Gasteizko jaiak

Trikitien, bertsolarien eta sirenen hotsak

Aihotz plazako euskal giroa ikuskizunetako teknikarien grebak baldintzatu du aurten. Trikiti eta bertso ikuskizunak egin dira, baina langileek protesta egin dute oholtza aurrean.

Maddalen Arzallus, teknikarien aldeko elkartasuna adierazteko pegatina soinean, kantari. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maddalen Arzallus, teknikarien aldeko elkartasuna adierazteko pegatina soinean, kantari. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko abuztuaren 5a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mamu bat ibili da Gasteizen zehar Andre Maria Zuriaren egunean: ikuskizunetako teknikarien grebaren mamua. Gasteizko Aihotz plazako ikuskizunetara zihoazenen aurpegietan ere, zalantza: egingo ote da ikustekoak ziren ikuskizuna, edo bertan behera geratuko ote da, greba dela eta?

Hamabiak aldera trikitia entzutera gerturatu direnek fite izan dute erantzuna: «Teknikariok greban» lema duen kartel handi batek estaltzen du eszenatokiaren beheko aldea, eta bertan diren langileak «Gaur greba eguna da!» oihukatzen ari dira. Ez da, ordea, nahikoa izan emanaldia bertan behera uzteko. Teknikariok sindikatuko Marta C. Dehesaren arabera, teknikari autonomoak kontratatu ditu udalak, egun horretan lanera deituta zeuden enpresako beharginak ordezkatzeko. Eta autonomoek ezin grebarik egin. Gasteizko beste lekuetan, ordea, eragin zuzenagoa izan du grebak: arratsalderako aurreikusitako antzerki saioa bertan behera geratu da, eta, Florida plazan, jota emanaldia mikrofonorik gabe egin dute, soinu teknikariek lan egiteari uko egin baitiote. 

Gasteizko jaiak. Aihotz plaza

Tentsio puntu bat izan da, beraz, inguruan, eta Arkaitz Allur trikitilariak saiakera egin du giroa baretzeko, grebalariei bakea eskainita: «Pertsona bakezaleak gara, jaitsiko gara eta bakea eskainiko dizuegu», esan die modu eliztarrean, elkartasuna adierazteko. Han jaitsi dira trikitilariak manifestariei eskua ematera, eta, bakeak eginda, alde egin dute grebalariek, eta ikuskizunak aurrera egin du. 

Aldarria agur

Trikitien doinuak airea hartu duenean, dantzarako deia entzun du batek baino gehiagok. Horietako bat da Begoña Zorrozua, hankak mugitzeari ekin baitio, Joxemari Unzueta begira duela. «Ahal dugunean etortzen gara, niri giroa pilo bat gustatzen baitzait. Gure kultura da, hankek hona eramaten naute», kontatu du Zorrozuak. Bertso saiora geratzeko asmoa dutela ere adierazi dute. «Lehen aldia dugu Viñaspre entzuten, eta, gainera, lagun baten ezaguna dugu!», esan du barrez Unzuetak.

Teknikarien piketea, trikiti emanaldia hasi baino lehen. BERRIA
Teknikarien piketea, trikiti emanaldia hasi baino lehen. BERRIA

Haurrek ere izan dute protagonismoa, oholtzatik bertatik hasita. Izan ere, Abeitz eta Ander semeekin aritu da jotzen Allur. «Gure lehenengo aldia izan da eszenatoki handi batean jotzen, eta giroa asko gustatu zaigu!», esan du 10 urteko Abeitzek. «Oso ona izan da!», berretsi du Anderrek, anaia gazteak.

Teknikariak oholtza aurrean aldarri betean egonda zaila izan da jotzea, allurtar nagusiak aitortu duenez: «Guk ere musika jotzeko eskubidea geneukan, eta gure saioa errespetatu dute, eta hor aritu gara, elkarri tokia ematen». Bat etorri da Maddalen Arzallus. Bertso saioan kantatzea zegokion, baina panderoa eta gitarra jotzen ere aritu da aurretik oholtzan. «Ez da batere momentu gozoa. Berez, ez da gure greba, eta, saioko teknikariak hor badaude lanean, kantatu beharra dugu. Hala ere, elkartasun osoa adierazi diegu», azaldu du egoera Arzallusek.

Bertsolarien ahotsak entzun aurretik, baina, hotsa atera dute teknikariek. Bozina, deiadar eta sirenen harrabotsaren artean, beren aldarrikapenak entzunarazi dituzte ordurako aski betea zen plazan. Udaltzainak ere gerturatu dira, baina ez dute esku hartu behar izan, Viñaspreren agurrak anaitu baititu bertsolari eta teknikariak: «Gure ahotsa bihurtzen dute /entzungarri eta atsegin. Nola ez gara bada egongo /soinu teknikariekin», abestu du Abetxukukoak, grebalarien pegatina soinean, eta aurrera egin du Aihotz plazan bertsoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA