Bizilagunekin plataformako kideak

Amaia Oulad eta Maider Uralde: «Turistifikazioak parean topatzen duen edozer merkantilizatzen du; gurean, gazta tarta»

Desazkunde turistikoa defendatzeko fanzine bat sortu dute Donostiako Bizilagunekin plataformako kideek: 'Hau ez da cheesecake bat'.

Amaia Oulad eta Maider Uralde, astelehenean, Donostiako Santa Maria elizako eskaileretan. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Oulad eta Maider Uralde, astelehenean, Donostiako Santa Maria elizako eskaileretan. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostian eguneroko kontua bihurtu dira turistek gazta tarta jateko osatutako ilara luzeak. Horri egin diote keinu Amaia Oulad (Donostia, 1993) eta Maider Uralde (Donostia, 1999) Bizilagunekin plataformako kideek, Hau ez da cheesecake bat fanzinean. Hiriak jasandako turistifikazioa salatzea eta desazkundea defendatzea ditu xede fanzineak; hiru euroan dago salgai, Hontza liburu dendan eta Parte Zaharreko Ikatz okindegian.

Hau ez da cheesecake bat, hau fanzine bat da. Zer da, zehazki?

AMAIA OULAD: Alde batetik, urtean zehar egindako lanaren uzta bildu dugu: irakurketak, datuen inguruko grafikoak... Eta, bestetik, badaude fanzinerako berariaz sortutako materialak: denbora-pasak, mapak, irakurketa historikoak, komikiak, poemak...

Nolatan fanzine bat?

MAIDER URALDE: Gauzak egiteko beste modu bat bilatu nahi izan genuen. Fanzinea ez geneukan oso ikusia mugimendu sozialetan, eta ideia ona iruditu zitzaigun.

OULAD: Azkenean, fanzineak jolasteko aukera gehiago ematen du; beste formatu batzuek agian ez dizute uzten. Kutsu umoretsu bat eman diogu gure edukiari, turistifikazio prozesu horri kritika beste ikuspuntu batetik egiteko.

Gazta tartak duela gutxira arte ez zeukan leku bat du gaur egun Donostiako turismo estrategian?

URALDE: Bai, azken urteetan, gazta tartaren inguruko desira zabalduz joan da turisten artean, eta Donostiako iruditeriaren parte bihurtu da, kanpora begira. Baina, barrutik ikusita, ez dauka zentzu handirik. Irudi hori hartu genuen titulura eramateko.

OULAD: Turistifikazioak parean aurkitzen duen edozer merkantilizatzen du: produktu bat izan daiteke, eremu publikoa, etxebizitzak... Etekina ateratzeko estrategia bat lortzea du helburu: gauza enblematiko bat hartu, eta esplotatu. Gurean, gazta tarta izan da. Hemen argi ikusten da turistifikazioan saltzeko produktu bilakatzen den horrek askotan ez daukala zerikusirik herriak berak daukan ohitura batekin. Besterik gabe, produktu bat da: ohartu dira errentagarria dela, eta saltzeko erraza. Horri barre egin nahi genion. Hau ez da cheesecake bat, hori saltzen dute, baina ez da.

Errepaso historikoa ere egin duzue. Azken bi mendeetako merkantilizazio hori gabe, zaila da Donostia ulertzea?

URALDE: Bai, askotan, gure kontra egiten dutenek zera aipatzen dute argudio gisa, Donostia beti izan dela turistikoa. Guk ez dugu esaten ez duela turismorik egon behar. Guk desazkundearen alde egiten dugu borroka. Kontziente gara Donostian garrantzia duela turismoak, baina zer modutan?

OULAD: Bai, azkenean, jende askok esaten du: ‘Donostia polita da’. Orduan, ematen du nahi gabe gertatzen den fenomeno bat dela, espontaneoa. Eta ez da horrela: turistifikazio prozesuen atzean jende baten interesen alde emandako pauso asko daude: enpresa jakin batzuk, espekulatzaileak, turismoaren lobbya... Betidanik egin delako ez du esan nahi ona denik, eta gaur inoiz baino gehiago ikusten ditugu horren ondorioak.

