2007an sortu zuen Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa Joxan Elosegik (Irun, Gipuzkoa, 1955), beste hainbat kiderekin batera, Irunen. Zazpi urtez jarraian antolatu zuten, baina 2014ko aldiaren ostean, geldialdi bat egin zuten. Duela hiru urte, Irungo Aitzondo euskara taldeak berriz heldu zion txapelketari, eta, bide horri jarraika, bigarren aroko hirugarren aldia egingo dute larunbat goizean, txapelketaren sorlekuan. Larunbatera bitarte izena emateko aukera egongo da, bai eta egunean bertan ere, Beñat Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1987) euskara taldeko kideak jakinarazi duenez.
Zertan zarete zaleagoak, hitz gurutzatuak egiten edo sortzen?
JOXAN ELOSEGI: Nik gehiago sortu ditut egin ditudanak baino. Ez naiz egitearen oso zalea.
BEÑAT MUGURUZA: Nik orain txapelketa antolatzen dut, baina gehiago gustatuko litzaidake parte hartzea. Urteetan zehar txapelketan parte hartu izan dut, eta gustura ibili izan naiz. Duela hamabi urte parte hartu nuen azkenekoz.
Aurten hamaikagarren txapelketa egingo duzue. Zer dela eta sortu zenuten?
ELOSEGI: 2007an antolatu genuen lehen aldiz, eta Luma aldizkaria baliatu genuen horretarako. Ordutik ez da asko aldatu txapelketa. Zergatik da Euskal Herrikoa? Bada, sortu genuenean ez zegoelako besterik. Aitzindari izan ginen gauza askotan: alde batetik, era guztietako hitz gurutzatuak sortzen genituen, eta sortzen ditugu orain ere; eta, bestetik, txapelketa hemen egin zitekeela ikusi genuen. Dei egin genuen, eta uste dut erantzuna oso positiboa izan zela. Guretzat abentura bat izan zen; ez genekien zer eman zezakeen garai hartan, eta orain ere ez dakigu.
Zertan datza hitz gurutzatuen txapelketa?
ELOSEGI: Hitz gurutzatuak proba gisa gainditu behar diren txapelketa bat da, goiz batekoa. Aurten ere lau proba izango dira, gainontzeko urteetan bezala.
«Lau probetatik hiru betiko hitz gurutzatuak izango dira, eta beste bat kiribila izango da»
JOXAN ELOSEGI Hitz gurutzatuen txapelketaren sortzailea
Aurtengo aldiak izango al du berritasunik?
ELOSEGI: Lau probetatik hiru betiko hitz gurutzatuak izango dira, eta beste bat kiribila izango da. Hori izango da berrikuntza nagusia. Bizigarri gisa sartu nahi izan dugu, eta ikusiko dugu ea zer harrera duen. Bestalde, berrogei joko atera ditugu estreinakoz, parte hartzaileak aurrez treba zitezen.
Parte hartzaileek materialik eraman beharko dute?
ELOSEGI: Ez, baina nahi bezainbeste hiztegi eraman ditzakete, betiere paperezkoak badira.
MUGURUZA: Jendea hiruzpalau hiztegirekin etorri izan da: sinonimoena, Lur hiztegi entziklopedikoa, euskara eta gaztelania uztartzen dituena...
Euskara sustatzeko bide bat da txapelketa?
ELOSEGI: Txapelketak prestigioa ematen die euskarazko hitz gurutzatuei. Jende mota bat biltzen da, zerbaiten aitzakian eta zerbaiti begira. Hitz gurutzatuen munduan garrantzia izan du euskararen transmisioak. Naturaltasunez jokatu dugu, berezko zerbait izango balitz bezala.
MUGURUZA: Prestigioa aipatu du Joxanek, baina beti izaten dugu dilema ea ze zailtasun maila izan beharko luketen probek. Txapelketan parte hartzen duten batzuk ez dira hitz gurutzatuetan oso iaioak izaten, edota, besterik gabe, ez dute horiek egiteko ohiturarik, eta proba batzuk oso zailak iruditzen zaizkie. Sailkapenean gorenean egoten direnak, berriz, oso onak dira; hiztegia ezagutzen dute, eta ohitura dute halakoak egiteko. Gaur egun, euskara oinarrizkoa edo sinpleagoa sustatzen da, denontzako izan behar duelako eta errazago zabaltzeko. Hortaz, prestigioari dagokionez, estandarra goian mantentzen saiatzen gara, Euskal Herriko txapelketa delako eta ez dugulako nahi edonork egin ditzakeen ariketa sinpleak izaterik. Beti oreka bat bilatu nahian aritzen gara.
«Estandarra goian mantentzen saiatzen gara, Euskal Herriko txapelketa delako eta ez dugulako nahi edonork egin ditzakeen ariketa sinpleak izaterik»
BEÑAT MUGURUZA Aitzondo euskara taldeko kidea
Zer prestakuntza dago txapelketaren atzean?
ELOSEGI: Gure neurrira egiten ditugu gauzak. Alde batetik, hitz gurutzatuak sortu behar dira, eta bestetik, txapelketa batek eskatzen duen antolakuntza dago. Ni hitz gurutzatuak sortzen hasi nintzenean ez zegoen Internetik, ezta ordenagailurik ere. Papera, lapitza eta erregela hartu eta hala egiten nituen. Gaur egun, berriz, sortzeko programak daude.
MUGURUZA: Bestalde, hitz horietarako definizioak egin behar dira, eta Joxanen definizioak nahiko ezohikoak izaten dira. Parte hartzaileek askotan aipatzen dute hori, haien ustez horrek ematen baitio grazia pixka bat jokoari. Saiatzen da gauzei buelta bat ematen, eta beste garai batzuetako erreferentzia kultural eta historiko batzuk sartzen.
Txapelketako probak aurrez probatzen dituzue?
MUGURUZA: Joxanek sortzen dituenak gero nik probatzen ditut, eta esaten diot hau zaila dela eta beste hura aldatu egin behar dela.
ELOSEGI: Hitz gurutzatuak sortzen dituzunean zaila izaten da jakitea zailtasunak non dauden.
MUGURUZA: Sorkuntza lanak Joxanek egiten ditu, baina gero guk, Aitzondo Irungo euskara elkarteko kideok, antolakuntza lanak egiten ditugu. Udalak diruz laguntzen du txapelketa, baina gero sariak bilatu behar izaten ditugu. Besteak beste, Eusko Labelek, Oarsoaldeko Hitza-k eta Alberdania argitaletxeak babesten gaituzte.
LOTSABAKO
Hitz gurutzatuak hondartzan bai edo ez?
ELOSEGI: Ez. MUGURUZA: Aita izan aurretik bai.Hitz gurutzatuak arkatzarekin edo boligrafoarekin?
ELOSEGI: Arkatzarekin. MUGURUZA: Boligrafoarekin. Arkatza txapelketarekin lotzen dut.