Txotxongilolarien «kohesiorako» topaketa

Euskal Herriko txotxongilolarien topaketa egingo dute Bidasoaldean, hirugarren aldiz. Bihar hasiko da, eta igandean amaitu. Sektoreko profesionalek indarrak batzea eta elkar laguntzeko sare bat osatzea du xede.

Txotxongiloak Ruben Mejutoren eta Tamara Cuellarren tailerrean, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Txotxongiloak Ruben Mejutoren eta Tamara Cuellarren tailerrean, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ane insausti barandiaran
Irun
2026ko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irulegiko eskuak itxura aldatu du txotxongiloak esku artean duen kartelean: hatz luzearen puntan txotxongilo baten aurpegia dauka; esku ahurrean, berriz, ez da Sorioneku hitza ageri. Aitzitik, «Euskal Herriko txotxongilolarien hirugarren topaketa» du idatzia, eta baita data bat ere: bihartik igandera izango da, Bidasoaldean. Topaketa antolatzen duten hirugarren aldia da.

Tamara Cuellar eta Ruben Mejuto. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Tamara Cuellar eta Ruben Mejuto. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Omak Unima Euskal Titiriteroen Elkartea dago topaketaren atzean, eta hamar kidek osatzen dute, gaur-gaurkoz. Horietako bi dira Ruben Mejuto eta Tamara Cuellar, eta haiek bultzatuta sortu zen topaketa. Izan ere, Euskal Herrian egiten dituzte txotxongiloei lotutako zenbait jarduera: gaurtik igandera ari dira Bergarako Txotxongiloen Erakusketa egiten (Gipuzkoa); Tolosako Topicen Titirijai jaialdia antolatzen dute (Gipuzkoa); Sestaon (Bizkaia) eta Barañainen (Nafarroa) ere urtero egiten dute Nazioarteko Txotxongilo jaialdia... Baina, Mejutok adierazi duenez, horietan, Euskal Herriko txotxongilolariei lekua egin beharrean, kanpoko txotxongilolariei egiten diete lekua, batik bat: «Jaialdi horietan, euskaraz, asko jota, emanaldien %20 izaten dira. Beraz, ondorio honetara iritsi ginen: Euskal Herrian ez zegoela topaketarik eta ez zegoela jaialdirik euskal titiriteroentzat, eta erabaki genuen topaketa bat antolatuko genuela».

Hain justu ere, Euskal Herriko txotxongilolariek elkartzeko leku bat izan zezaten sortu zuten topaketa, Mejutoren hitzetan: «Gure lana lan pertsonala da, baina, hori egiteaz aparte, zerbait kolektiboa egin nahi genuen». Eta Cuellarrek gehitu du: «Kontua da ez dugula elkar ikusten. Niretzat, profesional gisa, topaketaren gauza inportanteena elkartzea da; asteburu horrek balio dit urte osorako energia hartzeko». 

Elkartzeak balio baitu elkarri esperientzien berri emateko, laguntza eskatzeko edo ideiak hartzeko. Hain zuzen ere, horren falta sumatu zuten haiek Ostomila txotxongilo taldea sortu zutenean. Txotxongilolari izateak dakarren forma juridikoagatik, ezin izan zuten talde batean aterpe hartu: «Hasiera batean, artisten sindikatu batean egon nahi genuen, baina ezin genuen. Azkenean, txotxongilolariak autonomoak gara, eta, beraz, enpresariak. Orduan, mugimendu horietan ezin zara egon: EAB Euskal Aktoreen Batasunean, Eskenan...».

Jaialdia hazten

Behar horri erantzuteko, 2024an egin zuten lehen topaketa, eta, geroztik, hamaika erakustaldi, formakuntza eta mahai inguru egitea lortu dute. Pozik daude aurtengo egitarauarekin ere, inoiz baino titiritero gehiago elkartuko baitira topaketan: guztira, 26 lagun elkartuko dira bazkari batean. «Lehen topaketan gu biok bakarrik izan ginen. Hurrengoetan, jendea batuz joan da. Orain, lanak askoz ere banatuagoak ditugu», esan du Mejutok.

Baina nola daude gaur egun Euskal Herriko txotxongilolariak? Zenbat talde aritzen dira herriz herri giñolekin edo harizko txotxongiloekin istorioak kontatzen? Egoeraren argazkia egin du Cuellarrek: «Txotxongilo talde gutxi daude: badaude zirku taldeak, antzerki taldeak, maskarekin aritzen direnak, keinu bidez aritzen direnak... baina, Euskal Herriak hartzen duen eremua kontua hartuta, txotxongiloen antzerkian oso konpainia gutxi daude. Oraintxe bertan, ez dira 30era ere iristen, nik uste».

«Topaketaren gauzarik inportanteena elkartzea da; asteburu horrek balio dit urte osorako energia hartzeko»

TAMARA CUELLAR Txotxongilogintza

Panpina mugituta, musika eta hitzen bidez, mutuak... Txotxongiloek aukera ematen dute hamaika teknika erabilita emanaldiak sortzeko. Cuellarrek adierazi du hitzik gabeko oso obra gutxi egiten dela Euskal Herrian, hizkuntzak duen garrantziagatik, akaso: «Talde gehienek formatu txikiko ikuskizunak egiten dituzte, euskaraz. Talde gisa guri ere interesatzen zaigu haurrak bere hizkuntzan bizitzea, bere kulturan. Hemen programazio asko egiten da euskaraz, beharrezkoa delako». 

