Txintxua Filmsek telesail bat egingo du Netflixentzat, Itziar Ituñorekin

Fikzioaren lau zuzendarietako bat Koldo Almandoz da, eta Patricia Lopez Arnaiz aktoreetako bat

Itziar Ituño izango da Intimidad telesaileko aktore protagonista: politikari batena egingo du. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Txintxua Films Gipuzkoako ekoiztetxeak telesail bat egingo du Netflix plataformarentzat, gaztelaniaz. Intimidad du izena fikzioak, eta istorioaren abiapuntua politikari baten bideo bat izango da. Sexu edukia du bideo horrek; norbaitek prentsari filtratuko dio, eta modu horretan abiatuko da istorioa. Lau emakumeren gorabeherak jasoko ditu telesailak: bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko hari finaren gainean ibiliko dira. Netflixek iragarri duenez, bi galdera hauek planteatuko ditu dramak: «Non daude gizakien intimitatearen mugak? Zer gertatzen da norbere pribatutasuna jende guztiaren ahotan dagoenean?».

Telesailaren pertsonaia protagonista Itziar Ituñok jokatuko du —oraintxe bertan La casa de papel-en bosgarren eta azken denboraldian ari da lanean, Madrilen—. Harekin batera arituko da Patricia Lopez Arnaiz aktore euskalduna ere —Goya saria jaso du Ane filmean egindako lanagatik. Emakumezko beste pertsonaiak Veronica Echeguik, Emma Suarezek eta Ana Wagenerrek jokatuko dituzte.

Telesailaren sortzaileak Laura Sarmiento eta Veronica Fernandez dira. Zuzendariak, berriz, lau hauek izango dira: Koldo Almandoz —Txintxua Filmsekin zuzendu ditu makina bat film labur, Oreina film luzea eta Hondar ahoak telesaila—, Jorge Torregrosa, Marta Font eta Ben Gutteridge. Azken horrek zenbait fikzio zuzendu ditu BBC eta Channel4 kateentzat, eta zenbait film labur ere egin ditu.

Txintxua Filmseko iturriek azaldu dute proiektua aurreprodukzioan dagoela. Grabaketaren bueltan emango dituzte xehetasun gehiago. Ekoiztetxeak egiten duen bigarren telesaila litzateke Intimidad. Iaz, Hondar ahoak lau ataleko telesaila ekoitzi zuen ETB1erako; Ondarroan (Bizkaia) girotutako basque noir horiEITBren nahieran zerbitzuan ikus daiteke, baita Filmin ordainezko plataforman ere.

Etxeandia ere, Netflixen

Ez da Itziar Ituño Netflixeko telesail batentzat ari den Bizkaiko aktore bakarra. Asier Etxeandia (Bilbo, 1975) Erase una vez... pero ya no telesail musikalean ari da lanean oraintxe bertan —apirilaren 5ean hasi zituzten grabaketak—. Fikzio horren zuzendaria Manolo Caro mexikarra da, La casa de las flores telesail arrakastatsuaren sortzailea. Etxeandia da, halaber, Sky rojo telesailaren aktore nagusietako bat. Alex Pinak sortua eta ekoitzia da lan hori, eta aurten bigarren denboraldia egingo dute.

Gainera, Sayaka Producciones ekoiztetxeak —Getxon (Bizkaia) du egoitza nagusia— El vecino telesailaren bigarren denboraldia egingo du streaming plataforma horrentzat. Maiatzaren 21ean estreinatuko dituzte atal berriak. Nahikari Ipiña eta Eneko Gutierrez dira, besteak beste, umorezko lan horren ekoizleak. Bilboko Astiberri argitaletxearen izen bereko komikian dago oinarrituta telesaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.