Sanferminetako kartelaren egilea

Marta Garatea Almagro: «Txiki-txikitatik gaurdaino festetan bizi izan ditudanetatik tiraka osatu dut kartela»

Marta Garatea Almagro ilustratzailearen 'Kuadrilla' kartelak iragarriko ditu Iruñeko sanferminak aurten. Denetarik dago bertan irudikatuta: tonbola, txurroak, parrandazaleak txarangei segika... «guzti-guztiek osatzen baitituzte festak».

Marta Garatea Almagro. IDOIA ZABALETA / FOKU
Marta Garatea Almagro. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko maiatzaren 7a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guztiak kabiarazi badaitezke, zertan aukeratu? Kartela diseinatzen hasitakoan, halako burutazioren bat piztuko zitzaion Marta Garatea Almagrori (Iruñea, 1995), nonbait, eta sentipen horrek, ahalik elementu gehien irudikatzeko bulkadak sorraraziko zion Kuadrilla izeneko afixa azkenean. Uztailaren 6tik 14ra Iruñean bizi daitezkeen dozenaka unetxoen lagin zabal bat jaso du artistak, hasi txupinazoaren leherketarekin, eta Gaixoa ni kantarekin buka. Eta tartean agerrarazi ditu, besteak beste, jotak, Pamplonesaren doinuak eta lagun talde bat Takoneran gosaltzen. Hain zuzen, eszena sorta horrek iragarriko ditu aurtengo sanferminak. Hura gailendu da hamar kartel finalisten artetik, botoen %24,26 eskuratuta. 

Bistan da ezinezkoa egin zitzaizula ilustratzeko eszena bakar bat aukeratzea. Edo, bestela, sanferminetako eskaintza zabala nahi zenuen nabarmendu propio?

Bai, dena ez baitira zezenak eta zezenketak. Niretzat, sanferminak ez dira soilik gaugiroko festa, maite ditugun pertsonekin bizi ditugun bestelako unetxo txiki polit horiek guztiak ere badira: direla jotak, dela Gazteluko plazako dantzaldian jiraka ibiltzea, direla gildak eta tortilla pintxoak —baina gutxi eginikoak eta tipularekin, faborez—, direla su artifizialak... sanferminak hori guztia dira, hasi goizean goiz eta ordu txikietan buka, modu askotara goza dezakezu festez.

Zein izan zen zirrimarratu zenuen lehenbiziko eszena? Eta, zein azaldu zen, bestela bezala, dagoeneko lanean ari zinelarik?

Kuadrillaren irudia nuen garbien, eta hark erdian izan behar zuela ere bai. «San Fermin 2026» esaldiaren letrak ere nahiko hasieran trazatu nituen, inportantzia izan zezaten nahi nuelako. Nahi nuen irudikatu txupinazoa lehertu egiten zela eta, leherketan, hitzok zerura azaltzen zirela, poz eztanda baten modura. Bestalde, zezena lasai-lasai nahi nuen irudikatu; gozatzen, eta ez beste deusetan.

«Kuadrillaren irudia nuen garbien, eta hark erdian izan behar zuela ere bai. Eta zezena lasai-lasai nahi nuen irudikatu; gozatzen, eta ez beste deusetan»

Izatez, zezena bera ere txurroak jaten ari da, hainbat lagunekin batera, San Fermin santua tartean, bankuan eserita.

Pentsatzen dut zezenei ez zaiela gomendatzen txurroak jatea, baina honek bai, ahal du, eta gustura ari da, gainera. Lagunartean dago beste guztiekin batera, goiz partekoa dirudien gosari berezi horretan.

Kartelaren lehenbiziko aurkezpenean aitortu duzunez, kuadrilla delako honetan irudikatu dituzun lagunetako batzuk zure benetako adiskideak dira, gainera. Ez dira kexatuko!

Uste dut ilusio handia eginen diela, edo hala espero dut behintzat. Garbi nuen ezin zutela hutsik egin, eta, hala eta guztiz ere, asko eta asko utzi ditut kanpoan...

Laguntasunaren garrantzian azpimarra egiteko ere baliatu duzu irudia?