Formakuntzaren garrantzia

Aurtengo topaketan, profesionalen formakuntzan jarri nahi izan dute arreta: txotxongiloentzako argiztapen teknikorako hiru eguneko ikastaro bat egiten ari dira atzotik, Mario Copetek gidatuta, Hondarribiko kultur etxean (Gipuzkoa). Argiztapen teknikoan eta txotxongiloetan espezializatuta dago Copete, eta hogei urte inguru daramatza horretan. Eta, formakuntzaz gain, emanaldi ugari antolatu dituzte: Gus Marionetasena, Mouka konpainiarena, Trapusteros Teatrorena... Baita helduentzako txotxongilolarien kabaret bat ere, Pausuko Xaia ostatuan (Lapurdi).

Dena den, atzera begira ere jarriko dira. Izan ere, Mejutok eta Cuellarrek urteak daramatzate euskal txotxongilolarien arrastoei segika, eta, hala, jakin zuten Zugarramurdin (Nafarroa) euskal txotxongilolarien topaketak egin zituztela 1996tik 2016ra. Eta, atzerago eginda, 1876tik 1936ra bitartean izandako euskal txotxongilolariak ikertzen eman dituzte azken urteak. Topatutakoaren berri emango dute, etzi, Hondarribian: antzerkigile izateagatik ezaguna den Marcelino Soroa Lasa txotxongiloekin ere aritu zela, adibidez.

Eskuko txotxongiloak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Eskuko txotxongiloak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Saio berean, Euskal Herritik kanpoko gonbidatuak ere izango dituzte: Philipe Saumont eta Izabela Brochado. Bretainiakoa da bata, eta Brasilgoa bestea, eta herri txotxongiloei eta txotxongilo tradizionalei buruzko hitzaldiak emango dituzte. «Gai hori landu nahi genuen, eta horregatik gonbidatu ditugu kanpoko bi konpainia: hemen ez dagoelako herri txotxongilogintzan jarduten duen jenderik, ez eta horren gaineko ikerketarik ere», esan du Cuellarrek. Eta zer kontatuko duten aurreratu du: «Saumont herri txotxongilogintza tradizionalean aritzen da, irakasleengandik ikasleengana pasatu den horretan, eta ahozko transmisio horren parte da; Brochadok, berriz, Brasilgo txotxongiloen ondareaz tesi bat dauka egina. Ondarearen garrantziaz ariko da».

Horixe interesatzen baitzaie Ostomilako kideei ere: herri txotxongilogintza. Nikaraguakoa da Cuellar, eta haren gurasoek berrogei urte baino gehiago eman dituzte txotxongilolari jardunean. «Latinoamerikan beste gauza bat egiten dugu hemengoarekin alderatuta. Niri herri txotxongiloen gaia gustatzen zait, txotxongilo tradizionalena. Ez dira gauza bera, nahiz eta bat etor daitezkeen zenbaitetan. Herri txotxongiloak bihurtu daitezke tradizional ala ez».

Tradizio horri jarraituta, emanaldiak kalean, auzoetan, eskoletan edo auzo elkarteetan egiten saiatzen dira Cuellar eta Mejuto. «Asko gustatzen zaigu emanaldiak halako lekuetan egitea. Zergatik? Horrek askatasuna ematen dizulako jendeak ikuskizun artistikoarekin ustekabean topo egiteko». Hala, jende gehiagorengana iristen dira: «Askotan, antzoki edo areto batera joan behar izateak mugatu egiten zaitu; beti pertsona berak joaten dira, beti pertsona berak konturatzen direlako emanaldi hori badela. Baina, horren ondorioz, ez da iristen herritarren beste parte batengana».

«Txotxongiloekin ekoizpen kulturalak sortzeak ekartzen du eskari gehiago egotea eta presentzia handitzea»

RUBEN MEJUTO Txotxongilolaria

Horretaz guztiaz hitz egiteko parada izango dute datozen egunetan, eta barrurantz begiratzekoa. Izan ere, haien esanetan, elkarte edo sindikatu baten faltan, zaila da txotxongilolarien arteko kohesioa: «Guk zera nahi dugu, topaketari esker kohesioa sortzea. Elkargune hauetan hitz egin ahal izatea, sareak osatzea, eta baldintza batzuk zehaztea, adibidez, saioak zenbat kobratu behar ditugun adosteko». 

Askotan, sektorean, albokoa lehiakidetzat jotzen dela sentitu izan baitute. Cuellar eta Mejuto, ordea, sinetsita daude geroz eta talde eta saio gehiago egon, orduan eta plaza gehiago irabaziko dituztela sektorearentzat. Irunen (Gipuzkoa), adibidez, aldea nabaritu dute: «Topaketa antolatzen dugunetik, Irungo udalak berak lau ekintza antolatzen ditu txotxongiloekin lotuta. Txotxongiloekin ekoizpen kulturalak sortzeak ekartzen du eskari gehiago egotea, jendeak ezagutzen dituelako. Hori lortu dugula esan dezakegu Bidasoaldean: txotxongiloen presentzia handiagoa dago eskualdean». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA