Tupperrek asmatu zuen baxera

Etxez etxeko salmentaren bidez, famatu egin ziren Tupperware ontzi karratuak. Elikagaiak hozkailuan kontserbatzeko sortu ziren. Egun, plastikozkoak edo beirazkoak izaten dira gehienak, eta bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu.

Tuper batzuk, artxiboko argazki batean. BERRIA
Tuper batzuk, artxiboko argazki batean. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2026ko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur ere, ohi bezala, tuperra berotu duzu lantokiko mikrouhin labean. Ontzi barnean tomate saltsa den aldiro zuhauren buruari galdegiten diozu zergatik koloreztatzen duen plastikoa. Harraskan ur beroarekin eta xaboiarekin hainbat aldiz garbitu ondoan ere, badakizu traza gorria betiko kolaturik egonen dela, agian curry edota kurkuma saltsa baten koloreak ordezkatu artio. Eta akaso, tuper hitza nondik datorren ere galdegin diozu lankide friki bati, eta hark AEBetarik datorrela erantzun dizu.

1946an, Earl Tupper ingeniari eta kimikari estatubatuarrak sortu zituen Tupperware markako polietilenozko bol hermetikoak, merkatuan salgai eman ziren lehen hozkailuetan jakiak kontserbatu ahal izateko. Salgai eman zituzten hainbat dendatan, baina salmentak ez ziren haiek uste zuten bezainbat handitu, eta, produktua erakusleiho batean soilik erakutsi ordez, Brownie Wise kontratatu zuten berehalaxe, etxez etxeko salmenta egiteko. Neurri handi batean, markak arrakasta handia ukan du salmenta mota horri esker. Hala, Floridan hasi zen Wise etxez etxeko bilkurak antolatzen Tupperwareren produktu guziak presentatzeko. Pixkanaka-pixkanaka, bezero batzuk markaren ordezkari bilakatu ziren, eta haiek ere bilkurak egiten hasi ziren etxeetan. Auzoen arteko bilkurak emendatu ziren bezala, markaren irabaziak ere goiti joan ziren.

Geroztik, bertze marka handi batzuk ere Tupperwarek egiten dituen ontziak ekoizten hasi dira. Izan ere, denda berezituetarik atera da tuperra egun, eta, erraterako, IKEAk halakoak saltzen ditu, eta, hara joan gabe, hurbilen dagoen Mercadona edo Intermarche bezalako supermerkatuetara heldu da ontzia. Enpresen arteko konkurrentzia tarteko, iaz, AEBetako markak ia-ia ateak hetsi zituen, zorra ezin kudeaturik. Berriki, Frantziako Estatuko kasuan, Cedric Meston enpresariak erabaki du Tupperwareren zati bat berriz erostea eta markaren jarduera berrabiaraztea, etxez etxeko salmenta eta bezeroarekiko harreman «hurbila» bultzatuz.

(ID_17706349261615) (/EZEZAGUNA)
Tuper batzuk, artxiboko argazki batean. BERRIA

Markaren berrabiatzeak zeresana eman du Ipar Euskal Herrian ere, BAM Baiona-Angelu-Miarritze eremuan etxez etxeko salmentak berriz hasi baitira. Hain zuzen ere, Emmanuelle Tamisier etxez etxe ibiltzen da Tupperwareren azken produktuak presentatzen eta saltzen. Plastikozko ontzi klasikoaz gain, bertze hainbat produktu saltzen ditu, hala nola plastikozko pitxerrak edo hozkailuan sar daitezkeen plastikozko poltsa berrerabilgarriak. «Tupperware marka berriz abiatzean, ohartu ginen ez zela posible ontzi karratuaren ekoizpenean bakarrik mugatzea; produktu mota zabaldu behar izan dute, eta jendeak etxean ez duena proposatu». Hala ere, onartu du egun ere «ohiko» ontzia ontsa saltzen dela, etxeetan elikagaien biltegiratzeko beharrezkoa bihurtu baita. «Belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira ontzi horiek, eta, beraz, etxean beti behar ditugu. Kontzeptu horrekin eta bezeroarekiko harremanarekin jokatzen du gure markak. Produktu iraunkorrak eta transmititzen direnak ekoizten ditugu».

Beira ala plastikoa?

