Asteburuko proposamenak

Txakolin zaporeko komikiak

Bihartik igandera, Txakomic jaialdia egingo dute Leioako Mendibile jauregian eta Bakioko Txakolinaren Museoan. Besteak beste, txakolina eta komikia uztartzen ditu egitasmoak.

2023ko Txakomic jaialdia, artxiboko irudi batean. TXAKOMIC JAIALDIAK UTZITAKOA
2023ko Txakomic jaialdia, artxiboko irudi batean. TXAKOMIC JAIALDIAK UTZITAKOA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txakolina eta komikia. Ustez bata bestearengandik urrun dauden bi diziplina diren arren, Txakolinguneak uztartu egin ditu, eta egitarau zabala ondu du astebururako. 2021ean abiatu zuten egitasmoa, eta aurten seigarrenez ospatuko dute, bihartik igandera bitarte. Urtero legez, Leioako Mendibile jauregia (Bizkaia) eta Bakioko Txakolinaren Museoa (Bizkaia) izango dira jaialdiaren agertoki nagusiak. Gainera, urtero bezala, herrialde bat gonbidatu dute jaialdira: Galizia.

Gastronomiak, komikiak, ilustrazioak eta txakolinak bat egingo dute, eta horiekin lotutako hainbat jarduera egingo dituzte: besteak beste, sukaldaritza erakustaldiak —sukaldariak bezeroen aurrean kozinatuko ditu jakiak—, gazta eta ardo dastaketak, haurrentzako tailerrak, zuzeneko musika eta txakolina dastatzeko aukera mordoa. Bizkaian txakolinak duen «garrantzia» eta komikiaren arteak Euskal Herrian duen «balioa» uztartzea da egitasmoaren helburua, eta zera gehitu du Kike Infame ilustratzaile eta jaialdiko koordinatzaileak: «Komikiak komunikatzeko bide oso egokiak izan dira betidanik, baina ez zaie eman nahikoa balio».

Bihar hasiko da Txakomic jaialdia, 19:00etan, Mendibile jauregian, eta Bizkaiko txakolina eta Galiziako gaztak izango dira protagonistak. Silvia Landeira izango da sommelierra, eta Maria Mora La Manducateca gazta dendako sortzailea ere bertan izango da. Bien eskutik, txakolinaren eta gaztaren arteko fusioaz gozatuko dute bisitariek. Hori guztia zuzenean jasoko du Mamen Moreu ilustratzaileak, marrazki baten bidez.

Galiziako Etxea jatetxeak emango die hasiera larunbateko ekitaldiei. 12:00etan, sukaldariak jakiak prestatuko ditu, bezeroen aurrean, prozesu guztia pausoz pauso erakusteko. Hainbat plater kozinatuko dituzte, espresuki jaialdirako aukeratutako hiru txakolinekin uztartuta. Roberto Sarriugarte sommelierrak zuzenduko du dastaketa, eta Susanna Martin arduratuko da jarduera osoa marrazkien bitartez jasotzeaz. 13:00etan, berriz, Folk Terra Nai musika taldeak kontzertu bat emango du, eta Char-lee Mitto ilustratzailea izango da bertan, kontzertua marrazki batean jasotzeko.

Arratsaldean, etxeko txikien txanda izango da. 18:00etan, maskarak egiteko tailerra egingo dute, Ruth Juanen eskutik. Jolasaren bidez, haurrek sormena landu dezaten pentsatutako jarduera bat dela azaldu dute antolatzaileek. Eguneko plangintzari jarraitzeko, Saltsa nostra liburua aurkeztuko dute, 18:30ean. Euskal Herriko sukaldaritzaz mintzo den lehen komikia da. Iker Bildosolak eta Sergio Ortiz de Zaratek gidatuko dute jarduera, eta txakolina eta gaztak dastatzeko aukera ere egongo da. Horrez gain, lehen aldiz Zurrut komiki eta ilustrazio azoka egingo dute egun guztian, Mendibile jauregian.

Musika eta ilustrazioa

Igandean eszenatokia aldatuko dute: Bakioko Txakolinaren Museoa (Bizkaia) izango da agertoki nagusia. Txakolinaren kulturak ardaztuko du eguna, eta ez da jarduerarik faltako. Bizkaitik Galiziara, zaporez beteriko bide bat izenpean, dastaketa bat eta sukaldaritza erakustaldi bat egingo dituzte, 12:00etan. Elena Uriguen sommelierrak zuzenduko du, eta La Rue del Percebe jatetxeko taldeak lagunduko dio. Hainbat plater prestatuko dituzte, eta guztiak txakolin kopa batekin batera dastatu ahal izango dira amaieran. Raisa Alavak zuzenean marraztuko du ekitaldi guzti-guztia.

Haurrek ere izango dute tartetxo bat igandean. Bea Apariciorekin beirateak landuko dituzte sormenezko tailer batean. Txakomiceko antolatzaileek zehaztu dute Txakolinaren Museoko leihoak «adierazpen artistikoa azaleratzeko leku» bihurtuko dituztela parte hartzaileek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA