Kolore iluna du etorkizunak. Beltza da patua. Grisa da esperantza. Eta marroiak dira orain tximeletak. Apaldu egin diete kolorea. Degradatu egin diete habitata. Tristatu egin da haien margoen paleta. Dekoloratu egin diete bizitza. Ez dute jada kolorerik nahi eta behar. Soildutako basoetan zaurgarriak dira, eta landaketa artifizialetara egokitzea erabaki dute: kolorge, uniforme, marroi, apal eta umil bihurtzea. Tximeletak (ere) triste daude.
Nazioarteko ikerlari talde batek ondutako lanaren ondorio nagusietako bat da: habitaten galera natura dekoloratzen ari da. Tximeletekin berretsi dute euren teoria, daudenik-eta animalia koloretsuenekin. Eta Brasilgo oihanetan egin dute laginketa, Espirito Santo estatuan, Rio de Janeiroren iparraldean. Hiru ikerlari nagusi aritu dira: Marcio Zikan Cardoso Rio de Janeiroko Unibertsitateko irakaslea, ikerlaria eta tximeletetan aditua; Roberto Garcia Roa Valentziako (Herrialde Katalanak) eta Lundeko (Suedia) unibertsitateetako ikerlaria, argazkilaria eta koloreen neurketan aditua; eta Maider Iglesias Carrasco Kopenhageko Unibertsitateko (Danimarka) ikerlari amurrioarra, zuhaitz landaketa artifizialek tokiko faunan duten eragina ikertzen aditua.
Iglesias Carrascok Biologia ikasi zuen EHUn, Aranzadi zientzia elkartean aritutakoa da, eta Madrilgo Zientzia Naturalen Museoan egin zuen tesia. Australian eta Zeelanda Berrian ikerlari gisa aritutakoa da, eta baita Doñanan ere (Andaluzia, Espainia). «Duela pare bat urte konturatu nintzen ezer gutxi dakigula landaketa artifizialek tokiko animalien kolorazioan duten eraginari buruz. Eta kontu garrantzitsua da: animalia askok koloreak erabiltzen dituzte komunikatzeko, guk hizkuntza erabiltzen dugun moduan. Hegaztiekin batera, tximeletak dira animaliarik koloretsuenak. Patroi asko eta kolore ezberdinak dituzte. Beraz, proiektu honetan tximeletekin lan egitea erabaki nuen», azaldu du Iglesias Carrascok, Danimarkatik.

Salabardoekin aritu dira Brasilen tximeletak ehizatzen, eta fruta tropikalekin prestatu dizkiete tranpak. Hiru bat astez, baso naturalak eta zuhaitz landaketak bisitatu dituzte. Tximeletak harrapatu, horretarako propio prestatutako ikerketa estaziora eraman, anestesiatu, sailkatu eta argazkiak atera. «Anestesiatik esnatu bezain laster, harrapatu genituen leku berean askatu genituen. Beraz, ez genuen tximeleta espezie bakar batekin lan egin, tximeleta komunitate osoarekin baizik. Helburua da datorren udan-edo metodologia berdina erabiltzea Euskal Herrian, bertan ditugun eukalipto landaketek gure tximeletengan duten eragina ikertzeko».
Izan ere, Brasilen egindako ikerketa horren ondorioak oso argigarriak izan dira. Baso naturaletan eta zuhaitz landaketa artifizialetan harrapatutako tximeletak konparatzeko aukera izan dute. Ikerlari arabarrak horrela laburbildu ditu ondorioak: «Degradatutako habitatetan tximeleta espezie koloretsuak galtzen ari garela ikusi dugu, eta tximeleta komunitate horiek marroiagoak ari direla bihurtzen. Litekeena da horrek dibertsitatearen eta funtzio ekologikoen galera ekartzea degradatutako habitat horietan». Galera horren adibideren bat? «Gerta liteke polinizazioa bera oztopatzea. Eta horrek tximeleta komunitate horietan eragin dezake, oraindik aurreikusi ezin dugun moduren batean».
