Musika eta dantza oso presente ditu egunerokoan Sasha Camponek (Gasteiz, 2008). Bere ibilbidearen hastapenetan, abesti baten bideoklipa jarri zuen Youtuben, lagunekin elkarlanean. Askotariko ile koloreak, arropa deigarriak eta makillajea dira artistaren ezaugarri azpimarragarrienetakoak.
Zure izenak arreta ematen du lehen aldiz irakurtzean. Nondik dator?
Sasha ez da izen artistikoa: nire izen pertsonal gisa erabiltzen dut lagunartean eta familian. Neska gaiztoa esan nahi du, eta Bratz panpina baten izena da. Gurrupachikuda da nire izen artistikoa. Institutuan sortu zen, lagunartean, eta ez du esanahi zehatzik.
Ikusi gehiago
Bigarren aldiz arituko zara Gasteizko txosnetan. Zer emozio pizten dizkizu jaietan eszenatokira igotzeak?
Niretzat, hau izango dut benetako debuta Gasteizko jaietan. Iaz aritu nintzen, baina hamabost minutuz, eta ez nengoen oso prestatuta. Aurten, ordea, prestatuago nago: abesti gehiago ditut, eta ikuskizun landuagoa egingo dut. Agertokian nagoenean, hainbeste jende aurrean izateak eta ni ikustera datozela jakiteak urduritasun pixka bat eragiten dit beti. Hala ere, esango nuke ohituta nagoela.
Noiz sortu zitzaizun musikaren inguruko interesa?
Txikitatik izan dut interes handia musikan. Azken finean, musika funtsezkoa da nire egunerokoan, eta nire nortasuna lantzen lagundu dit. Beti daukat presente nire bizitzan, eta asko gozatzen dut.
Bideoklipetan zure itxura landua erakusten duzu: arropa, ilea, makillajea... Zure ustez, estetikak garrantzia du artista batentzat?
Niretzat, estetika da artista baten ezaugarririk garrantzitsuenetakoa. Gaur egun artista mordoa dago, eta egunero ezagutzen ditugu artista berriak. Mundu guztia ari da musika egiten, eta, besteengandik bereizteko, azkenean, irudi bat, estetika jakin bat eta eskaintzeko zerbait behar duzu, hau da, bestelako proposamen bat. Nire ustez, arrakasta duten artistek, musika egiteaz gain, beren irudia asko lantzen dute eta unibertso oso bat osatzen dute sorkuntza horren inguruan.
Soslai nahiko desberdina daukazu beste talde gehienekin konparatuta. Kritikarik izan duzu?
Egia esanda, kritika gutxi jaso ditut, ez dut hater askorik; jarraitzaile gutxi ditudalako izango da, agian. Kalean naizen bezalakoa izate hutsagatik jaso izan ditut kritikak, abesteagatik baino gehiago. Txikitatik atera nahi izan dut arauetatik, eta neure burua ez dut eredu hegemonikoaren arabera aurkezten. Ohikotasunetik kanpo dagoenak beti jasotzen ditu kritikak.
Zure ustez, trabestismoa erabat onartua dago gaur egun, ala badaude aurreiritziak oraindik?
Bide onetik goaz, eta asko egin dugu aurrera. Badira erreferenteak lanean ari direnak trabestiek, trans artistek eta LGTBIQ+ kolektibokoek leku gehiago izan dezaten. Hala ere, lan askoz ere gehiago egin behar dugu gizon baten edo pertsona normatibo baten puntu berera iristeko. Trabestiok presentzia handiagoa izateko lanean jarraitu behar dugu.
Zeintzuk dira zure ereduak musikan?
Madonna nire zutabe garrantzitsuenetako bat da musikan eta bizitzan; Lady Gagak eta Katy Perryk eragina izan dute nigan, arrakasta handiko kantuak sortzeaz gain zerbait berezia eskaintzen dutelako: bideoklipei lotutako istorioak. La Zowik ere garrantzi handia dauka niretzat.
Oso gazte sartu zara musika munduan; zeintzuk dira zure helburuak?
Dantzari profesionala izan nahi dut Berlinen, nire gaitasun artistikoak zabaldu, eta kalitate handiagoko abestiak argitaratu. Arteari lotutako gauzak sortzen ibili nahi dut aurrerantzean ere, horrek betetzen bainau gehien bizitzan.
LOTSABAKO
Garagardoa edo kalimotxoa? Kalimotxoa.
Zeledonen jaitsiera, etxetik ala plazatik? Plazatik.
Jaietako giroa, egunez edo gauez?Gauez.