Iruñeko sanferminak

Txikien muxu erraldoiak

Erraldoi eta buruhandien konpartsari agur esateko ordua iritsi da. Sanferminen amaieran, umeek eta helduek agurraz gozatu dute emozioz beteta.

Toko-toko eta Braulia erraldoiak, gaur, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurrean Iruñean.  IDOIA ZABALETA / FOKU
Toko-toko eta Braulia erraldoiak, gaur, erraldoi eta buruhandien konpartsaren agurrean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñea
2025eko uztailaren 14a
20:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Emozioz betetako plazan esku txikiek agur esaten diete erraldoiei. Gaiteroen erritmora dantzatzen dute erraldoiek, jendetzaren erdigunean. Bozgorailuetatik hizlariaren ahots indartsua entzuten da: «Gauza on guztiek dute amaiera». Gaurkoan, erraldoi eta buruhandien konpartsaren agurra izan da, eta atseden hartuko dute datorren sanferminetan dantzatu arte.

Goxokiak erori dira zerutik. «Begira, ama, begira!», esan du gurasoaren sorbalda gainean dagoen haurrak. Gora begiratu eta buruhandiak balkoietan daudela konturatu da umea. Pozez zoratzen, goxoki euria harrapatzen saiatu da. Aldi berean erraldoiak etzan dira, haurren muxu beroak jasotzeko. Mutiko bat saltoka hasi da emozio betean, eta besarkada eman dio bere besoendako handiegia den erraldoiari. Hizlariak haurrak animatu ditu: «Goxoki eta muxuak aldi berean!».

Txupeteari agur

Jose Garaikoetxea Iruñeko Konpartsako txistulariari «hunkigarria» eta «polita» iruditu zaio aurtengo emanaldia: «Aurten hil diren konpartsako bi kideei egin diegu omenaldia. Emozio nahastea izan da guztiontzat». Txoria txori abestia dantzatu dute Joshepamunda eta Esther Arata erraldoiek, haien azpian urte luzez egondako Mari Ganuza eta Jesus Mari Viguiristi dantzarien omenez.

Bukaeran, konfeti zuri-gorriz bete da zerua, azken dantza alai bat egiteko: polonesa. Banan-banan udaletxera sartu dira erraldoiak. Toko-toko eta Braulia bakarrik geratu dira plazan, eta bueltaka hasi dira: haurrak barrez, txaloka. Azken agurra elkarri eman diote erraldoiek, muxu batekin, eta datorren urtera arte barruan desagertu dira.

Plaza hustu denean, zoruko konfetia agerian gelditu da, eta ume gutxi batzuek eskuekin hartu dute. Nostalgikoenak, berriz, udaletxearen atean daude oraindik, 4 urteko mutiko bat bezala: «Begira, hor dago oraindik Toko-toko». Bere erraldoirik gustukoena da, eta agerian uzten du hori, daraman mozorroarekin. «Txupetea utzi diot», esan du, penatuta. 

Gurasoek askotan pasio hori partekatzen dute. Andre batek, adibidez, bere seme-alabarekin ikusi du agurra, plazako balkoi batetik, eta bere familia eraman behar izan du erraldoien azken dantza ikustera: «Guztia ederto ikusi dugu; gehien maite dudana, Joshemiguelerico!». Haren alabak, ordea, buruhandiak nahiago ditu; zehazki, Caravinagre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.