Fanzinean badira zenbait galdera eta baieztapen: «Turismoak aberastasuna dakar». Egia ala mitoa?

OULAD: Bai, aberastasuna dakar, hori egia da, baina zeinen poltsikora doa diru hori guztia? Azkenean, gutxiengo boteretsu baten mesedetan egiten den jarduera ekonomikoa da, eta ez du ondo banatzen sortu duen etekin ekonomiko hori. Askotan enpresak ez dira bertakoak, eta sortzen duten lan hori oso prekarioa izaten da, gaizki ordaindua, baldintza oso txarretan egina. Ez beti, baina bai askotan. Dirua iristen da, baina kontuan eduki behar dugu honetaz benetan aberasten ari dena ez dela Donostiako herritar xumea.

«Kalitatezko turismoak hiri eta herritarron onura bilatzen du». Egia ala mitoa?

URALDE: Donostian, azkenean, luxuzko turismoa sustatzen da. Etxebizitzan, adibidez, eragin zuzena dauka horrek: jendea etortzen da Donostiara turismoa egitera, ikusten dute hiri polita dela, eta esaten dute: «Bueno, etxe bat erosiko dut hemen, zergatik ez?». Eta gero zer gertatzen da donostiarrokin? Beste herri batera joan behar dugula bizitzera, edo, gazteoi dagokigunez, gurasoekin bizitzen jarraitu behar dugula.

Antsietate turistikoa izeneko atal bat dago fanzinean. Hori da donostiar askori Donostiak eragiten dien sentipena?

OULAD: Bai, arrotz sentitzearen sentipena handitzen du turistifikazio prozesuak. Sartzen zara zure hirian, eta dendak ez daude zuretzako eginda, denak dira oroigarri edo boutique denda garestiak, betiko tabernak desagertuz doaz, betiko dendak desagertuz doaz.... Arrotz sentitzen zara zure hiria ez dagoelako zuretzako eginda.

Zer turismo eredu beharko luke Donostiak? 

OULAD: Hainbat proposamen egin ditugu, hiria desazkunde turistiko baterantz bideratzeko. Adibidez, ekonomia dibertsifikatzeko eskatzen dugu, turistifikazio prozesuak ez dezan zentraltasunik eduki.

URALDE: Adar asko aipatzen ditugu proposamenetan, turismoak adar asko ukitzen baititu: etxebizitzaren aldetik, pisu turistikoen kopurua murriztea, auzo bizitza egin ahal izateko azpiegitura eta baliabideak eskaintzea, elkarte eta eragile sozialen antolakuntza lanak errazteko baliabideak sortzea, hizkuntza ofizialen erabilerarako indarrean dagoen araudia betearaztea...

OULAD: Guk, batez ere, zera exijitzen dugu: Donostiako hiri eredua birplanteatzea, eta sortzea benetan donostiarren beharrei begira eraikitako Donostia bat, non erdigunean jarriko den komunitatea, zaintza, ekonomia orekatu eta justu bat edukitzea... Horregatik, bidea desazkunde turistikoa dela defendatzen dugu. Uste dugu ez dela existitzen gaur egun instituzioetatik proposatzen diguten turismo eredu jasangarri hori. Petatxuak dira, ez baitute helburutzat bere horretan hazkunde hori bukatzea, logika berari jarraitzen diote. Guk esaten dugu ezetz, hazkundearen logikarekin apurtu behar dugula, eta desazkundea dela bide bakarra. Lehenbailehen heldu behar zaio horri, berandu izan baino lehen, eta gure hiria galdu baino lehen. 

LOTSABAKO

Gazta tarta jan zaleak zarete?
OULAD: Niri, egia esan, gustatzen zait [barrez]. Baina ez hiriaren ikur modura.

Egin duzue inoiz ilararik pintxorik jateko?
BIEK: Ez.

Eseri zarete inoiz Santa Maria eliza pareko eskaileretan?
OULAD: Hori ez, mesedez!. URALDE: Bueno, agian, parrandaren batean... [barrez].

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.