Baliteke, bai. Beste marrazki batzuetan, aldiz, familiari loturiko eszena batzuk ekarri ditut kartelera, edo behintzat hori datorkit niri gogora Ziudadelan su artifizialak ikusten ari diren eszena ikusita.

Iruñeko sanferminak hain ongi ezagutzen ez dituen norbaitentzat, argibide mapa baten gisara ere funtzionatu dezake kartelak. Ez duzu uste?

Begira, ba, bai: ezkerretik eskuinera hartu, guk irakurri ohi dugun norabidean, eta hor dago, ertzetako batean, txupinazoa bota ondoan zapia janzteko keinuaren marrazkia. Bestean, eskuinean, Gaixoa ni kantatzen eta zapia lepotik kentzen ari diren beste batzuk ageri dira, malkoren bat edo beste begi ertzean.

Lagungarri izan zaizu iruindarra izan eta festak zeure larruan ezagutzea?

Izugarri. Azken finean, aurrez bizi izandako eta eginiko gauza asko joan zaizkit bururatzen marraztu ahala. Kasik esan liteke oroitzapenetatik tiraka osatu dudala kartela eta txikitatik gaurdaino bizi izandakoak daudela jasota hemen.

Mihise zuri baten gainean paratu dituzu eszena guztiak. Hori hasieratik zenuen garbi?

Lehenbizi lerroak egin nituen, eta gero probak egin nituen. Iruditu zitzaidan koloreen bidez bideratu beharko nuela narrazioa, baina zerbait egin behar nuen ez zedin izan hain itogarria ere. Saiatu nintzen marko gorri batekin... baina ez, ez zuen funtzionatzen. Kartel argitsu bat nahi nuen, eta, are gehiago, margotuta nituen pertsonetako batzuen janzkeretan ere egin nituen halako moldaketa batzuk, giroa argitzeko, alaitzeko...

Moldatu, nola?

Hasieran, kuadrillako kideren bati bakero urdinak jarriak nizkion.

Sanferminetan, eta bakeroekin?

Tira, bakero argi-argi batzuk, bai... [barreak], eta baita kamiseta gorriak ere. Azkenean, tonu horiek guztiak leundu, eta Takonerako banku berdeari eman nion protagonismoa.

«Asteotan, gozatzen ere saiatu naiz, polita izan baita jendeak kartelari buruz zeuzkan iritziak han-hemenka aditzea»

Nola bizi izan dituzu finalista zinela esan zizutenetik zuk irabazi duzula jakin arteko asteak?

Ba, estres handia sentitu dut. Estres ona, noski, baina... urduri egon naiz. Ezinbestean, halako ikusmin bat ere pizten zaizu barrenean, eta, tarteka, neure burua behartu dut oinak lurrean izatera. Gozatzen ere saiatu naiz, polita izan baita jendeak kartelari buruz zeuzkan iritziak han-hemenka aditzea.

Hori erraza da kudeatzen? Zure lanari buruzkoak adituta ere, derrigor egon behar baitzenuen isilik, zurea zela aitortu ezinda.

Baten bat zuzenean etorri zait galdezka: «Zurea da?».

Eta zuk halakoetan zer?

Deus ez. Esaten nien ezin niela esan ez baietz, ez ezetz. Gainera, kritikak ongi hartzen dituztenetakoa naizela uste dut. Ilustrazio bat da, baten bati igual infantilegia irudituko zitzaion, besteren bati aditu diot ez zekiela arreta non jarri behar zuen... Kartela bakarra da urtero, ez da erraza, eta sinetsia nago ahal balitz nork bere kartela lukeela.

Hasia zara jendea irudikatzen zure kartela soinean? Kartela billabesetan? Markesinetan?

Oso gogotsu nago, eta ilobak horrela jantzita ikusteak eginen dit ilusioa batez ere. Egia esan, ez dakit halakoetarako kartel guztia sartzen ahalko duten, hainbeste detaile txikirekin... XL bat eskatzeko esanen diet!

lotsabako

Non biziko duzu aurtengo txupinazoa?

Non ez dakit, baina lagunekin seguru.

 

Txurroak, txokolatearekin edo gabe? 

Batzuetan esnearekin... txokolatearekin, bestela.

 

Kamiseta, beti zuria, edo gorria ere bai? 

Ni, zuriaren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA