Stefanino de Angelis. Artista

«Txikitasuna landuz, munduaren handitasuna erakusten diegu haurrei»

Artearekin lotutako hamaika saltsatan sartua dago de Angelis; besteak beste, 'T_nello', 'Circosenzatetto' eta 'Cucinema' proiektuetan dabil. Gaur, tailerrak egingo ditu haurrekin, Donostiako Artelekun.

2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Haurrekin tailerrak egiten ditu Stefanino de Angelisek (Albano, Italia, 1975), Marco Ieierekin batera. Material birziklatua erabiliz, hiriak eraikitzen dituzte. Pintzak, tapoiak, plastikozko poteak, CDak, boligrafoak eta erabilgarriak ez diruditen beste hainbat gauza eraikuntza ikusgarri bihurtzen dituzte. Artelekun (Donostia) izango dira gaur, 16:00etatik 20:00etara bitarte. Informazioa telefono honetan eskura daiteke: 943-45 36 62.

Zein da tailer horren helburua, eta zer transmititu nahi diezue haurrei?

Haurrek mundua altueratik ikusteko modu bat da, hau da, munduaren ikuspegia goitik begiratuta. Txikitasuna landuz, munduaren handitasuna erakusten diegu. Horrela, munduaren proportzioak eta fenomeno naturalen prozesuak uler ditzakete. Sumendi bat egin behar badugu, erupzio batean zer gertatzen den azaltzeko aprobetxatzen dugu; erreka bat egiten badugu, ura nola jaiotzen eta itsasoratzen den azaltzen dugu; norbaitek eraikuntzak egin nahi baditu, hirigintzaz hitz egiten dugu, eta antolaketak nolakoa izan behar lukeen pentsatzen dugu, industriarekin zer hondatuko genukeen... Ereduak erabiltzen ditugu haurrei gauzak azaltzeko, guztia oso modu sinplean. Funtsean, fenomeno naturalak azaltzeko pedagogia bat da. Dena den, mundu naturalaz gain, haurrek asmatutako fantasiazko munduak ere eraikitzen ditugu: jauregiak, zaldunak eta horrelako elementuak. Oso garrantzitsua da seme-alaben eta gurasoen arteko harremana, elkarrekin parte hartzen baitute tailerrean.

Nola lantzen dituzue gauza horiek guztiak?

Aurrena, mundua eraikitzeko prestakuntza egiten dugu, eta inprobisatzeko askatasun handia ematen diegu haurrei; eraikuntzako teknikak eta materialak nola landu azaltzen diegu, baina eurek nahi duten moduan eraikitzen dute. Taldeka lan egiten dugu, eta sei hiri osatzen ditugu guztira, egurrezko xaflen gainean. Amaieran, pieza guztiak elkartzen ditugu, puzzle handi bat osatuz. Birziklapenaren atala ere badago, guztia etxean aurkitutako material birziklatuekin egiten dugulako.

Eta, ondoren, zer egiten duzue eraikitakoarekin?

Ikuskizun moduko bat egiten dugu, eta haur bakoitzak bere pertsonaiarekin jolasten du eraikitako mundu horretan. Sugestioak sortzen ditugu itzalen eta argiaren bidez.

T_nello, Circosenzatetto eta Cucinema proiektuetako kide zara; zer egiten duzue?

Gizakiaren sentsibilitatea lantzen dugu: ukimena, entzumena, usaimena, eta beste. Gizakiak egindako ekintza guztietan antzematen da sentsibilitatea, eta horrekin disfrutatu nahi dugu guk. Cucinema proiektuarekin batez ere, egin ditugu ekintza batzuk Artelekun, Tabakaleran eta beste hainbat tokitan.

Zer da, zehazki, Cucinema?

Beste tailer bat da, eta guztientzat da, ez soilik haurrentzat. Mahai batean geruza zuri bat jartzen dugu, guztien artean margotu ahal izateko, eta hortik proiekzio bat ateratzen dugu. Emaitza ikusgarria lortzen da tailer horrekin. Hala ere, egiten dugunak gutxi du artistikotik, zentzu konbentzionalean behintzat. Haur batek egiten duen oro da artistikoa, ez duelako lan moduan egiten, ezta dirua lortzeko ere; burutik pasatzen zaiona egiten du. Beraz, haurraren fantasia da egiten dugun lan artistiko bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.