Plastikozko tuperrak nagusi izan dira berriki artio, izan Tupperwaren izan gainerateko marketan ere, baina pixkanaka beirazkoak eta altzairu herdoilgaitzezkoak ere ekoizten hasi dira. Plastikozko ontziak nagusiki polipropilenoz eginak dira, eta gizakiarentzat plastikoak berak ez du kalterik eragiten Nora Aranburu kimikariaren erranetan. Aldiz, plastikoari gehitzen zaizkion koloratzaileak, egonkortzaileak eta plastifikatzaileak toxikoak izan daitezke tuperrak baldintza okerretan erabiltzen badira. «Arriskua da molekula toxiko horiek elikagaietara mugitzea. Hori gerta dadin, tuperra baldintza oso bortitzetan eman beharko da, hots, tenperatura beroegian. Kasu horretan, molekula ttipi horiek mugi daitezke jakietara».

Hala ere, zehaztu du ez dela bereziki jakina molekulen mugimendua zenbateraino kaltegarriak izan daitekeen gizakiarentzat. «Beroarekin, migrazioa areagotzen da, baina tuperrak erostean beti idatzia da zer baldintzatan erabili behar diren. Gomendatutako neurrietan baliatzen badira, ez dago arriskurik, printzipioz».

«Beroarekin, migrazioa areagotzen da, baina tuperrak erostean beti idatzia da zer baldintzatan erabili behar diren. Gomendatutako neurrietan baliatzen badira, ez dago arriskurik, printzipioz»

NORA ARANBURU Kimikaria

Oro har plastikoaren alde kokatu da Aranburu, arina, pisu gutikoa, hautsezina eta ekoizteko erraza baita. Izan ere, plastikozko ontzi bat egiteko baino energia «askoz gehiago» behar da beira fabrikatzeko, tenperatura «oso beroan» ekoitzi behar baita. «Polimeroa da plastikoaren molekula handia. Pikor batzuk bezalaxe datoz enpresetara, dagozkien gehigarriekin. Ondotik, berrehun gradu inguruan berotuta, dagokion forma ematen zaio molde batzuen bidez». Hain justu, beira fabrikatzeko silizea baliatzen da —meategietatik eratorria—, eta 1.400 graduan berotu ondoan, beira izateko moldatzen da.

Plastikoak osasunean izan dezakeen arriskuaz harago doa arazoa, Aranbururen erranetan. Petroliotik dator kontsumitzen dugun plastikoaren %80, hots, agortzen ari den energia batetik. Gainera, plastiko gehienak ez dira ingurumenean desegiten. Aranbururen ustez, pixkanaka-pixkanaka, ohiko plastikoa bertze plastiko mota batekin ordezkatu beharko litzateke. Landare batzuek askatzen duten poliazido laktikoan litzateke aterabidea. Hortik monomeroa lor daiteke, eta ingurumenean desegiten den makromolekula bat errazki egin daitekeela kontatu du. Bertzalde, erran du amidoarekin aterabide franko badirela, nahiz eta gutiegi erabiltzen den lehengai gisa. «Plastiko desegingarriak %10 baizik ez dira gainerateko plastikoaren artean, eta, nire ustez, gutiegi da egungo egoera ikusita». 

«Polimeroa da plastikoaren molekula handia. Pikor batzuk bezalaxe datoz enpresetara, dagozkien gehigarriekin. Ondotik, berrehun gradu inguruan berotuta, dagokion forma ematen zaio molde batzuen bidez»

NORA ARANBURU Kimikaria

Plastikoaren birziklapenaren kudeaketa «txarra» ere aipatu du Aranburuk, eta onartu du tarte batez beiraren «alde» egin duela. «Plastikoa ondo birziklatzeko, geruza guzien artean bereizketa bat beharko litzateke egin, eta hori oso konplikatua da, plastikoak ez baitu polimero bakarra». Beira, berriz, egoera zatigarrian askoz errazago eman daiteke plastikoa baino, hots, aproposagoa da berrerabiltzeko. «Berez, plastikoaren defendatzailea naiz ni. Plastikoak energia gutiago behar du ekoitzia izateko, eta praktikoagoa da; baina birziklapenerako arazoak ematen ditu. Beirak, berriz, energia gehiago behar du ekoitzia izateko; hauskorra da, baina aproposagoa da birziklapenerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.