ondorengo urteetan triatloiak egiten hasi direnetako batzuek lasterketa honetan parte hartu zutela lehen aldiz. Horrek ilusioa egiten digu».

Lehen aldiak

16:00etan hasi da proba, baina eguerdirako iritsi dira parte hartzaile asko, dortsalak hartzera. Bizikletaz betetzen hasi da malekoia; kaskoak buruan eta ilusioa aurpegian duela ibili da jendea. Dortsalen zerrendara joan dira, hamabost bikoteko multzoetan abiatuko direnez, zer txanda egokitu zaien ikusteko. 

Parte hartzaileetako bi dira Fernanda Fleischmann eta Carlos Velar. Gasteizko Aloha triatloi taldeko kideak dira, eta ibilbide oparoa dute probetan. Gaurkoan, ordea, taldekide berriekin probaz gozatzea da asmoa. «Aurten neska asko gehitu dira taldera, eta proba honetan parte har dezaten etorri gara, herri triatloia delako. Trantsizioak nolakoak diren ikusteko, ikasteko...», esan du Velarrek.

Binaka errazago egiten baita igeri, korrika eta bizikletan, Fleischmannen ustez. «Proba egin dezaten eman dugu izena. Proba motza da, binaka egiten da... Triatloiari beldurra kentzeko balio du». Beldurra kentzeko, eta grina pizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.