«Degradatutako habitatetan tximeleta espezie koloretsuak galtzen ari garela ikusi dugu, eta tximeleta komunitate horiek marroiagoak ari direla bihurtzen. Litekeena da horrek dibertsitatearen eta funtzio ekologikoen galera ekartzea»
MAIDER IGLESIAS CARRASCOKopenhageko Unibertsitateko ikerlaria
Degradatutako habitatak eta landaketa artifizialak aipatzen dituenean, eukalipto landaketei buruz ari da Iglesias, batez ere. «Eukalipto zuhaitzak Australiakoak dira. Etekin ekonomikoa aitzakia gisa hartuta, munduko ehun herrialde baino gehiagotan ezarri ditugu. Monolaborantzarako erabiltzen ditugu. Zuhaitz espezie bakarra landatzen dugu, adin berekoak izaten dira denak, eta ingurune oso sinplifikatuak sortzen ditugu». Ondorioa, haren ustez: «Naturaren oreka hautsi egiten da. Eta arazoa da askotan ez dakigula habitataren sinplifikazio horrek tokiko faunarentzat zer-nolako ondorioak izango dituen».
Izan ere, kolorea ez da zera estetiko bat bakarrik. Tximeletek bizirik irauteko, kamuflatzeko eta parekatzeko erabiltzen dituzte koloreak, besteak beste. Eta ez da tximeleten kontua soilik. Iglesiasek dio kolore aniztasunak «funtzio asko» dituela eta eboluzioak berak «moldatu» egin dituela horiek denboran zehar: «Guretzat koloreek badute funtzio estetiko hori: animalia eta lore koloretsuak ederrak dira. Baina, naturan, koloreek komunikatzeko, janaria bilatzeko eta harrapakaritza saihesteko eboluzionatu dute, besteak beste. Eta koloreek ingurunera egokituz eboluzionatu dute. Eta ingurunea bat-batean aldatzen denean, koloreek haien esanahia eta funtzioa galtzeko arriskua dago».

Kolorge ari da gelditzen etorkizuneko paisaia: koralezko arrezifeen gorria, ozeanoen urdina... Gizakiak degradatu, sinplifikatu eta kontaminatu egin ditu. «Paisaia aldatzen dugun heinean, espezie koloretsuak galtzen ari gara», nabarmendu du Kopenhageko Unibertsitateko euskal ikerlariak. Fenomeno horri «dekolorazioa» esaten diote ikerlariek: «Habitat naturaletan, tximeleta espezie asko daude, kolore distiratsuak dituzten asko tartean. Eukalipto landaketetan eta beste habitat degradatu batzuetan —hala nola soildutako baso eremuetan—, ez da soilik espezie kopurua murrizten, tximeleta koloretsuak ere desagertzen ari dira. Eukalipto landaketak eta soildutako baso eremuak ia hutsik daude, tximeleta gutxirekin; gainera, horietan agertzen diren espezieak marroiak dira».
Eta animalia espezieek koloreak galtzeak «ondorio oso kaltegarriak» izan ditzakeela dio Iglesias Carrascok. Kolore horiek espezie bereko banakoen artean komunikatzeko erabiltzen baitituzte, baina beste espezie batzuekin erlazionatzeko ere bai: harrapariengandik babesteko edo haiek ohartarazteko, besteak beste. «Tximeletek kolore aniztasuna galtzeak ekosistemen konplexutasun orokorra galtzea ekar dezake; horrek ondorioak izan ditzake beste organismo eta prozesu ekologiko batzuetan, eta gerta liteke oreka naturala galtzea».
Azterketak, hausnarketak eta aurrera begira ateratako ondorioak ez dira batere onak: «Gizakiaren jardunaren ondorioz, bioaniztasun galera beldurgarria gertatzen ari da planeta osoan. Tximeletak bioaniztasunaren galera horren adierazletzat har daitezke: tximeletetan ikusten dugun edozein patroi eta galera beste ornogabe taldeetan ere gertatzen dela suposa dezakegu. Habitatak suntsitzen jarraitzen badugu, klima aldaketa elikatzen eta planeta kutsatzen segitzen badugu, bioaniztasuna galtzeaz gain, bizitzeko planeta osasuntsua ere galduko dugu». Eta kolore iluna izango du. Beltza baita patua. Grisa esperantza. Eta marroiak dira orain tximeletak.