Azkar egiteak ez du irabaztea ziurtatzen. Izan zaitezke lehenengoa makina amatatzen, edo artaziak uzten, baina ez duzu zertan irabazi. Akaso ardiaren ilea ez dago txukun moztuta, edo animaliak zauriren bat du. Ardi moztaileen txapelketa batean irabazle izateko, beraz, txukuntasuna eta bizkortasuna uztartzea da gakoa. Hori argi izan dute gaur Abadiñora (Bizkaia) joan diren ardi moztaileek.
Euskal Herriko lehenengo Ardi Moztaileen Txapelketa egin dute gaur herriko probalekuan. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko eta nazioarteko 42 ardi moztailek —gizon zein emakume— zazpiehun ardiri moztu diete ilea, artaziz eta makinaz. «Txapelketaren helburua da, batetik, hemengo jendeari erakustea ardi mozketa lehiakorra zer den, eta, bestetik, kanpotik etorritakoei erakustea gai garela horrelakoak antolatzeko», adierazi du Joseba Attard elkarteko lehendakariak.
Lehiari dagokionez, Open mailan, artaziekin, Joseba Ugalde lezamarra izan da irabazlea; Open mailan, makinarekin, Llyr Evans galestarra; Senior mailan, makinarekin, Ben Scott irlandarra; Euskal Herriko Txapelketan, artaziekin, Ugalde bera izan da irabazlea; eta makinarekin, Mikel Etxebarria dimoztarra. Azken bi horiek, ziur, Zeelanda Berrian izango dira martxoan, Munduko Txapelketan, euskal selekzioa ordezkatuz —artaziekin eta makinarekin arituko diren beste biak zehaztea falta da—.
Lehenengo lerroan ikusi dituzte goizeko kanporaketak Jone Garai Ibabek eta Arantza Iturbe Bengoak. Izan ere, Garaik ez du galdu nahi semearen txapelketa: «Lehenengo aldia da ikusten dudana, askotan kanpoan lehiatu baita». Antolaketa «bikaina» goraipatu dute bai Garaik bai Iturbek, eta aipatu boluntario askok hartu dutela parte.

Arrazoirik ez zitzaien falta bi emakumeei. Une oro hara eta hona ibili dira hamaika laguntzaile, dena ondo joan zedin ziurtatzeko. Launaka igo dira ardi moztaileak oholtzara. Lagun bana igo da eurekin, ardiak mugitzen laguntzeko. Horrez gain: bost epaile agertokian, mozketa kontrolatzen; lau «artile biltzailei» oholtza azpian, makurtuta, artilea batzen; eta, hori gutxi ez eta, oholtzaren atzeko partean, herritarrentzat ikusezin, beste hainbat epaile, azken emaitza baloratzeko prest.
Pazientzia eta gogoa
Egunak aurrera egin ahala joan da probalekua jendez betetzen. Gurasoekin joan dira Arkarazo Berriozabal ahizpak, Maider eta Mikele. Makinarekin mozten diete ilea ardiei haiek. «Aitak beti moztu izan die ilea ardiei; gero Mikele hasi zen, ahizpa nagusia, eta gero ni», gogoratu du ahizpa gazteak. Aitak artaziak erabiltzen zituen ardiei ilea mozteko aspaldi, baina alabentzat gaurkoa izan da modalitate hori ikusi duten lehenengo aldia. Haien hitzetan, «pazientzia eta gogoa» behar dira ardi moztaile izateko, fisikoki «gogorra» baita.
Fisikoki gogorra dela, hala uste du Joseba Ugalde ardi moztaileak ere, Open mailan eta Euskal Herriko Txapelketan artaziekin txapeldun izan denak. «Prestakuntza fisikoa behar da, baita teknikoa ere». Duela hamasei urte hasi zen ardi moztaile, eta, orain, aukera izango du Euskal Herria Munduko Txapelketan ordezkatzeko. «Berezia» izango da harentzat. «Ez dago hitzik azaltzeko».
Izan ere, Attardek azaldu duenez, 2023an Eskozian jokatutako Munduko Txapelketaren ondoren, ofizialtasuna aitortu zioten Euskal Herriari. Beste urrats handi bat izango da Zeelanda Berrikoa. «Horretarako, finantzaketa behar dugu; espero dugu txapelketa honen bitartez jendea parte hartzera animatzea».