Uda alternatiboa Bilbon

'Veranos en la fábrica' programak zuzeneko musika doan eramango du Deustuko Erriberako Espacio Open gune alternatibora.

Kontzertu bat Espacio Open gunean, otsailean. ESPACIO OPEN
Kontzertu bat Espacio Open gunean, otsailean. ESPACIO OPEN
irene baranano
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako asteburuetan giro alternatiboaz gozatzeko, Veranos en la fábrica programa sortu du Bilboko Espacio Open kulturguneak. Antzinako Artiach lantegiak, Deustuko Erriberan, zuzeneko musika hartuko du dohainik uztailean eta abuztuan: kontzertuak, jam session-ak, gau musikal tematikoak eta bermut musikatuak. Melomanoak ez dira, baina, programazio hori agendan markatuko duten bakarrak, modazaleentzat 500 metro karratu baino gehiagoko bigarren eskuko azoka egongo baita ostiral, larunbat eta igande oro; eta artearen zaleek ere zenbait erakusketa gozatu ahalko dituzte.

Egitarau musikala gaur inauguratuko du Swamp Stringband hirukote bilbotarrak, 21:00etan, country, americana eta bluegrass estiloko abestiekin. Abuztuaren lehen ostiralean ere, tokiko beste talde bat igoko da taula gainera. Espacio Openek, modu horretako egitasmoen bidez, tokiko talde sortu berriak bultzatzea du helburu. «Horrelako talde asko etortzen zaizkigu», kontatu du Laura Fernandezek, Espacio Openeko komunikazio arduradunak. «Bilbon ez dago leku askorik talde txikiek jotzeko aukera eskaintzen dutenik».

Hileko bigarren eta laugarren ostiraletan, Freedom Jam Session inprobisazio saioak izango dira, eta bertaratzen diren artistek instrumentuak jotzeko zein abesteko aukera izango dute. Hilabeteko hirugarren ostiraletan, aldiz, gau tematiko musikalak izango dira, «ostiral random-ak», askotariko ekintzekin: zuzeneko musika, DJak eta saio bereziak. Uztaileko ostiral random-ean, rock klasikoko bertsioak egiten dituen talde batek girotuko du ilunabarra; abuztukoan, magia ikuskizun bat ere egon liteke tartean.

Igandero, gainera, kontzertu akustikoekin girotutako bermut musikalak antolatu dituzte 13:00etatik 15:00etara Espacio Open guneko Jardin Secreto Bilbao tabernaren terrazan. Horrez gain, taberna horrek bazkaltzeko, afaltzeko zein koktelak edo irabiakiak gozatzeko aukera ematen du asteburuero.

Entzumenaz haratago

Modaren zentzumena zorroztu nahi dutenek ere beren tokia aurkituko dute espazio honetan. Uztailean eta abuztuan, urtean zehar bezala, Vintage Bilbaok ateak zabalik edukiko ditu ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan 11:00etatik 20:00etara. Bertan, bigarren eskuko arropa eta osagarriak aurkituko dituzte, garai batean modan egon eta berriz norbaitek harro janzteko zain daudenak. Janzki horiek, gainera, kontsumo jasangarria eta ekonomia zirkularra bultzatzen laguntzen dute, moda lasterraren industriaren kontra egin bitartean; zientziak klima larrialdiaren erantzule nagusietakotzat jotzen du industria hori.

Vintage Bilbao azokaren aurreko edizio bat. OPEN ESPAZIOA
Vintage Bilbao azoka, joan den azaroan. ESPACIO OPEN

Eskaintza osatzeko, gainera, arte egonaldietako artisten proiektuak ikusi ahalko dira Fab Lab Bilbao sorkuntza digitalerako espazioan. Amaitutako lanak eta prozesuan daudenak aurki daitezke bertan; esate baterako, 3D inprimagailu batekin zeramikaz egindako Zorrotzaurreko bizilagunen bustoak, 4 metro inguru garai den inprimagailua bera edo Eduardo Loreto artistak material biodegradagarriz sortutako aulkia.

Auzolanaren abangoardia

Proiektuak hainbat diziplina artistiko biltzen ditu, eta helburu du «Zorrotzaurre auzo postindustriala biziberritzen laguntzea, jendea erakartzea eta artistentzako babesgune izatea», esan du Fernandezek. Itsasadarraren erdian kokatutako Zorrotzaurre uhartea, Bilbo grisaren azken aztarna, berritze prozesuan murgilduta dago, eta Veranos en la fábrica prozesu horren erakusleetako bat da, Espacio Open gunea bera bezala. Urtean zehar, espazioak «harrera ona du, gero eta jende gehiagok ezagutzen du, eta publikoa leiala da», erantsi du Fernandezek. Udako ostiral musikalekin, urte osoko programazioa hedatu nahi izan dute, aisialdi proposamen alternatiboaren bidez, udan eten ez dadin artisten, publikoaren eta espazioaren arteko ekosistema sortzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA